2025ean, adimen artifizialari eusten dioten datu-zentroek 448 terawatt-ordu elektrizitate kontsumitu zituzten mundu osoan. Herrialde bat izango balira, kontsumo elektrikoaren ranking globaleko hamaikakarren postuan egongo lirateke, Frantziaren atzetik eta Saudi Arabiaren aurretik. Horrez gain, 4,5 bilioi litro ur kontsumitu zituzten, urtean 600 milioi pertsona baino gehiagoren oinarrizko etxeko beharrak asetzeko adina, eta 6.900 kilometro koadroko azalera hartu zuten, Londres Handiaren azaleraren halako lau eta erdi. 2030erako, zifra horiek guztiak bikoiztu egin daitezke.

Horiek dira Nazio Batuen Uraren, Ingurumenaren eta Osasunaren Institutuak (UNU-INWEH) 2026an argitaratutako txostenak jasotzen dituen datuetako batzuk, adimen artifiziala elikatzen duen elektrizitatearen ingurumen-kostuari buruz orain arte egindako azterketarik osatuenetako bat.

KavehMadani UNU-INWEHko zuzendari eta ikertzaile-taldeko arduradunak argitu duenez, “txosten hau ez doa adimen artifizialaren aurka”. ”Adimen artifiziala modu arduratsuan erabiltzeko eta haren garapenerako beharrezkoak diren mineral kritikoak hornitzen dituzten komunitateak, baita haren azpiegiturak eta hondakin elektronikoak hartzen dituztenak ere, teknologia horren onuradunen artean egongo direla bermatzeko deia da”, azaldu du.

Egunero egiten diren milaka milioi kontsulten kostua

Miriam Aczel eta TshilidziMarwala bezalako ikertzaileek prestatutako txostena CO2 isuriei buruzko ohiko eztabaidatik haratago doa. Izan ere, karbonoaren, uraren eta lurzoruaren erabileraren eragina neurtzen du adimen artifizialaren bizi-zilko osoan: ereduak entrenatzean, eguneroko funtzionamenduan eta horiek hartzen dituzten azpiegitura fisikoetan.

Azterlanaren aurkikuntza nagusia da hizkuntza-eredu handi bat entrenatzea, nahiz eta arreta mediatiko handiena jasotzen duen prozesua izan, energia-kontsumo osoaren % 10 eta % 20 artean baino ez dela. Gainerako kontsumoa erabiltzaileek egunero egiten dituzten milaka milioi kontsultek eragiten dute.

Hori irudikatzeko, txostenak hainbat ataza mota alderatzen ditu, spam-iragazki batek kontsumitzen duen energia erreferentziatzat hartuta, hori baita adimen artifizialak egiten duen eragiketarik sinpleenetako bat. ChatGPTri egiten zaion ohiko elkarrizketa-kontsulta batek iragazki horrek baino 200 aldiz gehiago kontsumitzen du. Irudi estandar bat sortzeak kontsumo hori 1.450 aldiz biderkatzen du. Eta bereizmen handiko bideo-klip labur batek 200.000 spam-sailkapenek adina elektrizitate behar dezake, baita lau litro ur ere.

Eguneroko erabilera horren pisu metatua izugarria da. ChatGPTk bakarrik 2.500 milioi kontsulta inguru prozesatzen ditu egunero, hau da, urtean 383 gigawatt-ordu inguruko elektrizitate-kontsumoa. Haren ur-aztarnak Saharaz hegoaldeko Afrikako 500.000 pertsona ingururen edateko uraren urteko gutxieneko premien parekoa da.

ChatGPTrekin lotutako karbono-isuriak neutralizatzeak 2,6 milioi zuhaitz gazte beharko lituzke hamar urtez hazten, Manhattanen tamainako baso-masa baten parekoa. Eta hori aldi berean funtzionatzen duten gainerako AA tresnak kontuan hartu gabe.

Energia garbiak ez du dena konpontzen

Txostenak azaltzen du energia berriztagarriak ez duela arazoa automatikoki konpontzen. Arrazoia da karbonoak, urak eta lurzoruaren erabilerak ez dutela ontzi komunikatuen moduan funtzionatzen: bat murrizteak ez du esan nahi besteak ere murriztuko direnik, eta batzuetan guztiz kontrakoa gertatzen da.

