Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Eliza, instituzio gisa, ondasunen jabe izan da

erakundea, antolamendu eta kultu zehatz batekin sortu zen, eta pobreei laguntzeko baliabideak sortu zituen.

Testua Mikel Larranbere eta Ignacio Azcoaga - Domingo, 4 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Leireko monastegia.

Leireko monastegia.

Galería Noticia

Leireko monastegia.

etxeko berriak

Hasieratik kristau komunitatea modu konkretuan antolatu zen. Jesusek aukeratutako Hamabi apostoluak zeuden eta haien buru Pedro. Hauen ondorengoak apezpikuak ditugu eta Erromakoa, Pedroren ondorengoa. Instituzio hau modu jakin batean antolatu zen, gobernu, doktrina eta kultu berezi batekin eta pobreei laguntzeko baliabide konkretuak sortuz.

Instituzio izate horrek eta irauteko borondateak nahitaezkoa egiten dute ondasunak eduki behar izatea. Bere helburuak lortzeko Elizak sostengu materiala behar du izan: tenpluak, liburuak, jantzi liturgikoak...

Aurreneko hiru mendeetan adibide bat baino gehiago aipa daiteke. Severo enperadorearen garaian (225-235) auzia izandu zen lur sail bat zela eta ardo saltzaile batzuen eta Erromako kristau komunitatearen artean. Auzitegiak kristauei arrazoia eman zien. Horrek suposatzen du de fakto, kristau komunitateari ondasunen jabe izateko eskubidea aitortzen zitzaiola. Kornelio Aita Santuaren garaian (251-253) Erroman baziren hogei bat eliz, IV. mendean Erroman berrogei eliza baziren eta Alejandrian hamar. Tenplu hauek parrokia urbanoen jatorri gisa har ditzazkegu.

Galieno (260-268) enperadoreak, bere aita Valerianoren pertsekuzioaren ondoren kristauei kendutako kanposantu eta kulturako toki guztiak bueltatu zizkien. Dioklezianoren pertsekuzioaren ondoren Galerioren tolerantzia ediktuak (311) kristauen mesederako bi erabaki hartu zituen ut denuo sint christiani(kristau taldearen legalizazioa) eta ut conventicula sua componant (kulto tokiak eraiki eta edukitzeko baimena). Azkenik, Milango Ediktuan (313) itzuli zi-tzaizkion kristauen korporazioari kendutako ondasunak.

Elizak bere askatasuna lortu zuen eta ondoren, donazioen bidez batez ere, bere ondarea handitzeko aukera izan zuen. 321. urtean legeak heren-tziak jasotzeko eskubidea aitortu zion Elizari.

Kulturako edifizioak eraikitzeaz gain dokumentu zahar askotan agertzen zaigu Elizak behartsuen alde egindako lana. Ordurarte ez zen horrelakorik ezagutzen. III. mende erdialdera Erromako Elizak 1.500 behartsu baino gehiago bere kargu zituen. IV. mendean ospitaleak eta bestelako harrera egoitzak sortu ziren pobre eta gaixoentzako. Juliano enperadoreak (“apostata” delakoak, alegia) aipatzen du kristautasunari bere arrakasta handia horretatik zetorkiola, batez ere behartsuak atenditzen eta hildakoei lur ematen agertzen zuen arduratik.

ELIZAK BERE JARRAITZAILEENGANDIK APORTAZIO EKONOMIKO UGARI JASO IZAN DU Enperadore eta handizkien laguntzaz aparte, eliztar soilek ere laguntza ekonomikoa eskaintzen zuten hasieratik. II. mendean san Justinok dio igandeko mezetan denek bere laguntza ekonomikoa ematen zutela eskaintzak aurkeztean, batzuk dirutan eta beste batzuk espezietan. Eraikinak mantentzeko, apezen mantenurako eta pobreei laguntzeko erabiltzen ziren aportazio horiek. Askotan arropak eta oinetakoak ere entregatzen ziren ez zutenei partitzeko. Sinplizio Aita santuak V. mendean honela dekretatu zuen: lau zatitan erabili behar zela mezetan jasotakoa: 1) apezpikua, 2) apezak, 3) kultua eta 4) pobreak.

ELIZAREN ANTOLAKUNTZA: ELIZBARRUTIA EDO “DIOZESIA” ETA PARROKIA Bestalde, Elizaren lurralde antolakuntzari dagokionez, elizbarrutiak eta parrokiak sortzen dira. Hasiera batean parrokiak hirietan sortu ziren eta geroxeago landatar ingurunetan (pagus). Hori dela eta, eliz jabegoaren subjektua eta fede bizitza protagonista bakarra aurrena diozesia bazen, bere apezpiku buru zuela, ondoren beste esparru txikiago batzuk izango dira protagonistak: parrokiak, monastegiak, etab. Erdi Aroan, pixkanaka eta gorabehera askorekin, parrokia bihurtuko da kristau unibertsoaren instituziorik dinamikoenetako bat. Mendetan zehar instituzio parrokiala lau elementuk osatuko dute batez ere: eliztarrak, parrokoa, jurisdikzio eremua eta ondarea (patrimonioa, ondasunak). Ondare honetan sartzen ziren normalean tenplua, hilerria, ermitak (garai bateko tenplu parrokialak edo esparru sakratuaren zabaltzea herri bereko beste dermioetara), etab.

Hasierako parrokien oinarri materialak askotan bertako jauntxoek jarriak ziren eta elizak hauen menpe egondu ziren luzaro: hori dela eta “berezko elizak” (“iglesias propias”) esaten zaie. Geroxeago, “patronato” delakoaz hitz egiterakoan, aipatuko dugu nola Elizaren jerarkia eta zuzenbide kanonikoa saiatu ziren Erdi Aroan jauntxoen autoritatea eta esku hartzea murrizten.

PARROKIA ETA KONTZEJUA “HERRIAZ” ARI GARENEAN, ZER ESAN NAHI DUGU?Hona hemen tratatzen ari garen gaiarentzako puntu garrantzi handiko bat. Hain zuzen ere, Erdi Arotik gure garaietara, gure herrietan jende berberak bi instituzioetako partaide izan ditugu: kontzejua batetik eta parrokia bestetik, gizarte zibileko partaide eta aldi berean gizarte espiritual edo elizkoia. Bi instituzioak lurralde berean aritzen ziren (dira) eta kasu gehienetan pertsona berberek osatuak ziren. Bi instituzio hauek ez ziren kontrakoak (batzuetan hika-mikak sortu zitezkeen arren), are gehiago, elkar lanean aritzeko borondatea zuten herri beraren zerbitzuan.