BILBO. Estreinatu berri du Barakaldok hirugarren parke estalia. Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Azpiegitura Arloko zinegotzi Jonathan Martinek gaur goizean bisitatu dute Lutxanako auzo barakaldarrean dagoen haur gune berria.

"Auzora gentozen bakoitzean, familiek estalkia egiteko eskatzen ziguten, eta parke honetan egitea nahi zuten, nahiz eta behin betiko soluziorik ez zen aurkitzea lortzen. Horregatik eskatu genien teknikariei, parke azpiko garajearekin bateragarri izateko moduko soluziobide bat aurkitzea, inguruko etxebizitzei ikusmirak eragotzi gabe", azaldu du alkateak.

Horregatik egin dira tonu urdinxkako hiru estalki independente, zeharrargi eta arin. Argi naturala sartzen da, eta ikus-inpaktua saihesten. Estalkiek % 1eko malda dute, eta erretenak, berriz, 15 zentimetroko zabalera, euri urak biltzeko. Argi puntu berriak eta hiri altzariak ere jarri dira.

Bide batez, parkeko hiru jolas-guneetako lurzoruko goma erabat berritu, eta beste bi zabu-egitura jarri dituzte. "Alkatetzara heldu ginean, 2015ean, egokitutako zabuak jartzeko konpromisoa hartu genuen, Barakaldoko parkeetan ume guztiak jolas zitezen. Horregatik, haur parkeak berritzen ditugun bakoitzean, horrelako zabuz hornitzen ditugu", azpimarratu du alkateak.

ESTALITAKO HAUR-PARKE SARE BERRIA

Lutxana eta Llanoko familientzako obra honetan 187.566 euro inbertitu ditu Udalak. "Lau urteotan, estalitako hiru haur jolas-gunez hornitu dugu hiria: Anaien parkekoa, Gurutzetako Bakea-koa eta Lutxanako Santiago Herrero-koa", gogorarazi du Del Campok.

Horrez gainera, amaitzear dago beste laugarren bat : San Bizente auzoko Errosario plazakoa. Inbertsioa, 173.864,85 eurokoa izan da; eta hau dute lehenengo parke estalia, auzoan.

"Bizkaiko bigarren hiria da Barakaldo, eta era honetako zerbitzuak behar ditu, garenaren mailako zerbitzuak, alegia. Horregatik jarraituko dugu hiriko parke estalien sarea handitzen", adierazi du alkateak. Alde horretatik, Desertu-Berriko Desertu plazan estalkia jarriko zaio haur parkeari. Dagoeneko kontratazio bidean da. Gurutzetako Balejon ere haur gune estali bat egingo da, Partaidetzazko Aurrekontuen barruan, 200.000 euroko aurrekontuarekin.