Kardiopatia sufritzen dutenen aldeko korrika Zarautzen

Bihotzez elkarteak bigarrenez antolatu duen lasterketa igandean egingo da

Nagore Odriozola - 2018(e)ko irailaren 27a, osteguna - 11:18etan eguneratua

Sortzetiko kardiopatia dutenen aldeko lasterketaren aurkezpena.

Sortzetiko kardiopatia dutenen aldeko lasterketaren aurkezpena. (Argazkia: N.G)

Galería Noticia

Sortzetiko kardiopatia dutenen aldeko lasterketaren aurkezpena.

ZARAUTZ – Igandean 11.00etan Itxasmendi auzotik ekingo dio II. Zarautz Bihotzekin Elkartasun Lasterketak. Bihotzez elkarteak antolatu zuen pasa den urtean lehenengo aldiz sortzetiko kardiopatia duten pertsonen aldeko korrikaldi hau eta aurten errepikatzea erabaki dute. “Euskadin 175 ume jaiotzen dira arazo honekin eta gehienek hainbat ebakuntzatatik igaro behar dute bizitza osoan zehar”, azaltzen du Bihotzez elkarteko lehendakaria den Elixabete Rubiok. Haren hitzetan, “sentsibilizazio eta informazio falta handia dago eta lasterketa honen bitartez gabezia horietan laguntzea bilatzen dugu”.

Lehengo urtean 138 partaide izan zituen lasterketak eta aurtengoari begira, momentuz 55 dira korrika egiteko izena eman dutenak. Egunean bertan ere inskripzioa egitea posible izango dela jakinarazi dute, 9.30etik 10.30era bitartean, 15 euro ordainduz. Ibilbidea laua izango da, izan ere Zarauzko kaleetan barrena arituko dira korrikalariak eta guztira 4,9 kilometro egingo dituzte bi kategoriatan banatuta, emakumeena eta gizonezkoena.

Larunbatean Bihotzaren Eguna dela aprobetxatuz, une “egokia” dela dio Rubiok halako gaitz bati “behar duen lekua egiteko”. Izan ere, sortzetiko kardiopatia ikusten ez den arazoa da baina bizi osoa moldatzea eragiten du era berean. “Ebakuntza egin arren, ospitalean denbora asko pasa behar dute pertsona hauek eta haiei laguntzeko lan psikologikoa ezinbestekoa da”, azaltzen du Rubiok eta gehitzen du “desgaitasun ikusezina” bezala ere ezagutzen dela.

Lehenengo edizioan eguraldi txarraz gain jendea erakartzea lortu zutela eta aurten aurreikuspen positiboa egiten dute elkarteko kideek. Informazio gunea ere ipiniko dute gerturatu nahi duen ororentzat eta irabaziak gaitz honek suposatzen duen lan guztira zuzenduko dituztela azaldu dute. “Garrantzitsuena instituzioen arreta gureganatzea da eta haien laguntza eskatzea”, amaitzen du Rubiok. Korrika saioaren ostean zozketa ugari egingo dituztela ere azaldu dute elkartekoek.