Bertako gaia

Bi pisuko rokodromo berria

Rokodromo berria inauguratu dute Beasainen, Antzizar kiroldegian. Bi solairu ditu eta maila guztientzako "erabilgarria" dela nabarmendu dute.


Martes, 27 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Beasaingo polikiroldegiko rokodromoak bi solairu ditu eta bertan ikastaroak antolatzeko asmoa badago.

Beasaingo polikiroldegiko rokodromoak bi solairu ditu eta bertan ikastaroak antolatzeko asmoa badago. (Argazkia: M. Aranburu)

Galería Noticia

Beasaingo polikiroldegiko rokodromoak bi solairu ditu eta bertan ikastaroak antolatzeko asmoa badago.Eskalatzeko pareta handia eta kuboa deituriko gune itxia.Arrakasta mendi elkarteko kideak, Beasaingo alkatea, Aitor Aldasoro;David Tarrago, eraikitzailea, Leire Gurrutxaga, koloreen arduraduna eta Erramun Izagirre eskalatzailea.

 Berrikuntza handia egin berri dute Beasaingo Antzizar kiroldegian. Lehendik ere bazegoen eskalatzeko gune bat, baina "nahiko zaharkitua" zegoela eta, guztiz eraberritzeko obrak amaitu berri dituzte eta dagoeneko, nahi duenak, probatu ditzake instalazio berriak. Ostiralean egin zuten aurkezpena eta bertan izan ziren, gainera, hainbat herritar eta eskalatzaile rokodromoa probatzen. Guztiak bat egin zuten lehenengo ondorioekin eta "itxura izugarria" duela adierazi zuten. Eskalatzailea da David Tarrago, eraikitzailea. Haren enpresak egin du diseinu eta obra guztia eta penintsula osoan Beasaingo rokodromoa bezalakorik ez dagoela azaldu zuen: "bakarra da, horrelakorik ez dugu egin orain arte, ez dago. Hasteko, rokodromoaren zati itxiaren barruan lehio itxi bat dago eta horrek lekuari etxeko giroa ematen diola uste dugu, izan ere, argia sartzen da bertatik eta bestela nahiko leku iluna geldituko zen. Baina badu beste berezitasun bat ere: bi maila edo solairu ditu". Tarragoren hitzetan ez da ohikoa rokodromoetan bi maila ikustea, baina Beasaingo kasuan hala izan da, espazioak hori egiteko aukera ematen zuelako. Erabaki horrekin "arriskatu" egin direla ere onartu du Tarragok, baina emai-tzarekin "oso gustura" agertu da.

BI MAILA, GUNE ASKORokodromo berriak eskalatzeko leku asko eskaintzen du, beraz. Hasteko, sartu bezain laster segituan ikusten da ezkerreko aldean pareta handi bat. Bertan bi pertsona behar izaten dira eskalatzeko, bat sokak eusten egoten baita. Jesus Mari Kortaberria Mali Beasaingo Arrakasta mendi elkarteko presidentea da eta hura ere izan zen rokodromoa probatzen. "Pareta honekin mendian ondoren egin daitezkeen gauzak probatu daitezke. Askorentzako ona izango da, mendian altura egoten baita eta honi esker horretara ohitu ahalko dira".

Bestalde, gune itxia edo kuboa deiturikoa dago, lehioa duena. Lekuak iluna eman dezakeen arren koloreak alaiak dira. Hala azaldu du horren arduraduna izan den Leire Gurrutxagak: "Antzizar kiroldegiko logoaren kolore berdinak erabili ditugu, eta gune itxiko paretak ez direnez lauak, zertxobait ateratzen diren horietan kolore argiak erabili ditugu, eta nik uste lortu dela espazioa ondo aprobetxatzeaz gain itxi sentsazio hori ez izatea". Gainera, led argi dezente jarri dituzte bertan eta lekua ondo baino hobeto argitua dago. Bestalde, zona honetan ez da sokarik behar izaten, ez baitago ia alturarik eta gainera, eroriz gero koltxoneta bat dago lurrean jarrita. Tarragoren hitzetan, "maila handiagoa duten eskalatzaileei dago zuzendua". Ostiralean bertan asko izan ziren abileziak erakusten aritu zirenak, eta guztiak irribar-tsu atera ziren lekua probatu ostean.

Lehenengo pausoak eman nahi dituztenentzako Arrakasta mendi elkarteak ikastaroak antolatzeko asmoa du

Bigarren solairua edo goiko maila hasiberrientzako pentsatuta dago. Lehen aipaturiko pareta horren ondoan daude eskailera bertikal batzuk eta handik igotzen da. Orain arte zegoen rokodromo zaharraren zati bat mantendu egin dute, baina gainontzeko guztia berrituta dago. Kortaberriak espazio asko izatearen onurak azaldu ditu: "oso garrantzitsua da rokodromora jende asko etorriko delako, bai kirola praktikatzera baina elkargune bat ere bihurtuko da eskalatzaileen artean, eta horrela, elkarren esperientziak kontatzeko aukera ere izango dute".

ESKALADA GERTURATUZ Nahiz eta aurten Udal Gobernuak eraman duen aurrera eraikuntza, rokodromoa egiteko eskaera EH Bildurena izan da. "50.000 euroko partida jarri genuen guztia berritzeko aurrekoa ez zegoelako batere ondo", nabarmendu du Aitor Aldasoro, Beasaingo alkateak. Hau guztia egiteko, baina, herriko eskalatzaileen iritzia ere kontuan hartu dute. "Iaz bertan hasi ginen biltzen eskalatzaile batzuekin eta eskolen aldetik ere honi zein erabilera eta ikuspuntu emango zitzaion hitz egin genuen. Zegoenari ukitu bat eman zaio eta erabilera anitzerako prestatu dela uste dugu, horrela, espazioa ere hobeto aprobetxatuta gelditu da", gehitu du. Izan ere, rokodromo berria eskalatzaile profesional edo maila bat dutenez gain bestelako erabiltzaileengana gerturatu nahi dute;hala nola, hasiberriak eta ikasleak.

Arrakasta mendi elkarteak ere badu asmoa ikastaroak antolatzeko. "Espazio berri honetan modu onean entrenatzeko aukera izango dugu eta baita erakustekoa ere. Lehenengo pausoak eman nahi dituztenentzako guneak izatea beharrezkoa da, eta hemen horixe lortu da. Egia esan, oso pozik gaude Udalak egin duen apustuarekin eta emaitzarekin ere bai". Orain, gelditzen den bakarra jendea inguratu eta rokodromoari erabilera zuzena ematea da, guztiek elkarrekin eskaladaz gozatu eta ikasteko aukera izan dezaten.


Últimas Noticias Multimedia