hurbiletik

Musikariak Ikastetxean birak euskal musika geletara eramango du

14 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat | Urritik abendura arte luzatuko diren saioetan, euskal musikari ezagunak Nafarroako ikastetxeetara joanen dira, ikasleei zuzeneko musika eskaintzera eta euren bizibideaz hitz egitera.

Miren Mindegia - Viernes, 28 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Programa berritzaile honetan parte hartuko duten musikarietako batzuk, ekimenaren aurkezpenean.

Programa berritzaile honetan parte hartuko duten musikarietako batzuk, ekimenaren aurkezpenean. (IÑAKI PORTO)

Galería Noticia

Programa berritzaile honetan parte hartuko duten musikarietako batzuk, ekimenaren aurkezpenean.

Zuzeneko musikaren bitartez, euskararekiko eta euskal kulturarekiko identifikazioa eta ezagutza sustatzea. Horixe izango da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak abiarazi duen Musikariak Ikastetxeetanprogramaren helburua, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak azaldu zuen bezala. Ekimen honen baitan, A eta D ereduko 14 eta 18 urte bitarteko ikasleek zuzeneko harremana edukiko dute musikariekin, non eta ikasgelan bertan. Programan parte hartu nahi duten ikastetxeek irailaren atzo arte egin zezaketen eskaera.

Hezkuntza Departamentuaren egoitzan bertan programan parte hartuko duten musikarietako ba-tzuk lagunduta egin zen aurkezpenean, ekimenaren helburuak zehaztu ziren: ikasleei euskal musikaren tradizioaren ibilbidea uler-tzeko tresnak eman, eta, horrela, hizkuntzarekiko identifikazioa sustatzea. Bide batez, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izanen dute ikasgeletan.

“Musika helmuga askotara iristeko txalupa badela esango nuke, eta hezkuntzako edozein lanketarako tresna transbertsala ere izan daitekeela”, adierazi zuen kontseilariak. “Musika, tresna bat da. Horrela ulertu nahi dugu eta baliatu ere bai. Emozioak transmiti-tzeko tresna da, jakina, edo ere bai gorputz hezkuntzako adierazkortasuna lantzeoka. Baina batez ere kulturaren eta hizkuntzaren mezulari da musika”.

Horretarako, gazteentzat “eredu” diren musikariak bildu dituzte ikastetxeetara joanen diren musikarien artean: Amorante, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Inun, Jon Basaguren, Joseba B.Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Maria Rivero, Mikel Markez, Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Pelax, Petti, Rafa Rueda, Tristtan Mourguy, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo. Aurkezpen ekitaldian bertan zuzenekoa eskaini zuten bertaratu diren abeslariek.

Euskara ikasten duten DBHko bigarren zikloko eta Batxilergoko ikasleentzat musikak duen garran-tzia eta sortzen duen atxikimendua kontutan hartuta abiarazi du Hezkuntza Departamentuak ekimena. “Hezkuntza Departamentuaren funtzioen artean dago euskaraz ikasten duten ikasleen hizkuntzarekiko identifikazioa, euskal kultura eta tradizioaren transmisioa, eta ezagutza sustatzea. Kantagintza oso tresna baliagarria izan daiteke horretarako”.

Musikariak Ikastetxean ekimenaren bitartez, ikasleek aukera izanen dute “euren gogoko musikariak bertatik bertara ezagutzeko, kantak nola idazten eta konposa-tzen dituzten ikasteko, gelan musika zuzenean entzuteko eta euskal musikaren tradizioaz gehiago jakiteko”, Solanak azpimarratu bezala.

Gazteek, gainera, musika horren esanahi kulturalaz gehiago jakiteko aukera izanen dute, bai eta beste euskal musikariekin dauden loturak ulertzeko ere.

Saioak, urritik abendura

2018ko urritik abendura bitartean antolatuko dira saioak. Hezkuntza Departamentutik argitu dutenez, ikastetxeek saio bat baino gehiago edukitzeko aukera izanen dute, ikasmaila bakoitzean dagoen matrikula kopuruaren arabera. Saioa antolatu ahal izateko, ikasmaila horretan gutxienez 15 ikasle beharko dira. Saio bakoitzean, bestalde, ez dira 40 ikasle baino gehiago egonen, oro har.

Programan parte hartzeko epea joan zen astehelenean zabaldu zen eta ikastetxeek atzo arte izan zuten izena emateko aukera. Behin eskaera guztiak jasota, Euskara Atalak eta programaren kudeaketaz arduratuko den Digitalidadea SL enpresak saioak banatuko dituzte ikastetxeetan. Programaren aurrekontua 29.920 eurokoa dela argitu da Hezkuntza Departamentutik.

artistak

Parte hartuko duten musikariak: Amorante, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Inun, Jon Basaguren, Joseba B.Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Maria Rivero, Mikel Markez, Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Pelax, Petti, Rafa Rueda, Tristtan Mourguy, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo.

xehetasunak

Saioak, urritik abendura:2018ko urritik abendura bitartean antolatuko dira saioak. Hezkuntza Departamentutik argitu dutenez, ikastetxeek saio bat baino gehiago edukitzeko aukera izanen dute, ikasmaila bakoitzean dagoen matrikula kopuruaren arabera. Saioa antolatu ahal izateko, ikasmaila horretan gutxienez 15 ikasle beharko dira. Saio bakoitzean, bestalde, ez dira 40 ikasle baino gehiago egonen, oro har.

Izen-emaea, itxita dagoeneko:Ikastetxeek atzo arte izan zuten izena emateko aukera.