Abiatu da Errigoraren udazkeneko kanpaina

Azaroaren 20ra arte, tokian-tokiko produktuak erosiz euskara bultzatzeko aukera izanen da

10.02.2020 | 11:52
Errigora egitasmoaren antolatzaile eta laguntzaileak, Katakraken eskainitako aurkezpenean.

iruñea - Iritsi da zazpigarren edizioa: atzo hasi eta azaroaren 20ra arte izango da Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina. Urtero bezala, data hauen artean Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskatu ahal izango dira, webgunearen bitartez eskaerak eginez edo kanpainarekin kolaboratzen duten tokietan emanen diren eskuorriak betez. Euskal Herri osoan, 700 puntu baino gehiago egonen dira, 200 bat herritan. Helburua, irabaziekin tokian-tokiko kontsumoa sustatzea eta Erriberan euskara sustatzen duten ekimenei bultzada ematea.

Asteartean Errigoraren antolatzaileek Katakraken egindako kanpainaren aurkezpenean aditzera eman zuten bezala, nobedade garrantzitsuekin dator ekimena aurten. Alde batetik, erosleak hiru saski mota desberdinen artean aukeratzeko aukera izanen du, orain arte 50 euroko bi saski mota eskaintzen ziren bitartean. "Saski beltza, orain arte eskain-tzen izan dugun moldeko saskia izango da, betikoa, 50 euroren truke jaso ahal izango dena", zehaztu zuten aurkezpenean. "Berdea 60 eurotan eskuratu ahal izango da, bistan denez, produktu ekologikoz osatua. Saski zuriak -berezia- 70 euroko balioa izango du; gabonetako saski baten tankerakoa egin nahi izan dugu, formatik bertatik ere besteetatik desberdinduz".

Agerraldia eta euskalgintza, irabazien onuradunak Bigarren berrikuntza diru-ekarpenaren ingurukoa izanen da, "akaso, apustu handiena", aurkezpenean azpimarratu bezala. "Kanpainaren bizi-itxaropena gainditzera datorren eta Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara haize freskoa ekarri nahi duen ekimena jarriko dugu martxan: Agerraldia". Antolatzaileek argitu zutenez, "Agerraren eremuan", Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, euskara plazara ateratzea helburu izanen duen ekimena da Agerraldia. "Euskara jende gehiagok ezagutu, erabili eta estimatu dezan eragin nahi dugu. Nafarroako erriberan eta erdialdean euskararen aldeko proiektu zaharrak indarberritu eta berriak sorraraziko dituen olatua sortu nahi dugu, Agerreko euskaldun eta euskaltzaleak protagonista garela. Ahaztu gabe AEK, sortzen eta ikastolen elkarteari bideratzen zaiona".

Hala, Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari irabazien %25 emanen zaio, orain arteko kanpainetan bezala. Alde batetik, Euskararen Legearen arabera zonalde ez-euskaldunean dauden ikastolek jasoko dute laguntza: Vianako Erentzun, Lodosako Ibaialde eta Tuterako Argia ikastolek. Bestalde, AEK euskaltegiak, egitura gastuei zein ikasleei matrikula ordaintzen laguntzen dien beka-sistemara bideratzeko jasoko du diru laguntza. Eta azkenik, Errigoraren bultzada Sor-tzen elkartera bideratuko da, sare publikoan D ereduko taldeak mantendu eta berriak sor daitezen.

Kanpainaren arrakasta auzolanean oinarritzen da: "Ehunka lagun ari gara, borondatez, Euskal Herri luze-zabalean kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzen. Ehunka ariko gara saskiak osatzen eta handik hona eta hemendik hara kutxak eramaten".

Errigorak 2013an abiarazi zuen bere lehenengo edizioa eta ordutik hona egindako sei kanpainen bitartez 1.000.000 euro bideratu dute Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematen ari diren proiektuetara.