Betidanik zerura begira

Antzinatik eguraldi eta klima kontuek kezkatzen gaituzte, Oiartzungo XVII. mendeko erreguteetan ikus daitekeenez

Aitziber Mugaren erreportajea - Viernes, 30 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 09:28h

Oiartzungo Udala bere artxiboa digitalizatzen hasi da. Bertan aurkitzen diren dokumentu zaharrenak XVI. mendekoak dira, izan ere aurkitu diren lehenengo ordenantzak 1501. urtekoak dira eta orain arte egindako lanetan bitxikeri asko aurkitu dira eta egiaztatu da, gizartea asko aldatu den arren, zenbait gaik gure interesa beti erakarri izan dutela;klima esaterako.
Azken hilabeteetako hotzak eta elurteak apartekoak izan direla diogu, baina egia ote da? Klimaren Historiaren ikertzaileek gaia aztertzeko erabiltzen dituzten tresnen artean, artxibotan aurkitzen diren erreguteak daude.

Duela urte gutxira arte Euskal Herriko gizartea katolikotasunez blai zegoen. Erreguteak eragin horren isla ziren. Gizarte erlijioso horretan, Jainkoak erabakitzen zuen patua. Hori dela eta, hari egindako eskaerak ohikoak ziren.

Oiartzunen eskaera hauei lotutako lehen berriak 1681ean aurkitzen dira, haien inguruko desadostasunen baitan. Horrek ez du esan nahi halako ekitaldirik lehenago egiten ez zenik. Egunerokotasunean guztiz barneratuak zeuden. Lehenagoko aktetan horien aipamenik ez badago, esateko gauza berezirik ez zegoelako izan liteke.

Ezadostasunak, ika-mikak edo aldaketak sortzerakoan, bileren erregistroek gaiaren inguruko aipamenak jasotzen dituzte. Hori izan zen erreguteen kasua, 1681 eta 1687 urteen artean.
Oiartzunen ohikoa izan zen ekai-tza, kazkabarra eta laino pilaketen kontrako erreguteak burutzea, uzta onak lortzeko eta euri-jasek sortutako arazoak saihesteko. Eskaera hauek elizgizonek egiten zituzten, baina dokumentazioaren arabera, 1681 baino lehenago ekitaldi horiek egiteari utzi zioten. Udalbatzak behin baino gehiagotan eskatu arren, bikario zein benefiziodunek entzungor egin zieten eta desadostasunak argitzeko eta konpontzeko prozesua hasi zen.

Itxura guztien arabera, 1681 eta 1682 urteetan eguraldi kontuak ezohikoak suertatu ziren. Oiartzunen ere, uztailaren erdialdera sekulako ekaitza izan zen, kazkabarra erruz bota zuen. Hilaren 14ean gertatu zen, eta Portuereneberri etxean eta Eizagirre basetxeko teilatuetan kalteak eragin zituen.

Ondoriorik larrienak uztetan gertatu ziren;horren larriak, ezen elizari ordaindu beharreko hasikin edo lehen fruituetan beherapena eskatu zela. Perituek egindako azterketaren bidez, eta aurreko urteetako datuak aintzat hartuta, kalteak balioztatu egin ziren. Liho ekoizpenak eta arkumeek ez zuten ondoriorik pairatu;gari, sagar eta artotan, ordea, ondorioak agerikoak izan ziren: gari-uztaren %58,75 kaltetu zen, sagarren %75 eta artoaren %43,75.

Ordutik aurrera, eta bereziki 1682tik aurrera, Oiartzungo elizgizonei erreguteak egiteko eskaerak areagotu egin ziren. 1681eko abuztu amaieran, udalbatzaren mandatua agerikoa zen: eliz-benefiziodunek ekaitzen aurkako erreguteak egin zitzatela agintzen zen. l