Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Osasun Publikoak 4.300 ikuskapen egin zituen 2016an elikagai-industria eta establezimenduetan kontsumitzailearen segurtasuna bermatzeko

Kontrol horiez gain, biztanleek kontuz ibili behar dute elikagaiak prestatzean eta kontsumitzean

navarra.es - Jueves, 10 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 18:17h

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 4.298 ikuskapen egin zituen 2016an elikagai establezimendu eta industrietan. Bestalde, 2.056 elikagai-lagin aztertu ziren, eta horren ondorioz, 84 zehapen-espediente hasi eta 29 ohartarazpen egin ziren neurri zuzentzaileak hartzeko.

Kontrol horietan, Europako eta Estatuko arautegietan ezarritako elikagaien higiene-baldintzak betetzen diren aztertzen da. Horrez gain, Nafarroan hildako animalia guztiei osasun-kontrolak egiten zaizkie, ekoizten direnetik mahaira heltzen diren arte, hiltegietan egindako kontrolak barne.

Elikagaien segurtasuna kontrolatzeko sistema horrek, biztanleei informazioa ematen eta babesten laguntzen du, elikagaiekin zerikusia duten arrisku saihesgarriei aurre egiteko. bestalde, seguruak ez diren elikagaiak elikakatetik kentzen ditu. Horretarako, Europako eta Estatuko alerta-sareak 212 jakinarazpen igorri ditu, 3, Foru Komunitatean. Horrez gain, 32tan, zenbait elikagai komertzializaziotik kendu dituzte 345 establezimendu eta industrietatik.

Bestalde, zaintza-lan horri Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendaritza nagusiak egindakoa gehitu behar zaio, elikagaien lehen mailako ekoizpena eta kalitate bereizia kontrolatzeaz arduratu delako.

Hala ere, kontsumitzailea higiene-jarduera zuzenen protagonista nagusia da elikakatearen fase terminalean, eta oso garrantzitsua da, erosteko aukeran eta elikatzeko ohituretan, elikakatearen aurreko faseetan lortutako kaltegabetasun-bermeei eta mailari eusten laguntzea. Zentzu horretan, gogoratu behar dugu ezinbestekoa dela elikagaien etiketetan agertzen den informazioa arretaz irakurtzea. Nutrizioari buruzko informazio horri esker, dieta osasungarria egin dezakegu, eta zorrozki jarraitu behar diegu kontserbazio-baldintzei, iraungitze-datei buruzko jarraibideei;baina nola egiten den azaltzen duten jarraibideei ere. Pertsona alergikoek elikagaietan alergenoak egon daitezkeela kontuan hartu behar dute.

Kontrolak hiltegietan

Gaur egun 13 hiltegi daude Nafarroan. Haietako bakoitzean ikuskapen-zerbitzu iraunkorra dago funtzionatzen duten aldietan, animalien ongizateari, kanalen higiene-prozesatzeari (elikagaien gorpuak, triparik eta gainerako hondakinik gabe) eta haragiak kontsumitzeko gaitasunari buruzko Europako arautegiak betetzen dituztela bermatzeko beharrezkoak diren kontrolak egiteko helburuarekin.

2016. urtean hauxe izan zen Nafarroan kontrolatutako giza kontsumorako bideratutako animalia kopurua: 60.515.586 hegazti, 2.208.048 untxi eta 17.636 behi-kanal, 354.747 ardi eta ahuntz kanal, 276.999 txerri kanal, 12.791 zaldi eta orein eta plazako zezen kanal. Giza kontsumorako gai ez ziren animaliak konfiskatu zituzten. Horrela, iaz, 162.664 hegazti, 9.921 untxi, 572 ardi eta ahuntz kanal, 337 txerri kanal, 117 zaldi-kanal eta 45 behi-kanal kendu zituzten.

Elikagai bidezko 870 toxiinfekzio 2017ko lehen seihilekoan

2017ko urtarrilaren 1etik uztailaren 2ra elikagaien bidez kutsatutako 870 gaixotasun-kasu izan ziren Nafarroan, aurreko bi urteetako aldi berean izandakoen antzera (878 2015ean eta 798 2016an).

Bestalde, 2016an 17 epidemia-agerraldi aitortu eta ikertu ziren. Salmonella izan zen agerraldirik gehien eragin zituen mikroorganismoa: sei kasutan isolatu ziren;gaizki kontserbatutako arraina hartzeak hiru agerraldi eragin zituen, histaminarengatik. Bat norobirusak eragin zuen, bi, perretxiko toxikoengatik, eta beste bat, toxina estafilokozikoa zuen elikagaiak hartzeagatik. Lau kasutan ezin izan zen zehaztu zer eragilek eragin zuen. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera, azken urteetan agerraldiak eragindakoen kopurua jaisteko eta etxeko agerraldiak handitzeko joera antzematen da, eta jatetxe kolektiboetan kutsatutako elikagaien kontsumoarengatik gertatzen direnak txikiagotzeko.

Hauek dira, ordena honetan, maiztasun handiagoarekin agertzeko eragiten duten faktoreak: elikagaien hozte desegokia, gaizki manipulatzea, kutsatuta dauden elikagai gordinak kontsumitzea, gehiegizko aurrerapenarekin prestatzea, azalerak eta tresnak nahikoa ez garbitzea, kutsadura gurutzatua eta nahikoa edo desegoki prestatzea. Elikagaien bideez transmititzen diren gaixotasunak, "elikagaien toxiinfekzioak" gisa ere ezagunak direnak, agente biologikoekin edo beraien toxinekin kutsatutako elikagaien kontsumoarengatik gertatzen direnak dira. Prozesu hauek zenbait bakterio, birus edo parasito (infekzio) jateagatik gertatzen dira, edo bakterioek sortzen dituzten eta aurretik elikagaian sortu diren toxinak hartzeagatik. Gaixotasun horietako asko pertsonen artean ere transmititzen dira, normalean eskuen higiene eskasarengatik eta kutsatutako gainazalen eta tresnengatik.

Digestio-infekzioen artean barne hartzen dira salmonellosia eta A hepatitisa;eta toxina jateagatiko intoxikazioen artean, botulismoa, gastroenteritisa (toxina estafilokozikoarengatik edo histaminarengatik arrain eta itsaskietan), eta parasitosia, trikinelosia eta anisakiasiaren artean.

Larritasuna eta sintomak oso aldakorrak dira, eta eragiten duten germenaren edo toxinaren, elikagaian dagoen kontzentrazioaren eta elikagaia hartzen dituen pertsonaren adinaren eta osasun-egoeraren araberakoak dira. Elikagaien toxiinfekzio asko arinak dira eta sintoma hauetako bat edo batzuk eragiten dituzte: sabeleko mina, ondoeza, sukar-puntua eta gorakoa. Askotan nahikoa da atsedena eta likidoak edo gatz disoluzioak hartzea, organismoa hidratatuta mantentzeko. Hala ere, zenbait kasutan, sintomak larriagoak dira eta osasun-laguntza jaso behar da.