Azpiegituraren kokapena energia-iturria bezain garrantzitsua da. Datu-zentro berak aztarna desberdina izan dezake erabiltzen duen sistema elektrikoaren, hozteko uraren erabilgarritasunaren eta instalatzen den eremuko lurzoruaren gaineko presioaren arabera. Horregatik, adimen artifizialaren ingurumen-inpaktua ezin da neurtu kontsumitzen duen elektrizitate motaren arabera soilik; hartzen duen lurraldea eta lekualdatzen dituen baliabideak ere kontuan hartu behar dira.

Brasilek bere elektrizitatea gehienbat zentral hidroelektrikoen bidez sortzen du. Horri esker, munduko batezbestekoak baino % 77 karbono gutxiago isurtzen du. Hala ere, urtegi horiek lurralde zabalak urpean uzten dituzte eta ur-bolumen handiak kontsumitzen dituzte; beraz, ur- eta lurralde-inpaktuak munduko batezbestekoa hirukoizten dute. Karbonoan irabazten dena uretan eta lurzoruan galtzen da.

Bioenergiak antzeko logika jarraitzen du. Ikatza erre beharrean biomasa erretzeak batez beste % 70 murrizten ditu CO2 isuriak, baina labore energetikoek ikatz-meategi batek baino 30 aldiz ur gehiago behar dute, eta 100 aldiz lurralde gehiago hartzen dute.

Energia garbiak erabiltzen dituela dioen datu-zentro batek, agian, ingurumen-karga hori lehendik ur eta lur eskasia duten komunitateei egotzi diezaieke.

Miriam Aczel txostenaren egile nagusiak azaldu duenez, “AAren jasangarritasuna karbonoaren arabera soilik neurtzen jarraitzen badugu, energia berriztagarriek azpiegitura horiek garbi bihurtzen dituztela pentsa dezakegu; baina horrek arazo bat konpontzen duen bitartean beste batzuk sortzen ditu, askotan halakorik eskatu ez duten lekuetan”.

Eten digitala ere ingurumenekoa da

Desberdintasun hori konputazioaren geografian ere ageri da. 32 herrialdek baino ez dituzte adimen artifizialean espezializatutako datu-zentroak, eta gaitasunaren % 90 baino gehiago Estatu Batuetan eta Txinan pilatzen da. Horrek 150 herrialde baino gehiago uzten ditu konputazio aurreratuko azpiegitura propiorako sarbiderik gabe; ondorioz, mendekotasun teknologikoa handitu egiten da eta onurak lurralde gutxi batzuetan kontzentratzen dira.

Horrek esan nahi du AAren ingurumen-kostuak jasaten dituzten herrialdeak ez direla zertan haren onurak jasotzen dituzten berak izan.

Datu-zentroak non eraikitzen diren erakusten duen mapa eta ur-estres handiena non dagoen erakusten duena gainjartzen badituzu, batzuetan bat datoz”, adierazi du MirMatin UNU-INWEHren analisi geoespazialeko programaren arduradunak. ”Eta instalazio horietatik gertu bizi diren komunitateak ez dira nahitaez bertan gauzatzen den AA erabiltzen dutenak. Asimetria hori da arazoa”.

Desoreka horri hardwarearen hornidura-katea gehitzen zaio. Txipek behar dituzten mineral kritikoak ingurumen-erregulazio eskasa duten eskualdeetan erauzten dira gehienbat, eta zaharkitutako ekipoek sortzen dituzten hondakinak ere kudeaketa-gaitasun txikiagoa duten herrialdeetara iristen dira neurriz kanpo.

TshilidziMarwala irakasleak, Nazio Batuetako Unibertsitateko errektore eta NBEko idazkari nagusiaren ondokoak, ohartarazi duenez, “AAren azpiegituraren garapen kontzentratua munduko eremu pribilegiatuetan arrakala digital handia sortzen ari da, eta horrek erronka sakonak planteatzen ditu AAren bidezko garapenean”.

2030erako, AAren azpiegiturak urtean 2,5 milioi tona hondakin elektroniko sor ditzake; hau da, hamarbi hilabetero ia 250 Eiffel dorre botatzearen baliokidea. Madanik ohartarazi du ereduen eraginkortasuna hobetzea ez dela nahikoa espiral hori geldiarazteko: “AA eraginkorrago eta eskuragarriago batek AAren kontsumo handiagoa esan nahi du, eta horrek aztarna globala eraginkortasun-hobekuntzei esker aurrezten duguna baino askoz handiagoa izatea eragiten du”.