Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

11 egun euskaraz, hizkuntza ohituretan eragiteko

azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko da euskal hiztunak aktibatzea helburu izanen duen euskaraldia

Testua Miren Mindegia. Argazkia Iban Aguinaga - Jueves, 15 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Euskaraldia antolatzen eta sustatzen duten erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak, atzo, Iruñeko Kondestablean.

Euskaraldia antolatzen eta sustatzen duten erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak, atzo, Iruñeko Kondestablean. (IBAN AGUINAGA)

Galería Noticia

Euskaraldia antolatzen eta sustatzen duten erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak, atzo, Iruñeko Kondestablean.

“Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira protagonista”

Zer egin euskararen erabilera areagotzeko? Galdera honi erantzunez, hainbat eragilek Euskaraldia ekimena abiarazi dute, azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitartean ospatuko dena 11 egun euskaraz lelopean. Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izanen dira protagonista, 11 egunetan zehar hizkuntza inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatuko dituztenak. Nola? Euren inguruan euskaraz arituz hizkuntza ulertzen duten ororekin. Halaxe azaldu zuten atzo ekimenaren antolatzaileek, Iruñeko Kondestablearen Jauregian ospatutako aurkezpen ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Gobernuko Euskarabideak eta Euskaltzaleen Topaguneak koordinazen duten egitasmoa ez da, azaldu zuten bezala, hutsetik abiatzen. Izan ere, azken urteetan hainbat euskara elkarteek garatu duten Euskarak 365 dinamikaren baitan biltzen da. Elena Jaka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak argitu bezala, ekimenak bi mugarri nagusi ditu. “Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea;eta bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatzea”.

2018ko11 egun euskaraz ekimenak, beraz, herritarrak izango ditu protagonista, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaile nagusiak azaldu moduan: “16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu”. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena Euskal Herri osoan egingo da, ariketa sozial honetan parte hartzeko izena emango duten herri eta hirietan. Izan ere, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoi-tzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da. “Antolaketan, beraz, auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira, eta baita elkarte, enpresa zein erakunde ezberdinetakoak ere. Horietako asko hasiak dira jadanik lanean”, argitu zuen koordinatzaileak.

Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian. Herritarrek, ordea, 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera.

Hitzarmen historikoa Euskaraldia ekimena “hitzarmen historiko” batek bultzatuta dator, Lakak azpimarratu zuen bezala. Izan ere, lehenengo aldia da euskararen lurraldeko hiru administrazioek eta euskalgintzako eragile guztiek ekimen baten bueltan indarrak elkartu dituztela, euskararen erabilera sustatzeko eta aktibatzeko helburuarekin.

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariaren hitzetan, “proiektuak, erantzukizun partekatuak bilatzen ditu: gizarte-eragileak eta erakunde publikoak batuz, batetik, eta norbanakoen zein entitateen inplikazioa bilatuz.” Ildo horretatik, Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariak, zera azpimarratu zuen: “Lehenbiziko aldia da erabilera aktibatzeko gizarte-eragileak eta erakunde publikoak batzen direla norbanakoen zein entitateen inplikazioa bilatuz”. Halaber, etorkizunera begira elkarlana mantentzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Alde horretatik, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko arduraduna den Oskar Zapatak, “Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko ematen duen euro bakoitza inbertsioa” dela, eta ez gastua, azpimarratu zuen.

Dinamika berriak martxan jar-tzeko unea Kike Amonarriz soziolinguistak Euskaraldiaren aurkezpenean parte hartu zuen atzokoan. Hizkuntzaren biziberritzeari dagokionez Nafarroan “bidegurutze” gaudela adierazi zuen Amonarrizek. Ezagutzari dagokionez joera oso positiboa dela adierazi zuen, baina gakoa erabileran jarri zuen: “Erabilera aktibatzea lortzen badugu, normalizazioaren bidean jarriko dugu euskara”. “Aprobetxatzeko” unea zela ere azpimarratu zuen Amonarrizek, “aldeko haizea” daukagulako.

Dinamika berritzaile horietako baten adibide, Ipar Euskal Herrian iaz egindako BAM (Baiona, Angelu, Miarritze) ekimenaz aritu zen, halaber, Eneko Gorri. “2017ko azaroan, 6 hilabeteko prozesu horizontal, parte hartzaile, bateratzaile eta boteretzaile baten ondotik, 806 hiztunek hartu zuten 7 egunez euskaraz bizitzeko engaiamendu formal eta publikoa”.

xehetasunak

Euskaraldiaren sustatzaileak. Atzo adierazi zen bezala, “hitzarmen historikoa” lortu da erakunde publiko, lurralde administrazio eta euskalgintzako eragileen artean. Euskaraldiaren sustatzaileak hauexek dira: AEK, Arabako Foru Aldundia, Argia astekaria, Artez Euskara Zerbitzua, Bai Euskarari Elkartea, Berria taldea, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Elhuyar, Elkar Fundazioa, Emun, Eudel, Euskaltzaindia, Euskaltzaleen Topagunea, Euskararen Erakunde Publikoa, Eusko Ikaskuntza, Eusko Jaurlaritza - Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Herri Elkargoa, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Ikastolen Elkartea, Irrien Lagunak, Kontseilua, Nafarroako Gobernua - Euskarabidea, Soziolinguistika Klusterra, Tokikom, Uema eta UEU.

Euskaraldia Nafarroan: Antolatzaileek atzo jakinarazi zutenek, euskara zerbitzua duten eremu gehienek izan dute egitasmo honen inguruko informazioa. Tafalla, Sakana, Malerreka, Lizarra, Burlata, Zizur Nagusia... Herri askok dagoeneko martxan jarri dute egitasmoa, batzorde bat eratu dute eta izena eman dute aurretik aipatutakoaren harira, tartean Viana, Aranguren, Galarreko Zendea, Lizarra eta Estellerria, Eguesibar, Baztan, Esteribar, Arbizu, Atarrabia eta Irurtzun.

etiquetas: nafarroa, euskara

Últimas Noticias Multimedia