Aitor Casadok Etiopiako argazkiak erakutsiko ditu

Emanaldia kultur etxeko areto nagusian izango da, gaur 19.30ean

Asier Zaldua - Viernes, 16 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Aitor Casado, Abuna Yemata Guh elizara igotzen.

Aitor Casado, Abuna Yemata Guh elizara igotzen. (Argazkia: pasaporteawonderland.com)

Galería Noticia

Aitor Casado, Abuna Yemata Guh elizara igotzen.

legazpi- Aitor Casado argazkilari eta bidaiari legazpiarrak Etiopia: ipar kulturala eta hego basatia ikus-entzunezkoa emango du gaur bere herriko kultur etxeko areto nagusian. Emanaldia 19.30ean hasiko da.

Casado iazko abuztuan joan zen Afrikara, bere bikotearekin. 22 egun eman zituzten bertan: 11 iparraldean eta beste 11 hegoaldean. Iparraldea eta hegoaldea oso ezberdinak direla dio. “Iparraldean ondare kulturala askoz ere aberatsagoa da. Hiru erreinu egon ziren eta jauregiak eta gazteluak egin zituzten. Gainera, eliza asko daude”.

Izan ere, etiopiar gehienak kristauak dira. “Kristau ortodoxoak dira, aspalditik. Oso herrialde erlijiosoa da”.

Hegoaldean, berriz, natura da nagusi. “Animaliak, tribuak... ikusi genituen. Iparraldean furgoneta batekin ibili ginen eta hegoaldean 4x4 auto batekin”.

Wukron ere egon ziren, Angel Olaran misiolari euskaldunarekin. Emanaldian itsulapiko bat jarriko dute eta nahi duten guztiek dirua eman ahal izango dute Olarani bere egitasmoak aurrera ateratzen laguntzeko.

Emanaldiaren amaieran Etiopiari buruzko datu batzuk emango ditu, jendearen parte-hartzea bultzatzeko: urarekin duten arazoa, tribuak, kafea handik ekarri zutela, elizak, beraien urteak 13 hilabete dituela...

Ametsa Casadok aspalditik zuen Etiopiara joateko gogoa. “Duela urte asko, emanaldi batean Lalibelan ateratako argazki bat ikusi nuen eta noizbait toki hori bisitatuko nuela agindu nion nire buruari. Lalibelan harkaitzean egindako elizak daude. Afrikako Petra deitzen diote”.

Aurten, azkenean, bere ametsa bete du. “Etiopiara joatea beti gure asmoen artean zegoen, baina azkenean beti beste toki batera joaten ginen. Iaz, alderantziz gertatu zen: beste toki batera joan behar ginen eta azkenean Etiopiara joan ginen”.

Casadok urtero emanaldiren bat egiten du. Birmania, Vietnam, India, Japonia, Uzbekistan eta Islandian ateratako argazkiak erakutsi ditu, besteak beste. “Iaz bi ikastolatara ere joan nintzen: Astigarragakora eta Legazpikora. Legazpin islama lantzen ari ziren eta lau herrialde islamiarretan ateratako argazkiak erakutsi nizkien. Gu bezalakoak direla ikustea nahi nuen. Intxaurrondoko Bidaiarien Astean ere egon nintzen”.

Oraindik ez dute erabaki aurten nora joango diren. “Asiara joan nahi dugu, baina hegaldiak oso garesti daude. Asko kostatzen zaigu nora joan erabakitzea. Erabaki aurretik, bidaiarien blogak kontsultatzen ditugu”.

Beraiek ere blog bat dute: pasaporteawonderland.com. “Etiopiari buruzko 18 erreportaje prestatu ditugu blogerako. Blogean guk erabilitako mapak ere badaude, jendeak telefonoan sartzeko moduan”.

Más sobre Vecinos

ir a Vecinos »

Últimas Noticias Multimedia