Erripan gora

Txugarimak hirian hegan

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 12 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:08h

Galería Noticia

Martxoko eguzkia ez dela fidagarria erraten digute esaera zahar guztiek, eta horixe bera erran nahi du Mariano Izeta baztandar prestuari aspaldi-aspaldian ikasitako erranairuak: martxo martxanta, larru tratanta. Lehen aldiz entzutean, eta hirikumeon aurpegi harrituari erreparatuta, berehala argitu zigun martxoko eguzkia ikusita, artzainak artaldea atera zuela mendira, baina gero, hotz handiak buru guztiak hil, eta horregatik, artzainak ardi larruak saldu behar izan zituela;hortik heldu da “larru tratanta” hori.

Azken egunotako eguraldi beroarekin batera oroitu naiz esaeraz, bidenabar hiri barruko izadia nola iratzarri den miretsita, euli kaparrak barne (zoriona inoiz ez baita osoa izaten). Izan ere, halako batean, ohartzen zara Arga bazterreko sahatsak hostatu direla. Duela hamar bat egun izan omen zen, eta are lehentxeago, Takonerako zuhaitz batek atera omen zituen hostoak. Arga ertzeko ibiltariak beti erne. Haiengandik, halaber, ikasiko duzu aste honetan gariak ederki hazi direla Iruñerrian, eta alorrak mardultzen hasi direla, eta ikasi ere, ez dela lan eskasik Magdalenako baratze emankorretan. Pareko zelaian ere, gustura daude etzanda Goñi Etxeko zaldi, behor, zaldiko eta behokak.

Paseatzaileen solasgai nagusia ortziraleko lurraren ikara izanagatik ere, zeruan dute beti begi bat pausatua, eta “Hara! Txugarimak hegan”. Eta han, zeru zabalean gora, zuk nekez bereizten duzun hegazti saldo hartan, bertzeek usoaren tamainako hegazti zuri-berdeak dakuskite, gandor beltzak eta zangaluzeak. “Iparrerantz doaz kontrapasan. Lehengoan ere sekulako txugarima taldea agertu zen Lotzako aintziran, baina eguraldi ona ikusita, bideari jarraitu zioten, gehiegi pausatu gabe”. Nolanahi den, txugarimak hiritik hurbil ibiltzeak erran nahi omen du elurra Iruñeko harresietatik ikusiko dugula datozen egunotan.