Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NPBak 2.300 akreditazio baino gehiago kudeatu ditu 2018ko Sanferminetarako

Ollo kontseilariak, Sanferminak gizonek zein emakumeek askatasunez eta errespetuz disfrutatzeko moduko festak izateko asmoa berretsi du

DN - Lunes, 2 de Julio de 2018 - Actualizado a las 21:29h

Nazioarteko Prentsa Bulegoak (NPB) entzierroetarako, Txupinazorako eta Pobrede Mi-rako 2.300 baimen edo akreditazio baino gehiago banatuko ditu 2018an, norbere kontura zein mundu osoko 130 komunikabide, agentzia, telebista, irrati eta egunkarirentzat lan egiten duten kazetarien artean. Estatuko komunikabideez gain, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Txina, Mexiko, Alemania, Italia, Txekia eta Kroazia bezalako herrialdeetatik etorritako kazetariak akreditatu dira.

Zenbait kasutan, estaldura mundu mailakoa da. Horien artekoak dira jaiei buruz informatzeko zenbait argazkilari bidaltzen dituzten agentziak. Jakinminik handiena eragiten duen ekitaldia entzierroa da, 120 komunikabidetako 400 pertsona akreditatuak dituela. 45 komunikabidetako beste 160 profesionalek Txupinazioaren berri emanen dute, Udaletxetik nahiz Seminario Etxetik. Azkenik, Pobre de Mí-rako, 35 komunikabidetako 90 pertsona akreditatu dira.

Gaur hasi eta uztailaren 14a arte, Nazioarteko Prentsa Bulegoa irekita egonen da Baluarte Biltzar-Jauregi eta Auditorioan mundu osoko kazetariei arreta emateko. NPBaren 2018ko aurrekontua 35.000 eurokoa da;Nafarroako Gobernuak 30.000 euro emanen ditu, eta Iruñeko Udalak 5.000.

Bisita instituzionala

Gaur goizean, NPBren Baluarteko instalazioak bisitatu dituzte hiru erakunde antolatzaileen arduradunek: Nafarroako Gobernuaren izenean, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo;Iruñeko Udalaren izenean, Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi Patricia Perales, eta Nafarroako Kazetarien Elkarteko presidente Patxi Pérez.

NPBak eskainitako aukera profitatuz, Ana Ollok gogoratu du Sanferminek, herrietako gainerako jaiek bezalaxe “jostaketa eta gozamenerako esparruak izan behar dutela, gizonek eta emakumeek askatasunez eta errespetuz disfrutatzeko modukoak. Festak alaitasunerako, dibertsiorako eta abegi onerako uneak dira, eta egoera horretan ez du denak balio”. Kontseilariak “askatasunez bizi izandako festaren irudia sustatzeko” konpromisoa berretsi du, “edozein eraso sexista prebenitzeko xedez eta horrelako jokabideekiko tolerantziarik ezatik abiatuta”. Beranduxeago, pertsona guztiek jai-esparru guztietan duten askatasuna aipatu du, “esparru horiek herritar guztiek partekatu behar baitituzte, gozamenaren ikuspegitik eta beldurrik gabe bizitzeko eskubidetik”.

Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak aurten abiarazi duen “Ez da zapi bat soilik” lemapeko kanpaina aipatu ondoren, argi utzi du agerraldiaren bukaeran “edozein eraso-jarrera jokaera normalizatua bihurtzearen eta aisialdi eta festaren kulturan txertatzearen aurkako eta errefusazko mezu argia igorri behar dela” esparru guzti-guztietatik.

2018rako berritasunak

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak, Nafarroako Ardoak deritzon izendapenaren lankidetzaz, jaietarako akreditazioa duten pertsonei zuzendutako berariazko jarduera-programa eskainiko dute aurten, berritasun gisa.

Horietako lehena “2018ko Sanferminetako brindisa” izanen da, uztailaren 5ean, 12:00etan, NPBaren egoitzan. Aurkezpen ekitaldian, komunikazio turistikoko plana emanen da ezagutzera, baita “Hemingway Traveler” bisitak eta jaiei buruzko informazioa zabalduko duen prentsari zuzendutako “Momenticos de la Fiesta” delakoa ere.

Egun berean, 09:30etan, prentsak “Hemingway Traveler” bisita egiteko aukera izanen du, Udaletxeko atetik irten eta Baluarten bukatuz, Javier Muñoz eta Edorta Jiménez idazleen laguntzaz. Bisita hau ingelesez errepikatuko da astelehenean, uztailak 9, 11:00etan.

Beste bisita gidatuetako bat, “Momenticos de la Fiesta” izenekoa, uztailaren 10, 11 eta 13an eginen da. Ibilbide honetan, txurreriak, erraldoi eta buruhandien konpartsa, herri kirola, txistulariak, dantzak, peñak eta jotak izango dira ikusgai, jaietan duten garrantzia azaltzeaz gain. Izen-emateak NPBan edo turismo bulegoan (oficinaturismo@pamplona.es) egin daitezke.

Zortzi kazetari eta simulagailu birtuala

Egunotan, NPBa mundu osoko komunikabideetako profesionalen topagune bilakatuko da. Bertan, lan egiteko tokiaz gain, zazpi kazetariren laguntza izanen dute San Fermin jaiei lotutako ekitaldi eta protagonistei buruzko informazioa lortzeko.

Gainera, beste kazetari batek San Fermin markaren jarraipena egingo du sare sozialetan, iaz bezalaxe. Azterketa hori oso lagungarria da soberako hedapena duten festari buruzko zenbait irudi negatibori aurre egiteko, arreta bizikidetzan eta dibertsio osasuntsuan jarriz.

Akreditazioekin batera, zenbait informazio-material ere banatuko dira;hala nola, Sanferminetako 2018ko Gida, eraso sexisten aurkako kanpainari lotutako baliabideak, mapak edo turismo-informazioa.