Zirrikituetatik begira

Zentsura mozioak

Rikardo Arregi - 2017(e)ko ekainaren 15a, osteguna - 11:36etan eguneratua

Podemos oraintxe bertan (astearte goiza da lerrook idazten ditudanean) Espainiako parlamentuan aurkezten ari den zentsura mozioak nostalgiaz bete nau, nostalgia gozoz esan beharko nuke, gogoa (ez, tamalez, gorputza) 1980ko maiatzaren azken egunetara joan baitzait nahi gabe alaitasunez. Azterketa garaia zen eta atarian bertan parez pare bizi ziren lagunen etxera joateko ohitura genuen gure etxekook bertan egurrezko mahai handi baten inguruan ikastera. Irratia piztuta, zentsura mozio hura osorik entzun genuen liburuen artean. Ez dut gogoan zer ari nintzen ikasten zehazki eta irratitik iristen ziren mezuak lausoki gogoratzen ditut. Lagunen arteko begirada konplizeak etor-tzen zaizkit orain batez ere, irribarreak, eztabaidak, mespretxuzko keinuak Suárezek edo Fragak hitz egiten zutenean, Felipe Gonzálezi buruz genuen iritzi pobrea, Carrillo, noski, eta nola egon ginen Fernando Sagaseta kanariarraren zain. Uste dut garaiko alderdi abertzaleek-edo ez zutela parte hartu. Guztiok genekien zentsura mozio hark ez zuela aurrera egingo baina, hala ere, botazioen unea iritsi zenean isilik gelditu ginen ez dakit zeren esperoan. Felipe Gonzálezi buruz genuen iritzia pobrea baldin bazen, geroago santutu egin zen trantsizio horretaz genuena miserablea zen.

Beraz, ez dut ulertzen Podemosi egiten zaion kritika, mozio zentsuraren ahalegina hutsala dela dioena, ez dutela gehiengorik lortuko, alferrikakoa dela dena, estrategiaren eta taktikaren jokua baino ez dela, sozialistei protagonismoa kentzeko amarrua, publizitatea. Horrela izango da ziur aski, baina alderdi politiko guztiek dituzte taktikak eta estrategiak helburuak lortzeko eta, garrantzitsuagoa dena, nire ustez ez dago inoiz alferrikako ahaleginik. Gutxi lortuko dela jakinda ere, ahaleginak beti merezi du;ahalegina beti da duina eta dotorea. Ahaleginaren kontrakoa etsipena da, eta etsipenerako beti dago denbora: etsipena beti atzera daiteke pixka bat, apur bat, iritsi behar bada, iritsiko da, baina ez dezagun nahita bila. Gaztetu egiten nau zentsura mozioak.

Últimas Noticias Multimedia