Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Talaieroa

Herri bat tipi-tapa korrika!

Erramun Osa - 2017(e)ko martxoaren 28a, asteartea - 06:10etan eguneratua

BI urtean behin euskararen lurraldeak zeharkatzen ditu, hizkuntza bat dugula, hiztun-elkarte bera osatzen dugula nabarmen utziz. Elkarri bostekoa ematen diogu euskararen aldeko ekimen honetan. Lekukoa eskuz esku joaten da euskararen biziberritzea guztion zeregina kolektiboa dela, gu guztiok behar gaituela nabarmentzeko... euskara, hizkuntza bat ez baita ezer ni eta zu gabe, hizkuntzak behar baititugu bidaide gure iragana eta oraina kontatu, etorkizuna, desirak, pentsamenduak... nahigabeak zein pozak adieraziko baditugu! Euskarak gu behar gaitu, guk behar dugun bezala... izango bagara!

Askotarikoa den lurraldea zeharkatuko du, borondateak, askotarikoa den gizarte hau josten saiatuz, euskararen mundua askotarikoa baita, gutxienez gure gizartea den bezainbestekoa... eta ekimenean, tropelean parte hartuko dugun guztiok multzo hori ahalik zabalena, erosoen gertatzeko ahalegina egin dezagun, ekimenaren arrakasta horren baitan egongo da eta. Euskara denona eta denontzat dela sinesten badugu egin dezagun euskararen lurraldea pentsamendu, iragan eta egitasmo desberdinak dituztenentzako aterpe segurua. Gure iraganak eta orainak segida eta etorkizuna izan dezaten!

Ez dezagun baliatu euskararen aldeko ekimen hau bestelako aldarrikapenetarako, halakoak egin nahi dituenak baititu urtean zehar egun ugari. Nahi duenak erreibindikatu dezan nahi duena, beharrezko iristen zaion guztia propio deituriko ekimenen bidez eta bidenabar antolatzaileei, AEKri zor zaion begirunea gorde diezaiogun. Ohar gaitezen memento garrantzitsuan gaudena, inoizko aukera hoberena dugula gure artean hamarkadetan piztu den eta aurrera egiten zaildu digun mesfidantza elkarlan eragingarri bilakatzen hasteko. EAEn, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian aldaketak gertatzen ari dira... dezakeguna egin dezagun aldaketa horiek bide luzea egiteko modua izan dezaten, iraganari begira daudenei aitzakiarik eman gabe.

Nik eta zuk, den-denok pentsa dezagun zer egin dezakegun gure hizkuntzaren alde, familian, elkarteetan, aisialdian, herri erakundeetan, komunikabideetan eta abar. Ahalegin horrek efektu biderkatzailea izango duela segurua baita, bide batez euskararen zorua indartuz, erabilera areagotuz eta are erakargarriago bihurtuz, euskarak eskuratzen zailak dituen borondateak eta eremuak irabaziz.

Gure herrian beti izan dugu gauzak egiteko estilo bat, dena ez dugu utzi erakundeetan ari direnen esku, ez eta aldekoak izan ditugunean ere... eta gizartearen parte hartzea bilatu dugu garrantzitsuak iruditu zaizkigun gaietan, ez inoren kontra egiteko, urrunago joan ahal izateko baizik. Auzolana izan dugu iraganean, gure kultura eta hizkuntza zokoratu zituztenean, azaleratzeko ongarri emankor... ikastolak, komunikabideak, kulturaren eraberritzea, argitalpenak, euskaltegiak... ni eta zu, gu gelditzerik ez dago elkarri bostekoa ematen badiogu, desberdintasunen gainetik lanean, auzolanean jarduten badugu.