316.481.707 milioi euroko aurrekontuarekin Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak berdintasunaren eta gazteriaren arloko politikak finkatu nahi ditu 2020rako Nafarroako Aurrekontuen Aurreproiektuan, Gobernuaren hainbat arlotan zeharkako eragina izanen duten neurriak eta programak martxan jarriz. Kontu horiei esker, behar bezala eraman ahal izanen da aurrera legegintzaldi honetarako lehentasunezko konpromisoa den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legea, eta, aldi berean, genero-indarkeria prebenitzeko lanean jarraitzeko partidak finkatuko dira.

Era berean, herritarrei ematen zaizkien eta segurtasun publikoari dagozkion zerbitzu garrantzitsuen kalitateari eutsi nahi zaio, hauei esaterako: Foruzaingoari, Suhiltzaileei eta larrialdien kudeaketari. Langile publikoen eskubideen aldeko prestakuntzaren eta aurrerapenaren alde lanean jarraitzeko ere balioko du. Aldi berean, Foru Administrazioan gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta eraldaketa digitalaren bitartez herritarren parte-hartzea bermatzearen eta hobetzearen aldeko apustua eginen da.

Prebentzioa eta arreta emakumeen aurkako indarkeriaren alorrean

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari (NABI-INAI) dagokionez, aurrekontuaren %46 emakumeen aurkako indarkeriaren arloko prebentzioari eta arretari egonen da zuzendurik, bai berariazko programen eta sentsibilizazio-kanpainen bidez, eta baita indarkeria jasaten ari diren emakumeei eta haien seme-alabei eragindako kalteari erantzuteko eta hori ordaintzeko baliabideen bidez ere.

Gainera, aurrekontuaren bertze %41, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko jardueretara, kanpainetara eta Komunitateko lurralde osoan hedatzen diren programetara bideratuko da. Horrela, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legearen garapena bultzatzeko berdintasunaren arloko jarduketetarako partida handitu eginen da.

Era berean, bertze ekintza batzuen artean, toki-eremuan berdintasun-politikak bultzatuko dira, 526.000 euroko partidarekin, toki-erakundeek beren lurraldeetan berdintasuna lortzeko jarduketak bultzatzen jarraitu ahal izan dezaten. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF-FNMC) lan egiteko partida ere finkatuko da.

Lidergoa Gazteriari buruzko politika publikoetan

Gazteriari dagokionez, sortu berri den Nafarroako Gazteriaren Institutua (NKGI-INAJ) erakunde autonomoa sendotuko da aurrekontuetan, gazteriaren arloko politika publikoetan lidergoa izateko helburuarekin. Halaber, datorren urtean Gazteriaren Foru Estrategia eguneratu eta III. Gazteria Plana (2020-2022) eginen da. Gazteentzako programekin ere jarraituko da: Nafarroako Gazteekin Jarduerak egiteko Eskola, Gazte Karneta, Erasmus+ programaren bidezko gazteen mugikortasuna, toki-erakundeentzako diru-laguntzak gazte-programetarako eta asoziazionismoa sustatzeko.

Koordinazio eta Aginte Zentrora (KAZ-CCM) zuzenduriko partidaren indartzea

Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, aurrekontua 680.000 eurotan handituko da. Horrela, helburu nagusia, herritarren segurtasun eskaerei erantzutea, indartu eginen da. Ildo horretan, baita ere, nabarmentzekoa da 110.000 euroko partida, Mutiloako Sanquín lursailean aurreikusirik dagoen Koordinazio eta Aginte Zentro (KAZ-CCM) berriaren proiektuan aurrera egiteko; bertze batzuen artean, Belosoko Foruzaingoaren komisaria nagusia edo SOS Nafarroaren instalazioak bertara eraman nahi dira. Horrez gain, suhiltzaileen ibilgailuak berritzearen aldeko apustua eginen da, partida hori 500.000 euro handituz.

Langile publikoen gardentasunaren, partaidetzaren eta prestakuntzaren aldeko apustua

Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak, datuen gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta herritarren partaidetzarako bideak hobetuko dituzten tresna informatikoak hobetzera bideratzen ditu partida gehienak. Nabarmentzekoa da digitalizaziorako 75.000 euroko partida espezifikoa. Horrez gain, 1.100.000 euroko partida aurreikusten da Nafarroako Jauregiko obretarako, Antzinako Artxibo Nagusiaren eraberritzea amaitzeko eta herritarrei arreta emateko espazioa hobetzeko.

Funtzio Publikoan, langile publikoen etengabeko eta kalitatezko prestakuntzaren aldeko apustua egiten jarraituko da, eta 1.280.000 euroko partidak bideratuko dira horretarako. Aipatzekoak dira, baita ere, montepioen defizita finantzatzeko Udaletara zuzenduriko diru partidak, eta Iruñeko, Tafallako eta Tuterako Udalen aldeko 15 milioi eurotik gorako transferentzia.

Funtzio Publikoaren aurrekontuaren 1. kapituluak, langileen gastuak, Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile publikoen %2ko soldata-igoera, eta baita Departamentuaren eta sindikatuen artean 2018ko urriaren 4an sinaturiko akordioa gauzatzeko %0,3ko igoera eta montepioetako funtzionarioen pentsioen ordainketa ere barne hartzen ditu.

Bertze alde batetik, Komunikazioko Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuaren partida nagusia ikus-entzunezko produkziorako laguntzetara bideratuko da. 1.150.000 eurorekin, helburua telebista-saioak, autonomia zein toki mailakoak, sustatzea da.