urtzi iraizoz | txistularia eta konpositorea

“Txistua esperimentazio garaian dago, oraindik dena dago egiteko”

Musika Garaikidearen Jaialdia akitu berritan eta ‘Xendra’ diskoa plazaratzear, musikaria bete-betean murgilduta dago txisturako konposizioaren sorkuntzan

Miren Mindegia Unai Beroiz - Lunes, 10 de Octubre de 2016 - Actualizado a las 06:11h

Urtzi Iraizoz musikaria, Iruñeko Katakrak liburudendan.

Urtzi Iraizoz musikaria, Iruñeko Katakrak liburudendan. (Unai Beroiz)

Galería Noticia

Urtzi Iraizoz musikaria, Iruñeko Katakrak liburudendan.

iruñea- Tradizioari bizkarra eman gabe gauza berritzaileak eskaintzea. Horixe izan da Urtzi Iraizoz (Lesaka, 1983) txistulari eta konpositorearen lema azken urteotan. Haurretan hasi zituen bere musika ikasketak herrian eta Musikenen akitu, Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatoriotik igaro ondoren. Txistua musika garaikidearekin uztartzen du egileak bere konposizioetan, nahiz eta argi daukan tradiziotik eratorritako teknikak ezin direla baztertu. Izan ere, berak erran bezala, txistuak herriari hertsiki lotutako berezko idiosinkrasia dauka, ukatu ezin daitekeena.

Txistuaz erran ohi da afinazio zaileko musika tresna dela. Zein dira konposatzerako garaian dauzkan berezitasunak?

-Txistuaren ezaugarrietako bat bere familia da: esku batekin jotzen den tresna da, bestea libre uzten duena, normalean, danbolin batekin lagun-tzeko. Europa eta mundu mailan oso zabalduta dagoen tresna da, Euskal Herrian dinamika propio bat garatu duena. Bere burua laguntzeko aukera ematen duen tresna da, perkusioa eta musika biak batean uztartzeko. Hori ez da posible beste instrumentuetan. Bestalde, tresna txikia da, beraz, soinu nahiko zorrotzekoa. Bere frekuentzia edo soinua gizakiak oso ondo bereganatzen duen frekuentzia bat da: tinbre oso sarkorra dauka, bolumen askorik behar izan gabe oso eraginkorra dena. Publikora beregana iristeko ahalmen hori dauka, ba-tzuetan garratza ere izan daitekeena, jotzen den erregistroaren edo moduaren arabera. Tradizio handiko instrumentua da, 1980ko hamarkada inguruan kontserbatorioetan sartu zena. Orain bide akademikotik homologa-tzen ari da nolabait, duela 60 urte beste musika tresna askok egin duten bidea urratzen.

Zein da arlo akademiko horretan orain artean egin duen bidea?

-Tresna herrikoia izateak eta maiz bakarka jotzeak, herri bakoitzean txistua modu batera jotzera eraman du. Afinazio aldetik, txistu eta txistulari bakoitzak berezko izaera bat gara-tzen du. Behin kontserbatorioaren munduan sartuta eta beste musika tresnekin uztartzeko, azterketa ba-tzuk egiten hasi ziren barrutik hodia nola manipulatu zitekeen ikusteko eta afinazio aldetik bestelako instrumentuekin parekatzeko. Berriki beste txistu prototipo bat egin da, txistuak zituen afinazio arazoak konpontzen dituena, beste instrumentuekin uztartzea erraztuz. Txistu hori baliteke ez izatea beharrezkoa musika herrikoiaren arloan, baina arlo akademikoan eta beste musika tresnekin bateratzeko beste baliabide batzuk eskaintzen ditu.

Uste duzu txistua plazaren testuingurutik kanpo ikustea zaila suertatu dakiokela jendeari?

-Hasiera batean, posible da hala izatea. Baina guk, Garaikideak elkartetik, bost urte daramatzagu ekintzak egiten eta jaialdi guztietan txistua sartu izan dugu obraren batean edo bestean. Orokorrean ez dugu erantzun txarrik jasotzen jendearen aldetik, publikoak gogo onez hartzen du gauza berritzailea delako, eta txistuak beste bide zidorrak eskaintzen dituela ikusten du, hortik ere abiatu daitekeela. Zorionez, duela 30 urte kontserbatorioetan integratze horrek musikari berriak egotea ekarri du eta gaur egun duela 50 urte aurkitu ezin zitekeen txistulariak badaude, errepertorioa handitu egin da. Txistulari hauek gai dira duela urte batzuk jo ezin izango ziren konposizioak jotzeko.

Txistuaren ikasketa akademian integratzeak ez al du, nolabait, jotzeko modua homogeneizatu?

-Kontserbatorioan asko zaindu dena, eta ez ahaztea garrantzitsua dena, tradizioaren sustraia da. Beraz, homogeneizatu baino gehiago, egoera bakoitzak eskatzen duen lengoaia motara moldatzea da irakatsi dena. Dantza herrikoia jotzen baduzu, estilo horretan jotzea;edo errenazimenduko barroko musika jo nahi baduzu estilo hori gordetzea. Alde horretatik, lehen ez zeukaten polibalentzia daukate egungo txistulariek. Gaur plazan jo dezakezu, bihar folk jaialdi batean eta hurrengoan musika garaikideko obra bat estrenatzen egon zaitezke. Hizkuntza desberdinak dira.

