Erripan gora

Maravillas Lezkairun

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 11 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

Hiriaren hegoaldeak luzaroan iraun du aldaketarik gabe, Lezkairuko auzo berria sortu den arte. Orain garatzen ari da bete-betean, duela ia hamar urte hasitako krisiak dena motelarazi ondoren. Egia erran, hango bazterrak errotik aldatu dira. Ezin jakin non zegoen Mutiloara (Mutiloagoitira) zihoan errepide mehar hura, eta orain, etxeak Aranguren ibarreko mugaraino bertaraino iritsi dira. Oraindik ere, orube batzuetan ez da etxerik eraiki, eta eraikinak barreiatuxeak ageri dira. Bigarren Zabalguneaz haratago dago Lezkairu, Erorien monumentu tzar eta itsusia zeharkatu, eta aldapan beheiti egin ondoren. Plaza handi bati Maravillas izena eman diote, 14 urteko neskato larragatar bortxatu eta erailaren omenez. Aitaren ondoan hil zuten, 1936 odoltsu hartan. Lezkairun ere, Aitzindarien Parkea dago, hemengo sei emakume aitzindariren omenez. Haien artean, Julia Fernandez Zabaleta, Dormitaleria karrikan jaiotakoa, emakume euskaltzalea, Iruñean bertan euskaldundua, garai hartako pedagogia aurreratuenean aditua eta emakumeen eskubideen aldekoa. 36an altxatu zirenen zigorra jaso zuen. Laurogei urte baino gehiago joan dira. Baina 36a hurbil dago, hurbilegi, eta beti ageri da mingarri. Joan den astean bertan Esther Leon Itoiz andrea hil zen Iruñean, Aureliano Leon Inda jaunaren alaba. Aita Agoizko alkate errepublikazalea zen, eta ez zioten barkatu. 36an hil zuten, Elon. Atzo, Paz de Zigandako Helduen Abesbatzak Fermin Balentziarekin batera emaniko kantu hunkigarria entzun ondoren, hau da, Larragako neskatoaren omenezko plazaren inauguraziotik itzultzean, Lezkairuko aldapa igo, eta berriz ere, zer eta Erorien mamu-monumentua topatu beharra. Egunen batean horrelako eraikinik ikusi eta topatu behar ez izatea izanen litzateke zinez Maravillas, Aureliano, Esther eta Juliari egin lekiekeen omenaldirik handiena.

Últimas Noticias Multimedia