Ramon Agirre aktorea eta aurtengo zinemira saria

“Telebistan euskal fikziorik ez egotea nazio ikuspegitik oso kontu larria da”

Ramon Agirre aktore donostiarrak gaur arratsaldean jasoko du Zinemira Saria, Victoria Eugenian egingo den Euskal Zinemaren galan

Harri Fernández Ruben Plaza - Martes, 25 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:02h

donostia- Ramon Agirrek hiru hamarkada baino gehiago darama-tza aktore lanetan. Antzerkian, telebistan eta zineman batetik bestera ibili da donostiarra. Pantaila txikian, Bi eta bat, Goenkaleeta Go!azen bezalako telesailetan lan egindakoa da. Azken urteetan, pantaila handian maiz ikusi dugu, Aupa Etxebeste!tik hasi, Errementariedo Handia filmetaraino. Euskal Herritik kanpo ere zinemagile garrantzitsuekin lan egin du, Pedro Almodóvar eta Michael Hanekerekin, esaterako.

Zinemira saria jasoko duzu gaur. Zer sentitu zenuen jakinarazi zizutenean?

-Apuro pixka bat. Zer da hau? pentsatu nuen. Gero, poza ere bai, noski. Ez nuen aitzakiarik horri ezetz esateko. Pozik nago.

Ibilbide oparo eta luze baten aitortza da.

-Bai, eta gainera proposamena leku ezberdinetatik iritsi omen da. Ezin nuen ezetzik esan. Esan dizut, apuro pixka bat ematen du. Halako sari bat jasotzeko, zahartu egin naiz, agian? Hau jaso eta gero etxera joan beharko dut? (barre egiten du). Pozez eta gustura jasoko dut.

Hiru hamarkada daramatzazu aktore lanetan. Zer gogoratzen duzu zure hastapenetatik?

-Urte asko eman ditut ofizio honetan, batzuetan asmatuz eta beste batzuetan, ez hainbeste. Gauza ezberdin asko egin ditut. Saiatu naiz eta saiatzen naiz orain ere gauzak ahal dudan ondoen egiten eta ba-tzuetan asmatu egiten duzu. Hori da baloratu dena. Gauza asko pasa zaizkit eta zerbait hautatzea zaila egiten zait.

Arkitektura ikasketak hasi zenituen baina aktore bukatu zenuen.

-Ez nengoen ikasketak bukatzetik oso urrun. Adin horretan ez zen oso erabaki kontzientea izan. Gero zenbait zirkunstantzia gertatu ziren: soldaduska egin behar nuen, gero kurtsoa hasita Parisera joan nintzen eta han urtebete egin nuen... Hor hasi zen gauza pixka bat mugitzen eta antzerki mundua ezagutu nuen. Lehendik ere gustukoa nuen. Aktore moduan lehen pausoak ematen hasi nintzen, beti ere pentsatuz ikasketak bukatuko nituela. Gustuko mundua ikusi eta harrapatu ninduen;buelta emateko berandu zen.

Nolakoak izan ziren lehen pausu horiek Parisen?

-Parisera joan nintzen badelako momentu bat bizitzan ez zarena gustura sentitzen zauden tokian. Zerbait nahi duzu eta ez dakizu zer. Askori gertatzen zaien bezala gaztetan, banoa esan nuen. Nora? Ez nekien eta di-da hartutako erabaki batean Parisen bukatu nuen. Dirurik gabe joan nintzen eta lanean hasi nintzen, zerbitzari moduan, besteak beste. Nire gustuko gauzak ere egiten nituen. Antzerkia gustuko nuen eta pantomima munduko ikastaroren bat egin nuen, adibidez. Komiki mundua ere asko interesatzen zi-tzaidan. Horrelako gauzak egiten hasi nintzen eta beste aukera batzuk eduki nitzakela pentsatzen hasi nin-tzen, nekarren bidea baino, beste batzuk ere bazirela.

Antzerkia gustuko zenuela diozu. Telebista eta zinema ere egin duzu. Non zaude gusturago?

-Nire zortea izan da hiru medioetan maiz ibili naizela. Politena da batetik bestera pasatzea. Oinarrian gauza bera da, baina hiru medio desberdinetan aritzea oso aberasgarria da.

