Euskararen egoera aztertzeko gogoeta egingo dute Deban

Zuhatza elkarteak herritarren partaidetzari irekitako hiru saio antolatu ditu

Jabi Leon - Sábado, 15 de Octubre de 2016 - Actualizado a las 06:12h

Hainbat herritar Zuhatza elkarteak antolatutako bertso jaialdi batean.

Hainbat herritar Zuhatza elkarteak antolatutako bertso jaialdi batean. (Argazkia: Zuhatza )

Galería Noticia

Hainbat herritar Zuhatza elkarteak antolatutako bertso jaialdi batean.

deba- Debako hainbat euskaltzalek Zuhatza Euskara elkartea sortu zuten orain dela 18 bat urte. Ordutik euskararen aldeko ehunka ekintza eta jarduera burutu dira herrian eta dagoeneko euskarak badu bere lekua Deban antolatzen diren ekitaldi eta egitasmo gehienetan. Hala ere, Zuhatza elkarteko lagunek beren kezka azaldu dute euskarak herrian bizi duen osasunarekin, eta bereziki, “euskararen erabileraz”.

Horregatik, Euskara elkarteak gogoeta prozesua garatuko du datozen asteotan, “euskararen egoera zein den aztertu eta Debako euskararen etorkizunaz berriro hausnarketa kolektiboa egiteko”.

Prozesu hori aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa da herritarren partaidetza eta horregatik Zuhatza elkarteko kideek debar guztiak gonbidatu nahi dituzte hilaren 22tik aurrera egingo den hausnarketan parte hartzeko. Guztira hiru saio burutuko dira gogoeta prozesua gauzatzeko. Denak 10.00etatik 13.00etara bitartean egingo dira Agirre jauregian eta parte hartzeko interesa duten herritar guztiek dagoeneko eman dezakete izena. Horretarako Euskara elkartearen 943 191 383 telefono zenbakira dei egin edo koordinatzailea@zuhatza.com helbide elektronikora idatz dezakete.

Zuhatzatik aurreratu dutenez, saio horiekin “gaur egun euskarak eta euskalgintzak herrian bizi duten egoera aztertu nahi dugu, etorkizuneko helburu eta erronkak definitu ahal izateko”.

Beraz, elkarteak “nondik gatozen, nola eragin dugun, non gauden, nora eta nola joan nahi dugun” adostu nahi du, nola ez, herriko euskaltzale guztien partaidetzarekin.

saio irekiak Euskarak Deban duen egoera aztertzeko prozesuaren lehen saioa hilaren 22an egingo da. Egun horretan “prozesuaren aurkezpenarekin batera, euskararen diagnostikoa eta etorkizuna irudikatuko dira”.

Bigarren saioa azaroaren 5ean izango da eta egun horretan Zuhatzak bere egitasmoak aurkeztuko ditu. Era berean euskara elkarteak bere lan ildoak lehenetsiko ditu.

Prozesuari amaiera emateko antolatutako azken saioa azaroaren 19an burutuko da. Batzar horretan “ekintzak zehaztu eta nola antolatu” erabakiko da. Horrela bada, Deban euskararen erabilera handitzeko helburuarekin bat egiten duten herritarrek badute datozen asteotan beren tanta jartzeko aukera.

Últimas Noticias Multimedia