donostia - Euskararen egoerari buruzko inkesta soziolinguistikoa bost urtetik behin egiten da. Euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak zortzi puntu egin du gora Euskal Herrian eta EAEn %20ko igoera erdietsi da, 1991eko datuak 2016koekin alderatuz. “Pausu handiak eman dira euskararen ezagutzaren arloan, eta orain eremu gehiagotan ezagutzatik erabilerara pasatzeko momentua da. Euskarak harreman hizkuntza izan behar du administrazio barruan zein beste erakundeekiko eta herritarrekiko harremanetan”, azaldu zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak atzoko jardunaldiaren aurkezpenean.

Ezagutzan eman diren aurrera pauso handiek lotura estua dute 1993an euskara indartzeko kaleratu zen dekretuarekin. Azken hau martxan jarri zenetik, herri langileen artean, euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen kopurua zeharo handitu egin da, hasierako %24tik 2017ko %71ra helduz. Gainera, gaur egun, langileen %68 inguruk lege lanpostuan eskatzen den hizkun-tza eskakizuna egiaztatuta dauka. “Hor ikusten dena azkenean da badaukagula masa kritikoa nahikoa, baina erabileran badauka zer hobetu, dekretu hori ez baita eraginkorra behar den moduan eragiteko”, ziurtatu zuen Miren Dobaran sailburuordeak.

Erabilera dekretu berriaren erronka nagusia argi geratu den horretan, hurrengoak izango dira honen helburu nagusiak: ezarritakoaren arabera hizkuntza eskubidea bermatzea, normaltasunez erabiltzen dela ziurtatzea, bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna lortzea eta euskararen erabilera sustatzea erakundeen bizitza eremu guztietan.

Aipatutakoak aurrera eraman ahal izateko pentsatuta dauden neurriekin bat, adibide praktikoak baliatu zituen Dobaranek. Esaterako, zaharren egoitzetan lan egiten duten zaintzaileek zertarako behar dute idatzizko hizkuntza eskakizun egiaztatua? Eta tren gidariek? Baina arazoa ez da horretara muga-tzen. D ereduan irakasten duen irakasle batek azterketa gazteleraz egiteko eskaera egin dezake, eta euskarazko lanpostu bat eskuratu nahi duen langile batek azterketa erderaz egin dezake. “Orduan guk hemen, eskakizuna derrigorrez egiaztatu behar den lanpostu batean, erakundeak azterketa euskaraz jartzea eskatuko dugu, horrelako langile batek egiaztatu behar duelako euskara dakiela”, adierazi zuen Dobaranek.

Lan munduarekin jarraituz, dekretua martxan jartzen den momentutik aurrera IVAP bihurtuko da sektore publiko osoaren erakunde akreditzatzaile bakarra. “Hori apurka ordenatzen joateko nahia dugu, gizartean hurrengoa argi uzteko: sektore publikoko langile izatekotan IVAP, eta herriko langile izatekotan, HABE”, argitu zuen Dobaranek.

BIDEAREN BEREZKO ERRONKAK “Euskara putzu sakon eta ilun bat zen dio abestiak, eta milaka euskaldunen lan eta ahalegin handi edo txikiei esker, putzu sakon eta ilun horretatik atera eta iritsi gara hona, gaurko egun honetara”, adierazi zuen Juan Mª Atutxa Sabino Arana Fundazioaren lehendakariak jardunaldiaren aurkezpena egiterako orduan.

Bide horretan Andrés Urrutia euskaltzainburua gurutzatu zen atzokoan, eta Euskaltzaindiaren 100. urteurrenarekin bat, honen ondarea aldarrikatzeko aprobetxatu zuen: “Orain dela 100 urte haiek egin zuten modu berberean, gure erara egin behar badugu ere, ezin dugu kareletik bota lehenik egindakoa eta ezer egin ez balitz bezala bestelakotan hasi. Errespetu horrekin batera ere, asmamena behar dugu”.

Azkenean, hurrengo urteotako euskaraldiak eraginkorrak izateko, gizarte osoaren atxikimendua lortu beharko da.