Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Lesakako Tantirumairu Ikastolak antolatuko du Nafarroa Oinez 2017

Lesakarrek Nafarroa Oinezaren lekukoa jaso zuten atzo Ibaialde eta Erentzun ikastolen eskutik

Lunes, 17 de Octubre de 2016 - Actualizado a las 06:08h

viana- Nafarroa Oinezaren soka luzeari urtebetez tiraka aritu ondoren, txanda pasatzeko unea iritsi zen atzokoan. Hala, Erentzun eta Ibaialde ikastolek, datorren urteko Oinezaren antolatzailea izanen den Lesakako Tantirumairu Ikastolaren eskuetan jarri zuten lekukoa. Lesakako ikastolakoek, Amaia Lasheras lehendakariak eta Aitor Irazoki zuzendariak, txalo artean jaso zuten ardura aurtengo antolatzaileen eskuetatik, eguerdian Erentzun Ikastolaren atarian ospatutako ekitaldi hunkigarri batean.

Irazokik erran bezala, lesakarren-tzat “ohore handia” izanen da 2017ko Nafarroa Oineza antolatzea: “Ikastolen eta euskararen aldeko auzolan erraldoia izanen da”, azpimarratu zuen. Ilusio handiarekin jaso dute lekukoa lesakarrek. “Badakigu erronka handia dela baina tamaina horretako ilusioarekin hartzen dugu ardura. Denon artean, soka hartu eta tiratu eginen dugula ziur gaude”. Lasherasek, bere aldetik, urtebetez egindako lana eskertu zien Ibaialde eta Erentzuni, lortutako emaitzagatik ere zorionduz.

Aurtengo antolatzaileentzat ere “ohorea izan da lekukoa esku-artean edukitzea”, ekitaldian azpimarratu zutenez. “Urtebetez arduraz, goxotasunez, harrotasunez, ohorez, Nafarroako Ikastoletako lekukoa gurea egin dugu. Elkartu gaitu, sendotu gaitu eta gure seme-alabentzat aukeratu dugun ikastolako ereduaren alde lan egiteaz harro sentiarazi gaitu”. Erentzun Ikastolako eta Ibaialde Ikastolako lehendakariak eta zuzendariak izan ziren lekukoa Lesakako Ikastolari pasatzearen arduradunak.

Bigarren Oineza lesakarren-tzat, 28 urteren ondoren Lesakarrek 1989ko urriaren 9an ospatu zuten euren lehenengo eta azken Nafarroa Oineza, Euskaraz bizi, euskaraz hezi lelopean. Hainbat urtez legeztatu gabe egon ondoren, ordura arteko egoitzak ez zituelako beharrezko baldintzak betetzen, urte hartako bestaren irabaziekin ikastetxe berria irekitzea ahalbidetu zen.

1974an sortu zen ikastola, 7 ikasle eta irakasle batekin. Euskal Herriko bertze hainbat herritan bezala, guraso eta laguntzaile talde baten ekimenez sortu zen, irakaskuntza euskaraz bermatzeko xedearekin. 1991eko otsailaren 17an, Otxogorrienea, ikastolaren egoitza berriaren berriaren inaugurazio besta egin zen. Nafarroako Gobernuak urte horretan bertan legeztatu zuen ikastola, 1991ko ekainean.

1999-2000 ikasturtean, 25. urteurrena ospatu zuen Tantirumairuk Ikastolak. Ikasturte osoan, hainbat ekitaldi egin ziren: hitzaldiak, argazki erakusketa, jaialdiak... eta 25 urte horiek biltzen zituen liburuxka eta CDa argitaratu ziren.

Gaur egun, ehun eta hamabost irakasle ditu, zortzi irakasle tutoreak direnak eta, horretaz gain, espezialistak: ingeleseko irakasleak, orientatzailea, logopeda eta musikako irakaslea. Euren hezikuntza proiektuak derrigorrezko hiru zikloak hartzen ditu: Haur Hezkun-tza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza. - M.M.