Bilbo - “Euskara batu sendo bat finkatzeko tresna izan behar da dialektologia”. Hori ardatz izanik, Euskaltzaindiak martxoaren 14 eta 15ean II.Nazioarteko Dialektologia Biltzarra antolatuko du Bilboko Euskal Museoan, hala, mendeurrenaren baitan kokatzen den bostgarren jardunaldia aurrera eramanez.

Modu horretan, Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo adierazi zuenez, “Akademiaren aspaldiko tradizioari eutsiz, biltzar honetan beren beregi landuko da euskararen dialektologia arloa. Aniztasuna izango da protagonista euskararen berba-mintzoak aztergai”.

Izan ere Euskaltzaindiako ordezkariek azaldu zutenez, jardunaldiaren helburua gaur egun nazioartean dauden dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutu, eta horien nondik norakoen berri izatea izango da, eta baita dialektoak etorkizunean euskaltzaindian izan ditzaketen iker-ildoak zehazteko hausnarketa lagungarriak geureganatzea. Bestalde, hizkuntza atlasen corpusak izan dezaketen etorkizunaz eta erabilgarritasunaz hausnarketa egitea izango da azken helburua; izan ere, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendariak adierazi zuenez “euskalkiak euskara batuaren euskarri dira. Euskara batuaren eta euskalkien iskanbilak baketuta daudela, iragana bezala geroa ere aztertu behar da, eta bien arteko zubia egin”.

Biltzarraren ardatza dialektologiaren jardunaldia izango den arren, hiru ekitaldi izango dira hiru egunetan zehar abian jarriko direnak. Lehenengoa, biltzarrari bide emateko, martxoaren 13an, Euskara ibiltaria erakusketa berritua eta interaktiboa izango da Euskal Museoan bertan, orain arte aurkeztutako panelez gain, teknologia berrien erabilera sustatuko delarik. Gainera, zentzumenekin jolastea posible izango dela adierazi zuen atzo Adolfo Arejitak, Euskaltzaindiako Iker sailburuak, beste berrikuntza batzuen artean. Izan ere, helburua “gizarteratzea eta eskola mundura hurbiltzea” delako.

Horrez gain, 14 eta 15ean aipatutako dialektologiari buruzko jardunaldiak eramango dira aurrera; 14ean egun osoz, eta 15ean berriz egun erdiz. Bertan, hamazazpi hizlari egongo dira guztira, baina jardunaldia osatuko duten hiru ataletako bakoitzean txostengile nagusi bat egongo da, horren ondoren mahai-inguruak egongo direlarik. Lehenengo txostengilea Xarles Videgain euskaltzain osoa (CNRS-IKER), izango da, bigarrena John Nerbone (University of Groningen) eta azkena, Pilar García Mouton (CSIC).

Azkenik, Herri Hizkeren Atlasaren X.Liburukia aurkeztuko da martxoaren 15ean, biltzarra buka- tzen den egunean hain zuzen ere. 1984ean abian jarritako egitasmoak, ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzen ditu, horretarako, lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxiari buruzko datuak biltzen dituelarik.

Gainera, jardunaldiak doakoak izango dira, martxoaren 11a baino lehen izena ematea baldintza bakarra izanik, info@euskaltzaindia.eus helbidean edota Euskaltzaindiaren web orrialdean agertzen den telefonoan izena eman beharko da. Bestalde, interpretazio zerbitzua eskuragai egongo da jardunaldian Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien bateratzaileak adierazi zuenez.

Hizkeraren berba mintzoa hizpide izango dute Euskal Museoan antolatuko diren jardunaldietan, modu horretan “gure espiritua isla- tzeko, hau da, euskararen aniztasuna eta batasuna”, Arejitak nabarmendu zuenez.

Horregatik, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria den Koldo Narbaizak azaldu zuenez, “aukera hau euskal kultura handitzen jarraitzeko aprobetxatu behar da”.

Mendeurrenaren ekitaldiak Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen bostgarren ekitaldia izango da dialektologiarena, eta ondoren lau ekitaldi gehiago antolatuko dira. Lehenengoa, maia- tzean izango da Bilboko euskaltzaindiaren egoitzan, eta literatura landuko da. Bigarrenari dagokionez, ekainean onomastika izango da hizpide Gasteizen, uztailean gramatikari buruzkoa Donostian izango da eta azkena bere aldetik, gipuzkoar hiriburuan ere eskainiko da teknologia berriei buruzko jardunaldia, mendeurreneko kongresu akademikoei amaiera emanez.

ekitaldi kulturalak Jardunaldi akademikoez gain, ekitaldi kultural artistikoak ere eskainiko direla azaldu zuen Ibon Usarraldek, modu horretan, martxoaren 10ean Arriaga antzokian Mende berria kantuz obra izango da eta martxoaren 16an berriz, Biz Hitza izeneko obra, Aukeran dantza konpainiaren eskutik, euskara batuaren historia ezagutzera emango delarik. Arriaga antzokia izango da berriro ere Euskaltzaindiaren babespean taularatzen den an- tzezlanaren eszenatokia.