Aurtengoa, pozoinik gabeko uzta

Maitane Maritorena Azkarate Plazara Dantzara - Lunes, 11 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Aurtengo herriko besten denboraldi honetan, berriz ere zoriondu nahi ditugu baztandarrak. Pozten gara Irurita eta Berroetako plazak mutildantzariz beteak ikusteaz, espero dugu bertze 13 herrietan ere, bertze hainbertze izatea, gauzak aldatzen ari diren seinale. Orain dela gutti artio hutsak edo mutildantzari baztertzaileez beteak zeuden plazak, gaur egun parekideak eta herritar guztiei irekiak dira.

Aldaketak hala ere, ez dira beti norabide zuzenean egiten. Atzo emakumeen parte-hartzea galarazi nahi zutenak ez omen daude emakumeak dantzatzearen kontra, beren espazioa izatearen alde baizik (erran nahi, baztertzeko espazio bat izatearen alde). Emakumeak guttietsi eta bigarren mailako herritar gisa tratatu nahi dituzten horien diskurtsoa eta formak aldatu dira, baina erasoek jarraitzen dute, eta beraz, gure borrokak ere bai.

Matxismoak aurpegi eta neurri desberdinak izanagatik, beti da kaltegarria. Herriko plazetan emakumeak baztertzen dituztenek, emakumeek dantzatzen dutelakoz dantzatzeari uko egiten diotenek, dantza antolatzeari utzi diotenek, elizaren babesarekin eremu pribatuetan gizonen (zakildunen) nagusitasunaren alardea egiten dutenek, hauek denak txalotzera joaten direnek, edota ongi etorria ematen dieten herriko ordezkariek, guzi-guziek emakumeak erasotzen dituzte, umilatuz eta guttietsiz.

Manadadeitu zaie Iruñeko Sanferminetako bortxatzaileei, taldean erasotu dutelakoz. Gure herrietan ere badaude taldean erasotzen dutenak. Hauek guztiak egunero emakumeen kontra ereindako mespretxua, heldu diren belaunaldietako matxista eta manaden uzta izanen dira. Erasoak beti dira larriak, baina larriagoak dira oraindik modu kolektiboan egiten direlarik, nabarmen gelditzen baita zein errotuta dauden inpunitatea, eta zapalkuntza.

Mugimendu feministari esker Euskal Herrian zein munduan, hainbat aurrerapauso eman dira arlo honetan, eta baztandarrak ere horretan ari gara. Eman diren pausoak txalogarriak badira ere, bide luzea dugu oraino egiteko. Segi dezagun bada eraso guztiak salatzen eta bazterketarik gabeko plazak betetzen. Aurtengoan, pozoinik gabeko uzta bildu dezagun!

Últimas Noticias Multimedia