Etxabe eta ‘Pegaso’, munduko txapeldun

Zumaiako Kimetz Etxabe gazteak, 16 urte besterik ez ditu, munduko txakurkroseko txapelketa irabazi zuen junior kategorian joan den azaroan, Polonian, ‘Pegaso’ txakurrarekin.

Ane Rotetaren erreportajea - Viernes, 30 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 09:16h

Kimetz Etxabe ‘Pegaso’ txakurrarekin.

Kimetz Etxabe ‘Pegaso’ txakurrarekin. ( Argazkiak: Peio Romatet)

Galería Noticia

Kimetz Etxabe ‘Pegaso’ txakurrarekin.

Kimetz Etxabe 16 urteko zumaiar gazteak amaitu berri du txakur kroseko txapelketetako denboraldia. Gustura dago egindako lanarekin eta ez da gutxiagorako;izan ere, joan den azaroan munduko txapeldun izendatu zen junior kategorian Pegaso txakurrarekin. Txapelketa Poloniako Szmotuly-Kozle herrian jokatu zen azaroaren amaieran, eta soilik bi segunduren aldea atera zion bigarren sailkatu zenari.

Albiste pozgarria izan zen hura gaztearentzat. Ez zuen inolaz ere espero, proba hori baino lehen lesio bat izan zuelako: “Txapelketa hori baino lehen lesio bat izan nuen eta oraindik guztiz errekuperatu gabe Italiara joan nintzen Europako txapelketa batera. Beraz, lesioa tartean izan zela, ez zen nire planetan sar-tzen munduko txapelketa irabaztea”. Gainera, sorpresa handia hartu zuen zumaiarrak irabazi zuela jakitean, parte-hartzaileak binaka atera zirelako eta ez zekielako beste korrikalariek lasterketa zenbat denboran osatu zuten.

Guztira, 26 neska-mutilek hartu zuten parte junior kategorian, eta bi egunetan hiru kilometroko ibilbidea egin behar izan zuen korrika txakurrarekin. Lehen aldiz egin zuen zumaiarrak mundu mailako proba bat, baina 16 urte besterik izan arren, Espainia eta Europa mailako txapelketetan dagoeneko esperientzia zabala du. Hain zuzen ere, Espainia mailako proba guztietan parte hartu ondoren klasifikatu zen Kimetz munduko txapelketarako eta Estatuko bakarra izan zen Poloniako proban. Gainontzekoak, finlandiarrak, errusiarrak, suediarrak eta poloniarrak ziren, besteak beste.

Proba irabaztea ezusteko handia izan zen arren, lan handia egin zuen zumaiarrak aurreko hilabeteetan eta prestaketa lanetan Esther Cruz eskalatzailearen laguntza izan zuen. “Lau hilabetez entrenatu nuen, egunero, eta ariketa ezberdinak egiten nituen;normalean 20 bat minutu korrika hasteko, eta ondoren, serieak eta aldapak. Astean egun bat izaten nuen deskantsoa, baina egun horretan ere azkenean zerbait egiten bukatzen nuen”, azaltzen du Etxabek. Izan ere, kirolari amorratua da gaztea eta korrika egiteaz gain, surfa ere egiten du. Bestalde, batzuetan lagunekin bizikleta hartu eta mendi buelta batzuk ere egiten ditu. Txakurrak ere, noski, entrenatu behar izan zuen, eta, normalean, txakurrarekin prestatzean bizikletari lotuta eramaten du abiadura lantzeko. “Batzuetan korrika eginez ere entrenatzen dut txakurrarekin, baina agian astean behin, normalean ni bizikletan edo patinetean noala entrenatzen dut txakurrarekin”, zehazten du Kimetzek. Eta txakurkroseko modalitateaz gain, bi txakurrekin patinetean ere hartu izan du parte txapelketetan, baita elurretan trineoarekin sei edo zortzi txakurrekin ere.

Bederatzi txakur
Arroako txabolan
‘Feeling’ berezia
Lau urte ditu Pegaso txakurrak eta probetan parte hartzeko bera du faborito, baina beste zortzi txakur ere baditu zumaiarrak Arroa auzoan duen txabolan. Denak txakur alaskanoak dira, eta Etxaberen ustez, beharrezkoa da beraiekin feeling berezi bat sortzea: “Harremana landu egin behar da txakurrarekin, gero karreretan berak zuregatik dena eman dezan”. Zentzu horretan, txakurrek lan handia eskatzen dutela dio, eta egunero joaten da Arroako txabolara txakurrei jaten ematera eta beraiekin buelta bat ematera.

Duela lauzpabost urte piztu zi-tzaion gazteari kirol honekiko afizioa eta harrezkeroztik engantxatu egin dela dio: “Nire ama hasi zen lehendabizi txakurkrosean lehiatzen. Ondoren, nire aitak txakur bat ekarri zuen eta horrela hasi nintzen probatzen. Egia da lan handia eskatzen duela, baina txakurra lotzen duzun momentuan eta tiraka eta abiadura hartzen ikusten duzunean, engantxatzen duen zerbait da”. Hala, 12 urterekin egin zuen lehen lasterketa Donostian border collie arraza duen txakur batekin, baina azken urte honetan ekin dio gogor entrenatzeari.

Munduko txapelketa irabazteak indarra eta motibazioa eman dio zumaiarrari eta txakur krosean jarraitzeko asmoarekin dago. “Aurten ez dakit Europako txapelketara joango naizen, baina hurrengo mundu txapelketara joatea gustatuko li-tzaidake. Oraindik ez dakit noiz izango den, baina egiten denean 18 urte baldin baditut, junior kategorian parte hartzeko aukera izango dut berriro ere”, azaltzen du Etxabek. Horretarako, Espainia mailan klasifikatu beharko du eta ahalik eta proba gehienetan parte hartzea da zumaiarraren asmoa.
Dena den, errealista da zumaiarra eta kirol honetatik bizitzea zaila edo inposiblea dela argi ikusten du: “Oraindik ez dakit zer ikasiko dudan edo nora bideratuko dudan nire ibilbide profesionala, baina kirolarekin zerikusia duen zerbait nahiko nuke egin”. Nolanahi ere, kirol honekiko duen pasioa bizi-bizirik dago eta datorren urrian hasiko den denboraldirako gogor entrenatuko du Etxabek. Gustoko bidean, aldaparik ez. l