arrapatu gaituen birusa ez da koroa duen hori, baina mundua gaixo dagoela argi dago. Gaixo dago aste honetan Grezia eta Mediterraneo inguru horretan ikusi ditugunak ikusita begiratu besterik egiten ez dugulako, normaltasun batean irentsi.

Onartuko dizuet, enaiz munduko pertsona enpatikoena. Egia esan, batzuetan nire buruari galdetzen diot ea hotzegia ez ote naizen, hainbat gauzek asaldatu ere egiten ez nautelako. Ohituega egongo naiz zenbait gauza ikustera, edo ulertzera, baina oraindik ez nago nahikoa ohitua giza miseriara. Miseria moralaz ari naiz noski, miseriatik ihesi datozen horiei miserableki erantzuten dion horrek duen moral miserable horretaz..

Onartuko diet ere bertakoei asaldatzeko aukera. Euren irla, herri edo hiria egoera konprometitu samarrean jartzen baitu azken urteetako inmigrazio uholdeak. Sentitu daitezke deseroso, eta horri konponbidea bilatzea erraza ez dela ere onartuko diet, baita gure Super Europak ez diela erantzun pragmatikorik ematen ere, baina horrek ez du justifikatzen inorri ostikadaka erasotzea, itsaso erdian daudela txalupa ondoratzen saiatzea kolpeka, edo tiro egitea kostara gerturatu ez daitezen.

Arrunt tristea da haur bat hil dela entzutea, baina zenbat banakako egon dira orain artean? Gogoan duzue hondartza hartan buruz bera geratu zen txikitxo hura? Sirian, adibidez, egunero etxebizitza txikitu dietelako azpian harrapatuta gelditzen diren horiek? Stalin-ek esana omen da hildako bat tragedia dela, baina milioi bat hildako daudenean estatistika hutsa bihurtzen dela. Ez zait esaldi hoberik bururatzen hau dena biltzeko.

Negarrez ikusi nuen haur bat albistegietan. Ekialde urbilekoa izango zen itxuragatik, eta dagoeneko ez zuela Greziara joan nahi zioen malko artean. Normala, nik ere enuke nahi, gerturatzerako tiroka, kolpeka edo gasarekin erantzungo balidate. Gerrako infernutik ihesi dator jendea, eta mendebaldeko pribilegioekin tupust egiten dute gordinean. Laguntzeko jarrera ere agertu izan dute nazioarteko zenbait herrialde eta erakundek, baina hori bai, zuen jatorritik mugitu gabe ahal dela. Bidaliko dizut salda beroa, hemen oilaskoa jaten dugun bitartean. Kafesne bat eskatu eta gaizki aterako baligute, ederki aldarrikatuko genituzke gure eskubideak, baina Genevako hitzarmenetan gerra errefuxiatuen inguruko erabakiak ordea ez ditugu hain barneratuak irudiz.

Honekin guztiarekin lotuta aste honetan bertan jakin dut nola Siria, eta azkenaldian ezaguna egin zaigun Alepo hiria, beste batzuen artean, Bigarren Mundu Gerratik ihesi zihoazen greziarrentzako babes eremu izan zirela. Naziengandik ihesi alde egindako heleniarrak bertan hartu zuten babes, bertan aurkitu heriotzetik ihesbide bat. Herrialde hartzailea emaile bihurtu da denborarekin eta Naziengandik ihesi zihoazenak, Nazi moderno. Europa aldiz harresidun gaztelua bilakatu da, zenbait krokodiloren babespean.