la carta del día

Gehiago aldatu

Domingo, 16 de Octubre de 2016 - Actualizado a las 06:09h

Goizez jaiki eta den-dena berdin ikusten dudanean, begiak igurzten ditut, badaezpada ez ote dudan ene burua ere bereizten.

UPNk egiten ez duena, egunero jaiki arren, dirudienez, mundu osoa berdin atzematen. Nafar gobernua eta pisuko udal guztiak galdu zituenetik, alderrai dabil, haztamuka, dena ilun ikusten, bere burua ere ilun. Horrela ematen du, behintzat, etengabe dabilenean eskatzen gobernu eta alkate berriek konpon ditzatela aurreko urteetan UPNk berak hartu zituen neurrien ondorioak. Bitxia ere bada, baina bistan dena, ez du orain begi onez ikusten aurreko urteetako bere politika. Eta kontua ez da oposiziotik zertxobait ikasi eta bere aurreko politikaz damu dabilela, baizik eta uste duela bereak ez diren gobernu guztiei gaitz guztiak leporatu behar dizkiela, berak ezarri eta ekarri zituenak barne. Ez daki eta jarraitzen du ikasi gabe nola egiten den oposizioa. Harritzekoa ez dena, hainbertze urtetan gobernuan ibili ondoren, baina edonola ere patetiko suertatzen dena. Gogoeta sendoak egin behar ditu oraindik horretan ikasteko.

Ez bakarrik UPNk. Mugimendu sozialak ere (sindikalak, kulturalak, profesionalak barne), ba-tzuk bai behintzat, egoera berrira egokitzen jakin gabe dabiltza. Berauek ere goizez jaikitzean den-dena berdin ikusten jarrai-tzen, eta ezgai begiak igurzteko begirada doitze aldera. Deus ere ez omen da aldatu, eta ezertan ere ez euren lan moldeak.

Mugimendu sozial bakoitzak badu joera bere betaurrekoekin mundu osoari so egiteko: bere arloko gauzak konpondu ostean bakarrik konponduko dira gero, per se, bertze arloetako arazo guztiak. Ikuspegi monolitikoa: bakoitzaren arloari ez bazaio ematen merezi duen garrantzia (garrantzia estrategikoa betiere, nola ez?), den-denak berdin jarraitzen du, hau ez da aldakuntzarik, jo eta ke bakoitzak nahikoak ikusten ez dituen aldakuntza saioak ito arte.

Mugimendu sozialak, beti, par-tzialak dira. Garrantzizkoak askotan, bertzela ez lukete gaitasunik izanen auto-antolatu eta indartzeko, eta papera erreibindikatzailea bete behar dute, bi bidetatik funtsean: erreibindikazio/kontzientziazioa batetik, saio eraikitzaileak gauzatzen bertzetik. Baina arazo guztien parte baizik ez direla oharturik betiere.

Eta oharturik, orobat, euren estrategia eta taktikek ez dutela berdin izan behar gobernu mota baten edo bertze baten aurrean. Erreibindikazioak beti tente, dudarik ez, gobernu mota guztien aurrean, saiakera eraikitzaile autonomoak beti martxan gobernu mota guztien aurrean. Baina bide berriak ireki ohi dira gobernu aurrerakoiekin, itxirik egon ohi direnak kontserbadoreekin. Eta egutegiak eta bide-orriak planteatu ohi dira gobernu aurrekoiekin, ez egutegirik ez bide-orririk, kontserbadoreekin.

Egutegi eta bide-orri parte har-tzaileak. Eta honek eskatzen ditu hain zuzen lan moldeen aldakuntzak ere, horren inguruko gogoeta berriak, hainbat mugimendu sozialek, UPNk bere kontuetan bezala, oraindik ere egiteke dituztenak.

Aldakuntza bide-orriak aldakuntzaren aldekoon aldakuntza ere eskatzen du.

Últimas Noticias Multimedia