Azken urteetan euskal zinemaren gorakadaz hitz egiten da.

-Nik esaten dut loraldia kalitatean bai, badagoela, baina kantitatean oso urri gabiltzala. Lehengoan datu bat irakurri nuen: euskal zinemak urtero, batez beste, bi luze egiten ditu. Eslovenian, gu baino biztanle gutxiago dituen herrialdean, urtean bost film luze egiten ari omen dira. Konparatuta beste leku batzuekin, gutxi egiten ditugu. Miraria da, hain gutxi eginda, nolako emaitzak lortzen ari garen, a zer nolako filmak egiten ari diren gure zinemagileak. Emaitzak testuinguru horretan kokatu behar dira eta kalitatea ere mantendu behar dugu, baina kalitatea errazago etorriko da bi filmen ordez, hamar egingo bagenitu. Uste dut urtean hamar luze egitea eskatzea ez dela gehiegi eska-tzea. Ez dut uste astakeriarik esaten ari naizenik. Loraldia bai, emaitzetan, baina ez hainbeste kopuruan.

Nola dago euskal aktoreen sektorea? Momentu okerragoak egon izan dira?

-Momentu hobeak eta momentu txarragoak egon dira gure sektorean. Montaña rusa moduko zerbait da. Orain baino momentu hobeak ezagutu ditut. Zinema munduan, urteetan ezer egon ez denez, esan dezakegu goraka egin duela. Telebistan, esaterako, oso gaizki gabiltza, ez dago euskarazko fikziorik eta oraindik ere ikusiko dugu ea noiz egiten den. An-tzerkian ez da erraza konpainia berrientzat muturra sartzea merkatuan. Ez daukate laguntza gehiegirik. Proposamen berriak aurrera ateratzea kostatu egiten da. Horiei leku gehiago egin beharko litzaieke.

Aktore askorentzat telebista harrobia izan da.

-Harrobia eta ogibidea. Pentsa Goenkale batek zenbat lan ematen zuen, zenbat aktore atera dituen eta zenbat ikusle izan dituen. Eta baita ere, euskarari ze mesede egin dion.

Zergatik ez da, beraz, telebistan euskal fikziorik egiten?

-Urte hauetan ez dut zentzuzko ai-tzakiarik edo arrazoirik entzun. Premiazko zerbait dela iruditzen zait euskal fikzioa izatea. Ez zait onargarria iruditzen egoera hau. Euskal Telebista zinema pixka bat bultza-tzen ari da. Hori ere egin behar du, uste dut bere eginkizuna badela, baina telebistako euskal fikziorik ez egotea nazio ikuspegi batetik oso kontu larria iruditzen zait.

Azken hamarkadetan, euskal zinemagintzaren munduan inflexio punturik egon baldin bada, Aupa Etxebeste! filmarekin eman zen.

-Aupa Etxebeste! baino lehen izan ziren urte batzuk hemen ez zela filmik egiten. Beste abiapuntutxo bat izan zen, mugarri moduko bat. Gainera, jendeak oso oroitzapen onak dauzka pelikularekin. Oso gustagarria izan zen. Eta orain saiatzen ari gara hor jarritako langatik behera ez egiten, behintzat. Ez da erraza, baina gora egiten saiatuko gara. Oroitzapen onak ditut nik ere.

Diozun bezala Bergarara itzuli zarete, ‘Agur Etxebeste’ grabatzera.

-Orain berriz ere horretan gabiltza, ilusioz, gauza on bat egiteko gogoarekin. Bergarako herriarekin oso eskertuta nago. Gurekin dago. Gozamena da ikustea nola edozer gauza behar dugun eta hor daudela gu laguntzeko. Herria gurekin dago.

Hamarkada honetan taldeak garapena izan du. Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagile moduan hazi egin dira. Grabatzeko garaian an-tzeman duzu?

-Asierrek eta Telmok oso umore propioa daukate, beste film batzuetan ere erakutsi dutena. Ukitu beltz batekin, beti. Aktoreok ezagutzen dugu zein tonutan mugitzen diren eta zer nahi duten. Horrek, dudarik gabe, erraztu egiten du lana. Tonua Aupa Etxebeste!ko bidetik joango da;egoerak, noski, ezberdinak izango dira. Pertsonaientzat, familiarentzat ere hamar urte pasa dira. Egoera barregarri eta aldi berean dramatiko asko badaude. Estutasunak beti. Egoera larriak nondik atera? Ba hortik, zulo horietatik.

