iruñea - Euskararen sustapenaren eta hizkuntza eskubideen errespetuaren inguruan agintariek “aitzakiarik gabe” eta “modu ausartean” jokatzeko unea dela azpimarratu zuen atzo Paul Bilbao Kontseiluko zuzendariak, Europatik iritsi den Eremu Urriko Hizkuntzen gutunaren harira Behatokiarekin batera egindako agerraldian. Hizkuntza eskubideen alorrean jarduten dute bi erakundeen arabera, Adituen Batzordeek egindako gomendioek bat egiten dute haiek egindako eskaerekin, eta erakundeei konpromiso irmoa eskatu diete gomendio horiek betetzeko.

Beren aburuz, bi gauza uzten ditu argi Eurogutunak: alde batetik, Espainiako Estatuaren axolagabekeria; eta beste alde batetik, Nafarroan euskararen sustapenean eta langile elebidunen kontratazioetan erabaki ausartagoak hartzeko beharra. Izan ere, Bilbaok argitu moduan, Nafaroan ez dira betetzen gutunaren konpromisoak. “Oso argia eta zuzena izan da txostena Gobernuari eskatzean euskara ofiziala ez den eremuetan euskara sustatu behar duela”. Bestalde, Adituen Batzordeak lanpostuen inguruan egindako oharrak ere “oso argigarriak” direla azpimarratu zuen. “Europak herritarren eskubideak hartzen ditu gogotan, eta egun euskararen ezagutza duten lanpostuak nahikoak ez direla jasotzeaz gain, agerian jar-tzen dute ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza euskara baino gehiago baloratzen direla”.

Duela aste batzuk Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak kaleratutako epaia harira, zer hausnartu ematen du europar txostenak. “Orduan esaten genuen epaiak Eurogutunarekin talka egiten zuela, eta txostenak hori erakutsi du. Helegiterik zergatik ez zen tarteratu ulertu gabe jarraitzen dugu”. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak iragarritako dekretu berriari dagokionez, “bai euskararen erabilerari ofiziala ez den eremuetan, bai langileen hizkuntza-gaitasunari zein euskararen baliorazioari begira”, Gobernuak irizpide hauek jarraitzea eskatu zion Bilbaok.

Estatuaren axolagabekeria Bestalde, Agurne Gaubeko Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak eurogutuna betetzearen beharra azpimarratu zuen, eta gogor gaitzetsi Espainiako Estatuaren jarrera honen aurrean: “Lehen ebaluaziotik Espainiako Gobernuari administrazioetan jarrera aldatzeko eskatu bazaio ere, muzin egin izan die gomendioei, eta bosgarrenez agerian utzi du axolagabekeria”.

Justizia-administrazioan gerta-tzen dena “eskandaluzkotzat” jo du Behatokiko zuzendariak: “Estrasburgon kontziente dira marko juridikoa eta Botere Judizialaren Lege Nagusia aldatu behar direla, eta halaxe ari zaio eskatzen azken urteotan. Estatuak, hizkuntza-eskubideak ez ezik, defentsa-eskubidea zein babes judizial eraginkorrerako eskubidea ere urratzen jarraitzen du”.