Soto eta Terreros, finalaurrekoetara

Bertsolariak, asteburuan jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan nagusitu ziren

Martes, 21 de Febrero de 2017 - Actualizado a las 06:09h

iruñea- Julio Soto eta Xabier Terreros zuzenean pasatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketa finalaurrekoetara, asteburuan jokatutako final-laurdenetan nagusitu ondoren. Sotok larunbatean lortu zuen garaipena, Tafallako Kulturgunean, txapelketari hasiera eman zion saioan;eta Terrerosek igandean Auritzen ospatutakoan lortu zuen berea. Biak ala biak finalerako aipatzen diren izenen artean kokatzen dira, aurreko edizioan hurrenez hurren txapeldun eta txapeldunorde izan ondoren.

Tafallako saioa giro onean ospatu zen larunbatean. 150 bertsozale inguru bildu ziren Kulturgunean, Soto, Iñigo Olaetxea, Kotte Plaza, Mikel Lasarte, Iban Garro eta Sahats Aleman bertsolarien saioaz goza-tzera. Alemanentzat lehen txapelketa da aurtengoa. Alaitz Rekondok gidatutako saio puntuagarriaren ondoren, Sotok eskuratu zuen puntu gehien (343,5) eta, hortaz, martxoaren 18an Beran jokatuko den lehen finalaurrekora pasako da zuzenean. Haren atzetik sailkatu ziren Iñigo Olaetxea, Kotte Plaza, Mikel Lasarte, Iban Garro eta Sahats Aleman. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera.

Igandean ospatu zen bigarren final-laurdena, Auritzeko Kultur Etxean. Bertan, Terrerosekin batera, Saioa Alkaiza, Ioar Tainta, Alazne Untxalo, Patxi Castillo eta Joana Ziganda aritu ziren. Lehen parte hartzea izan du txapelketan Zigandak. Iker Mundiñano aritu zen gai-jartzaile zereginetan eta, saio puntugarriaren ondoren, Xabier Terrerosek eskuratu zituen puntu gehien (321,5), martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den bigarren finalaurrekorako txartela eskuratuz. Haren atzetik sailkatu ziren Saioa Alkaiza, Patxi Castillo, Alazne Untxalo, Ioar Tainta eta Joana Ziganda. Bost bertsolari hauek ere gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko.

Hurrengo igandean, otsailak 26, jarraituko du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Lakuntzako Kultur Etxean jokatuko da hirugarren final-laurdena, 17:30ean, eta bertan ariko dira Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu eta Joanes Illarregi. - M.M.P.

Últimas Noticias Multimedia