Euskal Herri osora heldu da G7 gailurraren oihartzuna

Estatu buruen emazteek euskal kultura ezagutzeko aukera izan zuten atzo goizean Ezpeleta eta Kanbon

10.02.2020 | 01:16

Munduko agintarien goi bilera eragina izaten ari da Biarritzetik kanpo ere. Brigitte Macron buru zutela estatu buruen emazteek euskal kultura ezagutzeko aukera izan zuten atzo Ezpeleta eta Kanbon, Arnaga etxean. Bertan, piperraren ekoizpena, euskal kantak eta dantzak, eta pilota deskubritzeko parada izan zuten. Iaz Frantziako itzuliaren etapa bat hartu ondoren, atzo ere pozik zegoen Jean Marie Iputxa Ezpeletako alkatea bere ustez lehen damen bisitak ospe gehiago eta onurak ekarriko dizkiolako Lapurdiko herri turistikoari. Bart senarrekin elkartu ziren berriz duela gutxi osoki berritu duten Biarritzeko Hotel du Palais ospetsuan afaltzeko. Bertan, Oldarra gizon koroak eman zien ongi etorria euskal kantuekin.

Baionan eta Bidarten komeriak izan ziren atzo ere zenbait ekintzaile eta segurtasun indarren artean. Bidarten bildu ziren txaleko horiak eta zenbait manifestari hainbat orduz atxikita izan zituzten, tartean zeudelarik Amnesty Internationaleko nazioarteko bi begirale. Isabelle Charritton hautetsi bidartarra ere bertan zegoen eta gertatutakoa "absurdoa" izan zela deitoratu zuen.

Nazioarteko ahotsak Larunbatean bezala, atzo ere jendarme eta poliziek Baionako erdigunea hetsi zuten bezperan izan ziren atxiloketak salatzeko deituta zegoen manifestaldia galarazteko. Larunbatean istiluak izan ziren manifestari eta agenteen artean. Kazetari batzuek salatu dute poliziak kontrol zorrotzak eta mehatxu egin eta materiala konfiskatu izan dietela. Agenteek ere zenbait kezka plazaratu dituzte sindikatuen arabera Frantziako gobernuak 25 milioi ordu extra ordaindu behar dizkie eta. Urtea hasi zenetik 47 agentek beren buruaz beste egin dute Frantziako estatuan. Lapurdiko su hiltzaileak ere kalera atera ziren atzo goizean eta neumatikoak erre zituzten Angeluko etorbide nagusian lan baldintza eskasak salatzeko.

Irango atzerriko ministroa ezustean atzo Biarritzera hegazkinez iritsi zen tokiaren ondoan nazioarteko ehunka kazetari lan eta lan ari dira Irati erakustazokan. Aretoak benetako babel dorrea dirudi euskara eta frantsesaz gain, gaztelania, alemaniera, japoniera eta nola ez inglesa nahasten direlako etengabe. Egun osoan 24 orduz zabalik dagoen gunean zuzeneko konexioak eta erreportaiak lantzen dituzte bost kontinenteetako berriemaileek, tartean daudelarik Israel, India edo Maliko profesionalak.

aurpegi ezagunak Egunotan mundu osoko hedabideek Biarritzeko gailurraren berri ematen dute eta askotan albistegiak bertatik zabaltzen dituzte. Ross Atkins eta Tomoyuki Oyagi aurpegi ezagunak dira BBC News eta TBS Erresuma Batua eta Japoniako telebista kateetan. Beren herrialdeetako agintariek Donald Trumpekin egin behar dituzten batzarrak jarraitzen dituzte oroz gainetik gerta litezken beste albiste guztiei begirik kendu gabe.

Michael Wuellenweber Alemaniako Welt telebistaren kazetariak ez du baztertzen gaur egungo G7 taldeak kide bat gutxiago edo gehiago izatea datorren urtean. Mirori Watanabek Japoniako egunkari salduenean lan egiten du. Goizero zortzi milioi ale saltzen dituzte eta egunotan Euskal Herriari buruzko erreportaiak idazten ditu.

Gailurraz gain, Pierre Oteiza Aldudeko txerriki ekoizleari buruzko erreportaia argitaratuko du. Euskal txerriaren arraza berreskuratzeaz gain, 70 langile dauzkan nafarrak kintoa sormarka sortzea lortu du hainbat ekoizleekin elkarlanean. Eguerdi oro, Oteizaren ekoizpenak eskaintzen zaizkie Biarritzen dauden kazetariei. Askok diote inoiz ez dutela horrelakorik dastatu. "Begietan ikusten zaie pozik daudela" dio Oteizak harek ere hain berea duen irriarekin.

Goizeder Taberna Mediabask astekariko erredaktore buruak ere hurbiletik jarraitzen du gailurra "Euskal Herrian ez ohikoa baita horrelako hitz ordua eta dimentsio asko dituelako, nazioartean eta gurean bake prozesua dagoelako". Gailurrari esker Biarritzek mundu mailan jadanik daukan ospea handituko dela uste du azkaindarrak. Eta bere galdera hauxe: jasangarria den ekonomia garatzen lagunduko ote du?

noticias de noticiasdenavarra