Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
gizartea

Kilometroak festa urte osoko ekimena izango da 2020tik aurrera

Gipuzkoako ikastolen jaiaren eredu berria atzo aurkeztu zuten, Zumarragako Zelai Arizti aretoan

Asier Zaldua - 2018(e)ko martxoaren 18a, igandea - 06:03etan eguneratua

Agurtzane Aramendi, Patxi Olaberria, Nekane Artola, Jon Amundarain ikaslea, Ane Barruso, Zigor Ibartzabal eta Irene Tejedor ikaslea.

Agurtzane Aramendi, Patxi Olaberria, Nekane Artola, Jon Amundarain ikaslea, Ane Barruso, Zigor Ibartzabal eta Irene Tejedor ikaslea.

Galería Noticia

Agurtzane Aramendi, Patxi Olaberria, Nekane Artola, Jon Amundarain ikaslea, Ane Barruso, Zigor Ibartzabal eta Irene Tejedor ikaslea.Artolazabal-Azkarate sendiari omenaldia.

zumarraga- Gipuzkoako ikastolen Kilometroak festa urte osoko ekimena izango da 2020tik aurrera. Urtean zehar hainbat jaialdi antolatuko dituzte eta urriko lehen igandeko festa urte osoko lanaren produktua izango da. Jaialdi hauen antolaketan ikastola ezberdinek parte hartuko dute eta helburuetako bat harrobi kulturala ezagutzera ematea da.

Gizartea asko aldatu da lehen Kilometroak jaia antolatu zenetik. 1977an izan zen hori eta ordutik hona jaia aldatzen joan bada ere, Gipuzkoako ikastolek aldaketa sakonagoak egiteko beharra ikusi dute, antolatzen duten jaia gaurko garaietara erabat egokitu ahal izateko.

Helburu horrekin, Kilometroak Bidea deituriko hausnarketa prozesua hasi zen 2015eko irailean. Jaiaren bilakaera aztertu da eta egungo egoeraren analisi sakona egin da.

Kilometroak festaren eredu berria atzo aurkeztu zuten, Zumarragan. Izan ere, aurtengo Kilometroak Urretxu-Zumarraga ikastolak antolatuko du. 2020. urtetik aurrera Kilometroak festak hamar premisa beteko dituela esan zuten: ikastolen mugimenduaren misioa bete, Ikastolen Elkartea sendotu, ikastola bakoitzaren komunitatea sendotu, parte-har-tzea areagotu, naziotasuna indartu, xede ekonomiko errentagarria birkokatu, azken jaia urte osoko emaitza bihurtu, berritzaile eta garaikidea izan, jaiaren dimentsioa birkokatu eta ikasleak ahaldundu.

Jaialdi txikiak Orain arte bezala, Kilometroak jai bat ospatuko da eta hori antolatzeko ardura ikastola batek hartuko du, Baina, horrez gain, urtean zehar beste hainbat jaialdi txiki egitea da asmoa. Horiek egiteko ardura beste ikastola batzuek hartuko dute. Jaialdi guztiak sartuko dira Kilometroak ekimenaren barruan.

Gaur egun, dagoeneko, Kilometroak ez da urriko lehen igandean ospatzen den jaia soilik. Urte osoko ekimen eta lanak daude: arropa salmenta, Gure Zozketako txartelen salmenta… Ideia horretan gehiago sakonduko da 2020. urtetik aurrera.

Urtean zehar hainbat jaialdi egingo dira eta horien antolaketan Gipuzkoako ikastola ezberdinek parte hartuko dute

Ikasleak ahalduntzeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko bidean ere aurrerapauso batzuk eman dira azken urte hauetanErronka ekimenarekin. Ikasle taldeak urte osoan hainbat gaitan lehiatzen dira eta horrek euren arteko harremanak sendotzen lagun-tzen die, Kilometroak jaian modu aktiboan parte hartzera bultzatuz.

Etorkizunean parte hartzea ere handitu nahi da. Gaur egun, kultura kon-tsumitzaile hutsak dira jaira gertura-tzen direnak. Eredu berrian, berriz, ikasleak eta beraien familiak kultur ekimenen sortzaile izango dira. Ikastolek kultura harrobi izan nahi dute eta Kilometroak jaian urtean egindako sorkuntzei lekua egingo zaie.

Naziotasuna indartzeari ere garrantzia eman nahi zaio. Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia da, baina ikastolek osatzen duten komunitateak herrialdea gainditzen du: Euskal Herri osoan hedatua dago. Hori dela eta, ikastolen aldeko jaietan nazio sentipena landuko dute. Aurrerantzean, beste lurraldeetako ikastolei eta hauek antolatzen dituzten jaiei ere laguntza eskainiko zaie harremanak sendotzeko eta elkarlanean hainbat egitasmo burutu ahal izateko.

Aldaketa 2020rako aurreikusten bada ere, hausnarketa prozesuan antolatu diren Kilometroak jaiek hainbat keinu egin dizkiote eredu berria izango denari. Bide horri eutsiko diote 2018an Urretxu-Zumarragan eta 2019an Zarautzen.

Atzoko aurkezpenean hori guztia aipatu zuten. Ekitaldia antzerki saio labur batekin hasi zen. Agurtzane Aramendi aurkezleak, Estitxu Zaldua aktoreak eta ikastolako beste guraso batzuk bilera bat antzeztu zuten. Hamar premisak azaldu zituzten eta Mikel Mendizabal bertsolariak (ikastolako gurasoa hau ere) premisei buruz abestu zuen.

Ondoren, Nekane Artola Kilometroak Kultur Erakundeko lehendakariak, Ane Barruso Bergarako ikastolako zuzendariak, Zigor Ibartzabal Oñatiko ikastolako zuzendariak eta Patxi Olabarria EHIko Egonkortasun arduradunak hartu zuten hitza.

Bukatzeko, Kilometroak festaren 40 urteko historia laburtzen duen bideo bat eman zuten, Mikel Fernandez ikastolako irakasleak Miriam Luki idazle urretxuarraren testu bat irakurri zuen, Artolazabal-Azkarate sendia omendu zuten eta ikastolako ikasle eta guraso talde batek dantza saio bat egin zuen.

Bere garaian ikastolak sortu baziren eta mende erdi beranduago bere izaerari eusten badiote, Artolazabaldarrak bezalako asko daudelako da: Juanvik Urretxu-Zumarraga ikastolaren sorreran parte hartu zuen, berak eta Kontxi Azkarate bere emazteak seme-alabak ikastolara bidali zituzten, Urretxu eta Zumarragan ospatu diren Kilometroak festen antolaketan parte hartu dute, Argiñe alaba ikastolako lehendakaria da eta bere seme-alabak ikastolako ikasleak dira.