Iraultzak ‘Urdiaingo kantaia’ eskainiko du bihar Errenterian

Dantza taldea 1995 urtetik Herriko enparantzan ohitura zahar hau berreskuratzeaz arduratu da

2017(e)ko ekainaren 22a, osteguna - 06:03etan eguneratua

Errenteria- Aurten beste behin ere, Errenterian ohitura bilakatu den Urdiaingo kantaia egingo du Iraultza dantza taldeak San Juan bezperan. Urtero legez, iluntzeko 22.00etan Herriko enparantzan udako solstizioari ongietorria emango diote ekitaldi honekin.

“Gure arbasoek egin ohi zuten kantaia egingo dugu. Gure arbasoen jakituriari erreparatu eta, badaezpada ere, uzta eta eguraldi ona ziurtatuko ditugu”, adierazi dute taldekideek.

Gogorazi dutenez, Urdiaingo (Nafarroa) emakumeek jantzi bereziak soinean, bigarren gona burura lotu, eta soilik aurpegia bistan utzita borobila osatzen zuten eskuetatik lotuta. Ondoren, 29 bertso dituen San Juan Gaueko Kantua abesten zuten, eskuekin erritmoa jarraituta. Kantuaren letran San Juan gaua, natura eta erlijioa aipatzen dira.

Enara Pérezek eta Jon Escribanok botako dute Pasai Donibaneko San Juan jaien txupinazoa bihar 19.30ean

Emakumeek urtero egiten zuten kantaia San Juan bezperan, udako solstizioaren atarian, urte osorako uzta oparoak ziurtatu eta eguraldia ona izan zedin. Horretarako, amaieran konjuroa botatzen zuten: “Orain arte belar hemendik aurrera gari”.

Jose Mari Satrustegi etnografoak berreskuratu zuen ohitura hau. Iraultza dantza taldeari irakatsi eta 1995 urteaz geroztik, urtero egin dute Errenteriako Herriko enparantzan.

Pasai AntxoUdako solstizioari ongietorria emango diote ere bihar Pasai Antxon, Urdiango eta Alpargata dantzekin. Urtero bezala, Alkartasuna euskal dantza taldea arduratuko da ekitaldi honetaz, eta suaren bueltan dantzan egingo diote harrera. Ez dute ordea, bakarrik egin nahi, herritarrek ere parte hartzea nahi dute. Horretarako aste honetan, bi entsegu antolatu zituzten azokan.

Bestalde, bihar ere, Donibanen jaiak hasiko dira 19.30ean Enara Pérezek eta Jon Escribanok botako duten txupinazoarekin. - A.M.