Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Medikuen Sindikatuak (NMS) lehen akordioa sinatu dute, batetik, mediku-taldearen egoera eta lan-baldintzak eta baldintza profesionalak nahiz gure Komunitateko osasun-arreta hobetu ahal izateko, eta, bestetik, "gatazka-dinamika gainditu eta elkarrizketa, negoziazio eta itunari bidea egiteko oinarriak finkatzeko, osasun-sistemarentzat eta Nafarroako herritarren zerbitzuarentzat aurrerapenak ekartze aldera", adierazi du Osasun kontseilari Santos Indurainek.

Hasierako akordio hori medikuek ostiraletan egindako batzarren bidez berretsi da eta orain formalki sinatu da. Akordio hori lortzeko, negoziazio eta kontaktu ugari egin dira, NMSk proposaturiko neurrien eta Osasun Departamentuaren premien eta lehentasunen artean batzeko puntuak lortzeko. Akordioaren bitartez, hobekuntzak lortu dira antolamenduaren nahiz maila ekonomikoaren aldetik, eta lehen urratsa da urte berriko lehen seihilekoan negoziatu eta adostu beharreko gai garrantzitsuei (ordainsariak, estaldura zaileko plazak,€) buruzko negoziazio berriei aurre egiteko.

Osasun kontseilaria "oso gustura" agertu da, eta esan du garrantzitsua dela egoera hori desblokeatzea lortzea, agintaldian zehar zuzendaritza-taldearekin bultzatu nahi duten profesionalen politika estrategikoari begira, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidea berritzeko eta eguneratzeko eta datozen urteetan profesionalen faltaren testuinguru oso "desafiatzaileari" aurre egiteko. Akordioa sinatuta, lanerako fase berria ireki da, eta, modu horretan, neurriak abian jarriko dira urtearen hasieratik aurrera, bigarren akordioa negoziatu eta adostuko da urtearen lehen hiruhilekoan eta gatazkari amaiera emateko akordioa lortzen ahaleginduko dira uda aurretik.

Akordioa sinatzeko ekitaldian izan dira kontseilaria bera; Carlos Artundo, zuzendari nagusia; Esteban Ruiz, Osasunbideako profesionalen zuzendaria; eta Manolo Carpintero eta Alfredo Martínez, Lehen Arretako eta NOGeko kudeatzaileak, hurrenez hurren; sindikatuaren izenean, berriz, lehendakaria eta idazkari nagusia izan dira, Aurelia Mena eta Alberto Pérez, Jesús Soria, Rosa Alas eta Juan Ramón Sanchizekin.

Gaixoak artatzeko denbora gehiago eta itxaro-denboren kudeaketa hobea

Neurrien artean, aipatzekoak dira Lehen Arretan kontsultaren denborak gehitzera bideratutakoak; hala nola, Osasun Txartel Indibidualaren gehieneko kupoak ezartzea Lehen Arretan eta gaixoa artatzeko denbora gehitzea (gutxienez 10 minutu otsailean eta 12 minutu urrian). Beste neurri-sorta bat honako hauen ingurukoak dira: profesionalen baldintzak nahiz jarduera osagarriaren eta ezohikoaren bidezko baldintzak eta konpentsazioak hobetzea; osasun-arloko profesionalak oro har eta medikuak bereziki lehenestea datozen OPEetan; kontratuen baldintzak eta iraupena hobetzea; edota 55 urtetik gorako profesionalentzat guardiak salbuestea erraztea.

Hirugarren blokea, berriz, profesionalen parte-hartzeari eta aintzatesteari buruzko da, eta, besteak beste, ondorengoak sartzen dira: autonomia handiagoa agendak kudeatzeko, MIR tutoretzen konpentsazioa, familia-bizitza errazteko neurriak eta lantalde mistoak berehala sortzea lehen arretan nahiz ospitale-arloan identifikaturiko arazoak jorratzeko.

Horrez gain, Osasun Departamentuak idatziz konpromisoa hartu du mediku-taldearen ordainsariak hobetzeko, indarrean den eskumen eta lege esparruaren barnean.

Azkenik, Gabonen ondoren, NOZ-Ok edukiak eta metodologia negoziatuko ditu NMSrekin adostutako ibilbide-orria jarraitzearren, eta gainerako sindikatu eta talde profesionalekin ere berehala hasiko da negoziazioak egiten, dagozkion akordioen luzapena nahiz negoziatzeko dauden gaiak adosteko eta negoziatzeko helburuarekin.