Urola Kostako EH Bilduk, enplegu duina bultzatzen

2017(e)ko uztailaren 4a, asteartea - 06:03etan eguneratua

Zarautz- Urola Kostako EH Bilduk enplegu duin eta egonkorra bultza-tzeko neurriak proposatu dizkio Udal Elkarteari. Haien esanetan, proposatutako neurriek “enplegu duina eta egonkorra bultzatu eta emakumeen laneratzea laguntzeaz gain, enpresa berriak gure eskualdean kokatzeko pizgarri bat izatea bilatzen dute”.

“Urola Kostako Udal Elkartean aurrekontuetan akordioa lortu genuen EAJk eta EH Bilduk. Adostutako neurrien artean, besteak beste, lan egonkortasuna bultzatzeko diru-laguntzak zeuden. Diru-laguntza horien lanketan ari gara orain eta aurkeztutako zirriborroari hainbat ekarpen egin dizkiogu, uste dugulako lana sustatu eta egonkortzeko behar-beharrezkoak direla aldaketa hauek”, azaldu dute EH Bildutik.

Batetik, oinarri horietan proposa-tzen den diru-laguntzaren zenbatekoa 200.000 eurotik 280.000 eurora igo-tzea eskatzen dute igoera hori enplegu sustapenera bideratzeko. Bestetik, enplegu sustapena bultzatu nahi duen diru-laguntzen bigarren lerro horretan kontratuen iraupena aldatzea eskatzen dute. “Uste dugu lana egonkortzeko gutxienez urtebeteko kontratuak izan behar dutela, eta ez sei hilabetekoak”, argudiatu dute.

Bestalde, jarduera ekonomiko berrien sustapenerako diru-laguntzei dagokienez, onartutako eskaeren oinarria 1.000 eurokoa izatea proposatzen dute, eta gehigarrietan aldaketa bat egiten dute: “Sustatzaileen edo bazkideen erdia gutxienez emakumeak baldin badira, 50 euro gehitu beharrean, 100 euro gehitzea, hain zuzen”. - A.R.

Últimas Noticias Multimedia