Cartas a la Dirección

Arizmendik Leinztarrei zuzendua

Joseba Iñaki Etxezarreta Alberdi Arizmendi Ikastolako zuzendari nagusia - 2018(e)ko otsailaren 22a, osteguna - 06:02etan eguneratua

Aspalditxotik ez geunden ikastolok geure hezkuntza-jarduerarengatik hedabideetan astinduta. Garai batean, Madril ingurumariko esatari edota politikariek adierazi ziguten ez ginela euren gustukoak. Ahaztu ez, baina atzean utzita zeuden topikoak eta leloak zirelakoan geunden.

Arizmendi ikastolaren kasuan, bestalde, emaitza akademikoekin batera, handik eta hemendik jasotako sariak eta errekonozimenduak ditugu iraganean eta azken urteotan ondo egindako lanaren seinale. Ikastola sortu zuten haiek harro egoteko moduko egoerara heldu gara eta hala ere ez gaude konforme. Euskalduna eta kooperatiboa izaten laguntzeko pertsona, osoa eta sendoa, saiatzen ari gara. Konfiantzaz, eta Konfiantzaren Pedagogiaz.

Antza, 2018an, hori ez da “Ikasle Abertzaleak” euren buruei deitzen dien horien gustukoa, ikastolok “sistema kapitalistan guztiz txertatutako tresna” kontsideratzen gaituzte eta beste helbururik ez omen dugu “burgesia erreakzionarioaren legeak isilik betetzea eta euren ikasleak artalde isil eta konformistak izatea” baizik.

Ez dakite, ez, Leintz bailarako hezkuntza euskalduna asmatu, eraiki eta garatu duena Arizmendi izan dela, autogestioan eta jardun kooperatibo eta herritarrean. Ez dakite, ez, Leintzen Arizmendiren ikasle kopurua Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza udalerrietako ikasleen gehiengo handia izatera iritsi dela. Edo badakite? Eta euren azken xedea Arizmendik duen atxikimendu herritarrari kalte egitea da? Mugimendu kooperatiboari min egin nahi al diote?

Edonola ere, aitzakia bilatzen hasita, eskusa merkea baino merkeagoa erabili dute: Arizmendiko ikasleen greba araudia. Eta aitzakia gezurrez beteta, alajaina, Arizmendiko ikasleen ordezkariek beraiek salatu duten bezala, ez dute Ikasle Abertzaleen beharrik, nahikoak dira leinztar ikasleak, ikastola kide kooperatibo gisa, euren bidea urratzeko eta euren harremanak ikastolaren barruan adosteko.

Otsailaren 22an, Arrasaten, greba-eskubidearen lelo faltsua erabilita, manifestazioa egingo dute ustezko “Ikasle Abertzale” horiek, “kapitalismoaren tresna” jotzen duten ikastolak etsai hartuta eta euren ikuspegia bakarra inposatu nahian. Garai bateko Madrileko agenteen tankeraz agertzen zaizkigu.

Arizmendi Ikastolak, hezkuntza-kooperatiba euskaldunak, bereari eusten jarraituko du: pertsona, euskalduna, kooperatiboa eta kooperantea hezten laguntzea, Leintz bailarako eragile herritar, sozial, instituzioanl eta enpresarialekin lankide-tzan. Interkzio horretan dugu etorkizuna, totalitarioen gainetik.