Mayor Orejaren balioak

Por Rikardo Arregi - Sábado, 26 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Mayor Oreja jauna kexatu da Generalitateko agintariek katalana erabili dutelako agerraldietan;gaztelania ere erabili dute, baina ez bakarrik, eta Mayor Oreja jaunaren belarriek sofritu dute. Hizkuntzaz gain beste kezka batzuk azaldu ditu lehendakarigaia izan zenak: haren ustez Kataluniako eta Europa osoko atentatuen errudunak gu geu gara, balio kristauak bertan behera utzi ditugulako (homosexualen ezkontzak eta gainerako txerrikeriak). Nik ez dakit oso ondo zeintzuk diren balio kristau horiek, kristauen artean denetarik baitago;eliza katoliko erromakoaren talde kontserbadoreen balioak (Opus Deik dituenak, adibidez) eta Estatu Batuetako eliza anglikanoarenak (apezpiku emakumezkoak, sexu berekoen arteko ezkontzen bedeinkapenak) ez dira oso bateragarriak, baina biek kristau hitza erabiltzen dute haien buruak definitzeko. Bilboko apezpikuarentzat blasfemia da Hontzak txosnakoek egin dutena (txantxa bat azken finean, nire ustez), baina beste kristau askorentzat eliza katolikoetan dauden estatua horiek guztiak dira blasfemia eta heretiko. Laburbilduz, kristau izateko mila modu dagoela, testu ustez sakratuen interpretazioak ugariak baitira, eta askotan ez oso uztargarriak. Erlijio guztietan fenomeno bera errepikatzen da salbuespenik gabe: islam barruan ere denetarik dago, bakearen erlijioa dela aldarrikatzen dutenak eta gerra egiteko (askotan beste musulmanen kontra) erabiltzen dutenak;juduen artean erreformistak, ortodoxoak eta ultraortodoxoak daude;baketsu ospea duen budismoak ere ezin du ozenago hitz egin (Myanmar-en fraide budista batzuk altxatu ziren militar ustez budisten diktaduraren aurka, esate baterako). Gaur egun kristau, musulman, judu edo budista hitzek gauza bat eta, aldi berean, guztiz kontrakoa adierazteko erabil daitezke. Nekagarriak dira erlijioak, eta astunak, erlijiorik ez dugunontzat. Emaiguzue bake apur bat, mesedez. Nik ez dakit oso ondo zeintzuk diren balio kristauak, baina oso ondo dakit zeintzuk diren Mayor Oreja jaunaren balio kristauak eta ez kristauak.

Últimas Noticias Multimedia