bertan

“Herritarrengandik herria girotzeko sortutako festa izango da hilaren 27an egingo den Kintaden Eguna”

Elgoibarrek I Kintaden Eguna hartuko du hilaren 27an. Dagoeneko 23 kinta ezberdinen bazkariak antolatu dira herriko jatetxe, taberna eta elkarteetan, beti ere, “herritik eta herrian festa giroa sortzeko” bultzatu den jardunaldiari babesa emateko

Jabi Leon - 2018(e)ko urriaren 2a, asteartea - 06:03etan eguneratua

Amaia Arregi eta Mikel Etxaniz.

Amaia Arregi eta Mikel Etxaniz.

Galería Noticia

Amaia Arregi eta Mikel Etxaniz.

elgoibar- Elgoibartarrek Kintaden eguneko festa berezia estreinatuko dute urriaren azken larunbatean. Kinta bakoitzak egoki ikusten duen erara antolatuko du bere jardunaldia baina arratsalde partean denak nahastuko dira egun handietako itxura erakutsiko duten erdiguneko kale eta plazetan.

Nola jaio zen Kintaden Eguna antolatzeko ideia?

-Mikel: Jai giroan lagun artean egonda askotan komentatu izan dugu asteburuetan herrian zegoen giroa asko galdu dela. Hori horrela izanda, zerbait bultzatzeko asmoa azaldu genuen eta beste herrietan egiten dutena ikusita ba... azkenean Kintaden Eguna antolatzeko ideia zabaldu genuen whatsapp-etik.

Zeintzuk dira festa berri honen helburuak?

-Amaia: Helburua herriko jendeak herritarrentzako antolatutako jai bat ospatzea da. Prestatutako formatoarekin norberak bere adineko lagunekin jai giroaz gozatzeko aukera izango du eta, era berean, adin tarte ezberdineko jende berria ezagutzeko parada.

Nolako formatoa izango du festak?

-M: Kinta bakoitzak bere kabuz antolatuko du bere bazkaria eta egoki ikusten dituen ekintzak eta arratsalde partetik aurrera denak ibiliko dira erdiguneko kaleetan.

Zer nolak erantzuna izan du egindako deialdiak?

-A: Oso ona. Dakigunez, dagoeneko 18 urtetik gorako 23 kinta ezberdineko jendeak egin du bat festarekin, egun horretan bazkaltzeko lekua hartuta. Oraindik ez dakigu zenbat lagun egongo dira kinta bakoitzeko bazkarian baina argi dago jende askok parte hartuko duela. Izan ere, jatetxe eta taberna asko beteta daude egun horretarako.

Zuek, zer nolako plana prestatu duzue hilaren 27rako?

-A: Gu 1995ko kintakoak gara eta egunari hasiera emateko Kalegoen plazan elkartuko gara, taldeko argazkia atera, poteoa egin eta Karakate jatetxean bazkaltzeko. Horren ondoren Maala aldera gerturatuko gara festarekin jarraitzeko.

-A: Gu 1986ko kintakoak gara eta egitaraua oraindik ez dugu lotu. Hala ere, seguruenez mendi buelta txiki bat egingo dugu goizean eta baliteke Azaola baserrian hamaiketakoa egitea. Horren ondoren etxera bueltauko gara, dutxa bat hartu eta txikiteoa egitera joateko. Taldeko batzuk musika instrumentuekin aterako gara kalera txikiteoa animatzeko eta hori bukatzerakoan Sigma jatetxean bazkalduko dugu. Nola ez, handik Maala aldera joango gara festarekin jarraitzeko.

Egongo al da ekitaldiren bat herrian festa borobiltzeko?

-M: Kintaden Eguneko bultzatzaileen aldetik ez dugu ezer prestatu baina herrian hainbat gauza egongo dira, Udalak antolatuta.

-A: Hala da bai. Goizean herriko artisauen azoka egongo da Maalan eta gauean Puro Relajo taldearen eta DJ baten emanaldiak.

-M: Gainera, Udalak foodtruck jaia antolatu du asteburu horretarako eta larunbatean mota askotako janariak dastatzeko aukera egongo da Maala inguruan izango diren furgonetei esker. Furgoneta horiek goizeko 02.00ak arte egongo dira irekita eta seguru nago primeran etorriko zaizkigula Kintaden Eguneko festan parte hartzen dugunoi.

Elgoibarko Kintaden Eguna aurten estreinatzen da baina jarraipena izateko asmoarekin?

-M: Hori da asmoa. Lehenengo edizioa ondo irtetzen bada hurrengo urteetan jarraipena izatea gustatuko litzaiguke. Aukeratu dugun formatoarekin ez dago lan handia egin behar duen talde bat eratu beharrik eta antolakuntzarekin jarraitzea posible lirateke.

-A: Bai, eta festa errepikatuz gero antzerako datan egingo genuke berriro ere;herriko jaietatik pixkat urrunduta eta Gabonak aurretik.

Oraindik festarako izena eman ez dutenek, zer egin behar dute festan parte hartu ahal izateko?

-M: Biderik zuzenena bere kintakoren batekin harremanetan jartzea lirateke bazkarirako lekua duten edo ez jakiteko. Kontakturik ez badu kintadenegunaelgoibar@gmail.com helbidera idatz dezake.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txokorik maiteena Amaia: Deba eta Zumaia arteko tartea asko gustatzen zait.

Mikel: Itzurun, txikitako oroi-tzapen onak ekartzen dizkit burura.

Paisaia bat A: Madarixatik dauden mendietako bistak ikusgarriak dira. M: Morutik gaur egun ikus daitekeen paisaia zoragarria da.

Festa edo ospakizun bat Biak: Elgoibarko jaietako Txiki eguna, zalantzarik gabe.

Mendi bat A: Ernio. M: Karakate.

Hondartza bat M: Zumaiako Itzurungoa. A: Mutrikuko Saturraranekoa.

Últimas Noticias Multimedia