Bizitza politikoaren beroaldiak eta haize-boladak ez dira udarekin amaitu. Egun batetik bestera ekarri eta eramaten ditu haizeak ustez lasaiki hausnartzeko aproposak diren gai poliedrikoak. Komunikabideek zein ohiko beste jardunek berehala irenzten dituzte arazo eta erronka nagusiak direnak, hitz hutsak bihurtzeraino. Egongo da dioenik zerga, itun, erreferendum, gizarte-zerbitzu, autogobernu etabar beste batzuen ardura direla. Badago uste duenik ere egunero gai berri bat plazaratzeak gizarteari bizitazuna dakarkiola.

Andaluzian zerora ekarri da ondarearen gaineko zerga. Presidenteak errazkeri hutsez azaldu du neurri honek biderkatu egingo duela diru-sarrera administrazioan eta, aldi berean, arrazoibide lotsagarriez dei egin die Kataluniako aberatsei Andaluziara gertura daitezen. Galizian ere jeitsi egingo da zerga horren zama eta Madrilen aspalditik dago baztertuta. Gai hau eta beste hainbat piztu-eta-itzalika, badoaz egunak eta asteak zurrunbilo batean.

Erbestean gertatzen denari atentzioa jartzeak ezin du baina izan geurean gertazen denari ihes egiteko aitzakia. Duela astebete Eusko Legebiltzarraren Osokoak izan zuen atentzioa ia ahaztua dago gaur. Legealdiaren erdian – eta zelako erdia! - ongi eta ez hain ongi eginak aukeztu eta datozen bi urteetarako konpromiso eskaintzak-eskariak azaldu ziran. Gure bizitza politikorako erabakiorrak diran gaiek, 3-4 egun ostean apenak dute lekurik titularretan.

Halere, premiazkoa da gaurkotasun osoa duten erronken helburuak eta irizpideak birrintzeko lanei segida ematea. Xehetasunei denbora eman eta eduki estrategikoetan akordio politikoak saiatzea eskatzen du euskal gizartearen gehiengoak. Medio publikatu batzuetan agortutzat eman diren gaiok lerro gutxi batzuk baino gehiago eskatzen dute. Badira gutxienez bost eremu, erronka gisa talde politiko demokratiko guztiek onartu dituztenak. Ez al dute merezi patxadazko begirada bat? Ez al da garaia haize boladak utzi eta egoerari aurpegia emateko?