“Onartezinak dira autobus zerbitzuko murrizketak”

EH Bilduk etxez etxe banatuko du eskuorria herritarrak informatzeko helburuarekin Tolosan, Villabonan eta Iruran

2017(e)ko abenduaren 22a, ostirala - 06:12etan eguneratua

tOLOSA- Tolosa, Villabona eta Irurako EH Bilduko ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosa-Donostia autobus zerbitzuan egingo dituen murrizketak salatu dituzte. Herritarrak gaiaren inguruan informatzeko helburuarekin, eskuorria egin dute eta datozen egunetan hiru herrietan etxez etxe banatuko dute.

“Erabat onartezinak dira murrizketak, izan ere, herritarrok kalitatezko garraio zerbitzu publiko eraginkorra merezi dugula uste dugu”, azaldu zuen Lore Agirre, Tolosako EH Bilduko ordezkariak atzo egindako agerraldian, Xabat Laborde Villabonako ordezkaria eta Joxi Imaz, Irurakoa, ondoan zituela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen plangintzaren arabera, Tolosatik Donostiarako linean, orduerdiroko maiztasuna izatetik, orduro izatera pasako litzateke. Honek, egunean 36 autobus izatetik, 18ra pasatzea suposatuko luke. Hori gutxi balitz, ospitaleetako lotura ere murrizteko asmoa dute, egunean zazpi autobus izatetik, hiru izatera pasaz.

EH Bilduko ordezkariek beren harridura azaldu zuten murrizketa hauen inguruan: “ez dugu uler-tzen urtean zehar milaka herritarrek erabiltzen duten eta erabiltzaile kopurua areagotzen ari den zerbitzu hau murriztu nahi izatea. Argi dago ikuspuntu ekonomizista batetik egiten direla, baina gure ustez zerbitzu publiko batek defizitarioa izan behar badu, hala izango da”. Gainera, beren ustez, proposatzen diren murrizketak ez diete herritarren beharrei erantzuten. “Ez dira herritarrak eta euren beharrak kontuan izan. Are gehiago, murrizketak mahai gainean jarri dituen aurreproiektua, eragindako udalei, autobusetako langileei eta zerbitzu honen erabiltzaileei bizkarra emanda osatu da”, gaineratu zuten.

Esleipena bertan beheraHau guztia aintzat hartuta, zerbitzuaren esleipena bertan behera uztea eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Era berean, parte har-tze prozesu bat ireki dezala proposatzen dute zerbitzua, ordutegia zein ibilbideak, herritarren beharretara antolatu ahal izateko, erabiltzaile, sindikatu eta inplikatutako udalerriekin hitz eginez.

Bide batez, EH Bilduk “babes eta elkartasun osoa” adierazi nahi diete Tolosaldea Bus enpresako langileei “honelako murrizketek, azkenean langileen lan baldintzetan ere eragiten baitute”.

Orokorrean salatu dute zerbitzu publikoetan, beren iritziz, egiten ari diren murrizketak. “Hor ditugu osasungintzaren kasua (Asun-tzion Klinika), adinekoentzako zentruak (Iurreamendi), zerbitzu sozialak (RGI), hezkuntza… Gizarte osasuntsuago baten bidean zerbitzu publikoen defentsa eta indartzea beharrezkoa ikusten dugu”, amaitu zuten. - M.S.S.