Asteburu honetan erabakiko da Bardoen txapelketako finala

Gaur Erratzun eta Leitzan, eta igandean Lesakan jokatuko dira taldekako txapelketaren finalaurrekoak

Viernes, 9 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

iruñea- Bardoak taldekako bertso txapelketa bere azken txanpan sartuko da asteburu honetan. Izan ere, bigarren faseko azken itzulia jokatuko dute sei taldek, eta horietatik hiru pasako dira Lekunberrin martxoaren 24an ospatuko den finalera.

Joan zen asteburuan Iruñean, Beran eta Aldatzen aritu ondoren, gaur eta igandean bueltako saioak jokatuko dituzte sei taldeek. Addams familia (Malerreka-Baztan) eta Topa bardo kopa! (Iruñea) taldeak Erratzun arituko dira gaur, 21.30ean, Zubipunta ostatuan. Iruñeko saioan Addams familia nagusitu zen, beraz, aukera ederra dauka taldeak “etxean” puntuak eskuratu eta finalerako pasea ziurtatzeko.

Leitzan, gaur, Aldatzea komeni (Lei-tza) eta Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi (Bera) arituko dira Atekabeltz gaztetxean, arratseko 22.00etan. Leitzarrak izan ziren Beran nagusitu zirenak, aitzineko asteburuan, eta abantaila horrekin arituko dira gaurkoan.

Asteburuko hirugarren saioa Lesakan ospatuko da igandean, Larraun da Araitz. Bi dozena (Larraun-Araitz) eta Unibertsolariak (Lesaka) taldeekin, Arrano Elkartean, 17.30ean. Unibertsolariek etxean jokatutako saioan nagusitu ziren, beraz, saio honetako puntuak eskuratuz gero Lekunberriko oholtzara iritsiko dira.

Hiru saio hauen ondoren jakingo da zeintzuk izango diren Lekunberrin, martxoaren 24an ospatuko den finalerako pasea eskuratuko duten taldeak. Nafarroako Bertsozale Elkartetik adierazi zuten bezala, Lekunberrikoa besta giroko bertso finala izango da. Toki Alai sagardotegian ospatuko da, eta sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke bertsosarrerak.eus atarian, Lekunberriko Lanbroa liburu-dendan edo Iruñko Karrikiri dendan. - M.M.P.

Últimas Noticias Multimedia