Berriki Xendra diskoa grabatu duzue, musika garaikideko konposizio desberdinekin. Azpitituluan zera irakurri daiteke: Txisturako musika berria. Nola definituko zenuke musika berri hori?

-Txistuaren inguruan, mende honen hasieran sorkuntza berria bultzatzen zuten elkarte batzuk sortu ziren eta denborarekin gehiago sortzen joan dira. Urte hauetan partitura asko eta obra asko sortu direla ikusi dugu, baina argitalpen gutxi. Lau edo bost disko besterik ezin dira aurkitu oraingoz. Gure aldetik, adibidez, egin ditugun obretako gehienak interneten daude, baina gehienak zuzeneko grabazioak dira, horrek dakarrenarekin: akats txikiak eta grabatzeko modu ez profesionala. Hartara, ongi grabatutako bilduma bat egin nahi izan dugu. Ez da txisturako musika berri bakarra, noski, baina bada txisturako musika berri bat, gaur egun sortzen dena. Txistuaren aurpegi berri horren erakuslea da. Izenburuaren harira, xendra edo bide desberdinak proposa-tzen dira bertan: batzuk lauagoak, errazagoak;eta besteak malkartsuagoak.

Txisturako konposizioaren arloan bide luzea dago egiteko, beraz. Zein puntutaraino esperimentatuta daiteke oraindik?

-Dena dago egiteko eta oso ona da hori. Esperimentazio garaia da, gauza batzuk denboraren galbaea pasako dute eta beste batzuk hortxe geratuko dira, baina kontua gauzak egitea da. Gauza berri asko dago egiteko, bai txistuaren aldetik bai danbolinaren aldetik ere. Gaur egun dexente lantzen ari den ildo bat danbolina perkusiozko set batengatik ordezkatzea da: larruzko tresnak, egurrezkoak... konbinazio oso potenteak egin daitezke. Txistua jotzeko moduan ere teknika berriak agertzen ari dira, soinu eta efektuei dagokienez. Alde horretatik, tradiziotik asko hartu daitekeela ikusi dugu, lehengo txistularien tekniketako asko berreskuratu daitezkeela gauza berriak sortzeko. Lan oso sakona eta mardula egin daiteke.

Berritzailea izan arren, zure konposizioek aunitz daukate tradiziotik, ezta?

-Bai, azken batean instrumentuak asko markatzen du. Txistua ez da zulo batzuk dituen hodi soil bat. Errepertorio, zama eta idiosinkrasia bat darama, baita besteekin erlazionatzeko moduan ere. Txistularia bazara kalean gehiago ibiliko zara, pianojolea bazara bakarrik jotzea gehiagotan tokatuko zaizu... Tresna bakoitzak gauza asko dauzka atzean. Txistuak altxor handi bat dauka alde horretatik: tradizioa. Sortzeko garaian, tradizioa iturri hain emankorra izanda, ez zait okurritzen bazterrean uztea. Uste dut berrinterpretatu daitekeela, berritu daitekeela, sartu daitezkeela erritmo berriak eta tradizioaren baliabideak. Badago nondik heldu.

Txistularien artean zein izan ohi da jarrera, berritze horren aurrean?

-Txistulariok nahiko izaera eskizofrenikoa daukagu hein batean, izan ere, egoera desberdinetan mugitzera ohituta gaude. Plazan jo, klaseak eman, dantza taldearekin jo, kontzertu bat eskaini edo musika garaikideko konposizio bat sortu. Eremu desberdinetan mugitzeko gaitasuna daukagu. Ez da banderizoen istoriorik oraingoz eta ez dugu nahiko giharrik horrelakoetan banatzeko. Txistulariek eta txistuzaleek jakin dezatela errepertorioa aberasten duten gauza desberdinak badaudela, gero eta gehiago gainera.

Beste musika genero komertzialagoen baitan ikustera iritsiko al gara? Rock talde batean, adibidez?

-Egin izan dira saiakera dexente, eta belaunaldi berriko txistulariek ziur nago aukera gehiago eskainiko dituztela. Hori bai, oso ondo tratatu beharra da, soinu zorrotzekoa delako, eta musika komertziala oso margina murritzetan mugitzen da. Etorkizuna ikusten diot, zalantzarik gabe.

las claves

‘Xendrak. Txisturako musika berria’ diskoa. Crowdfunding kanpaina baten bitartez urte hasieran grabatutako lana laster argitaratuko da. Bertan, Iraizozek hainbat urtetako jardunean konposatutako bederatzi lan biltzen dira: ganbera musikazko zortzi lan eta txistu bakarlariarentzako bat. Egileak kontatu bezala, bertan txistua hainbat musika tresnekin uztartzen da, besteak beste, marinba, pianoa eta akordeoia.

Kontzertuak, laster. Disko honen argitalpenaren harira, azaroaren bukaera aldera Iruñerrian kontzertu bat eskainiko dela iragarri zuen Iraizozek, nahiz eta oraindik data eta lekua zehazteko dagoen.

Últimas Noticias Multimedia