Hemendik kanpo ere lan egin duzu. Michael Hanekerekin ‘Amour’ filmean lan egin zenuen. Cannesen Urrezko Palmorria jaso zuen eta ingelesez ez besteko film onenari Oscar saria eman zioten. Nola izan zen berarekin lan egitea?

-Hor ere oroitzapen oso gozoak ditut. Kasting aukeraketa luze samarra izan zen. Lehengo proba egin nuen, gero denbora pasa zen. Beste batera deitu ninduten, aurrerago. Nik ez neukan ezer galtzekorik eta batzuetan horregatik gauzak lasai egiten dituzu. Atera ez balitzait ere, ez zen ezer pasako nire bizitzan. Atera zen eta hortik aurrera grabaketa gozoa izan zen. Eta esperientzia ere, zer esango dizut! Jean-Louis Trintignant, Isabelle Huppert eta Haneke berarekin lan egin ondoren, suma-tzen dut nire lankideen artean inbidia sanoa (barre egiten du). Hori da bizitzak denoi noizean behin egiten digun opari handi horietako bat. Niri hori pasa zitzaidan eta aprobetxatu eta gozatu besterik ez zegoen.

‘Handia’n ere izan zinen. Oscarretarako bidea jarraitu ez izanak pena emango zizun.

-Bai, baina azkenean galbahe hau pasa izan bazuen ere, gero Estatu Batuetan beste bat geratzen zitzaion. Oso zaila da. Amets egin dezakezu eta egin behar da, baina nahiko errekonozimendu jasotzen ari da munduan zehar. Pelikulak merezi du gainera, oso ederra da. Hor eten da? Ez da ezer gertatzen, beste bide batzuetatik jarraituko du.

Euskal zinemagintzaren historiara pasa da?

-Dudarik ez, baina lehenago esan bezala, gure historia oso laburra da. Beti esaten dut, euskal zinemaren historiari buruzko jardunaldi ba-tzuk eginez gero, astebetean ikusten dituzu filme guztiak. Ez dago dudarik pelikula handia dela eta noski hitz larriekin idatzita geldituko dela gure historia txiki eta labur honetan.

Aurtengo Zinemaldian, Zinemira Saria jasotzeaz gainera, lau produkzioetan zaude.

-Bai. Baino datu batzuk gaizki eman dira. Esan da Almodovarren azken filmean nagoela eta ez, aurrekoan egon nintzen, Julietan. Baita ere esan dute Bajo la piel del lobo filman nagoela baina ez nago. Ez dakit nondik atera duten hori.

Oreinan protagonistetako bat zara, Black is Beltzan pertsonaia bati ahotsa jarri diozu, Errementarin ere paper garrantzitsua duzu...

-TVEk egindako tv movie batean ere lan egin dut. Asesinato en la universidaddeitzen da eta hilaren 27an emango dute Victoria Eugenian.

Zuretzako, behintzat, azken urteak oparoak izaten ari dira.

-Bai, dudarik gabe. Azken bolada luze honetan inoiz baino gehiago lan egiten ari naiz, paper inportanteak, gainera. Ardoarekin gertatzen dena gertatzen ariko zait, igual, zahartzean hobetzen ari naizela. 80 urte ditudanean izugarrizko aktorea izango naiz! (barreak).

Koldo Almandozen Oreina Zuzendari Berrien sailean lehiatuko da. Ez da berarekin lan egin duzun lehen aldia.

-Deus et machinafilm laburrean ere lan egin genuen, oso obra berezia. Niri asko gustatu zait Oreina.

Zer modukoa izan da produkzioa?

-Oso ondo konpondu gara. Pelikula honek transmititzen duen baretasun hori grabaketan ere eman zen. Ahotsik altxatu gabe, oso leun, paduraren baretasun horretan. Koldo Almandozekin ere, pelikulan bezala, hitz gutxirekin eta azkar elkar ulertuz.

Últimas Noticias Multimedia