Mende laurdena makilekin egurra joaz

ARRASATEKO TTAKUN TALDEAK HOGEITA BOST URTE BETEKO DITUAURTEN, TXALAPARTA HOTSAK HAN ETA HEMEN ZABALTZEN

Anabel Dominguezen erreportajea - Viernes, 16 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 12:03h

Bi txalapartari arrasatear, Txalaparta Eguneko lehenengo edizioan.

Bi txalapartari arrasatear, Txalaparta Eguneko lehenengo edizioan. (Foto: Arrasateko Ttakun txalaparta taldea)

Galería Noticia

Bi txalapartari arrasatear, Txalaparta Eguneko lehenengo edizioan.

Hogeita bost urte daramatzate Arrasateko Ttakun taldeko kideek egurrean makilak astintzen. Txalaparta hotsak han eta hemen zabaltzen. Orain mende laurden honek emandakoa herritar guztiekin partekartu nahi dute. Eta horretarako, gaurtik hasita ekitaldi sorta prestatu dute.

Kepa Altube Kopi eta Igone Kazalis izan ziren txalapartarien aintzindariak herrian. Bilboko gaztetxeko eskolan hasi ziren instrumentua jotzen 1988. urtean eta han ikasitakoa Arrasatera ekarri zuten. Bost urte geroago, Ttakun Txalaparta taldea jaio zen. “25 urte hauetan kontaezinak dira eskainitako saioak, izandako lokalak, emandako ikastaroak (300 pertsona inguruk parte hartu dute), beste musikariekin hartu-emanak eta modu batera edo bestera gure ondoan izan ditugunak”, azpimarratu dute Ttakun Txalaparta taldekoek.

Ibilbide oparo honetan zehar txalapartari arrasatearrek Euskal Herritik kanpora jo dute tradizioz beteta dagoen musika-tresna hau, esaterako, Huescan, Errioxan edo Burgosen. Txalaparta hotsak ere hainbat mendi tontorretik entzun dira, Kurtzetxikitik, Atxorrotzetik, Asentziomenditik edo Udalatxetik, hain zuzen. Eta guzti honekin batera, ezin da ahaztu orain dela bi urte Arbolapetako gaztainondo maitatuaren enborrarekin egindako txalaparta.

OSPAKIZUNAK GAURTIK AURRERABeraz, herritarrek txalapartaren soinuaz goza dezaten eta zilarrezko ezteiek merezi duten bezala ospatzeko, ekintzaz jositako egitarauari ekingo diote gaur. Gesalibar auzoko Zabolain sagardotegian mahaiaren bueltan elkartuko dira alboka, pandero, bertso eta txalapartaz girotuta. Berrogei bat lagun inguruk eman dute izena Txotxpartarekin izenburuko afari honetan.

Gaurko ekitaldiarekin motorrak berotzen joango dira hemendik aurrera 25 urtez Arrasaten egurra emuten! lemapean murgilduko diren urteurrenerako. Ttakuneko kideek jakinarazi dutenaren arabera, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, muralak eta irteera ezberdinak egongo dira, Txalaparta festarekin batera. Azken hau uztailaren 7an.