- Zergatik erabaki duzue Arigune bezala parte hartzea Euskaraldian?

-Bilgunea, feminismotik, euskaratik eta euskaraz egiten duen genealogia horretatik datorrelako, emakume euskaltzale askok osatutako kate baten baitan gaudelako eta herritarren eta herri mugimenduen sostengua behar duen Euskaraldiaren moduko ekimen bat sustatzea, zentzu horretan, nahitaezkoa iruditzen zaigulako.

Bilgune Feministatik, zein da Euskaraldiaren inguruan egiten duzuen irakurketa?

-Beharbada, erakundeetatik ha-markadaz hamarkada, eta Nafarroan zer esanik ez, egindako hizkuntza politika baztertzaile eta neoliberala garbitzea suposatu dezakelako: segregazioaz, hiztunza gutxitua izateaz eta herritarren eskubideen urraketa sistematikoaz ari naiz. Hala ere, iruditzen zait oso sugerentea dela hiztun guztiok euskara normalizatzeko dugun boterea jokoan jartzea. Uste dut Euskaraldiak erakusten dituela euskara erabiltzeko egunerokoan ditugun muga guztiak, horren kontzientzia hartzeari bidea ematen dio. Zentzu horretan, euskal hiztunon ahalduntze bat eragin dezake, konplexuak kentzeko ariketa bat.

Borroka feministak eta euskararen normalizazioaren aldeko borrokak zerikusia dutela errango zenuke? Zeintzuk erranen zenuke direla komunean dituzten ezaugarri horiek?

-Emakumea izatea eta euskaraz bizi nahi izatea, biak ala biak dira posizio ez hegemonikoetan egoteko kausa. Biak dira baztertuak eremu ez formalera, pribatura, ez arraziolera. Biak dira “bestea” izatearen adibide. Gainera, euskararen biziraupena urteetan zehar emakume askok eskoletan, euskara elkarteetan, etxeetan egindako ahaleginari esker gertatu da hein handi batean, eta ez dakit hori behar bezala aitortu dugun, euskalgintzaren aurpegiak gehienetan gizonenak direlako... Uste dut gauza guzti horiek eta gehiagok erakusten dutela bi borroka hauek elkar lotzeko elementu asko ditugula. Biak kokatu behar dira jendarte parekide, demokratiko eta justu bat eraikitzeko palanka moduan.

Bilgune Feministaren egunerokoan euskara duzue hizkuntza nagusi. Zeintzuk dira Arigune bezala lortu nahi dituzuen helburuak?

-Bilguneak egunerokoan euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duen lana bisibilizatzeko modu bat da. Bestetik, Euskaraldiaren ekimena eta helburuak transmiti-tzeko antena bat izan nahiko luke Bilgune Feministak, bereziki emakume sare zabalean. Bestetik, mugimendu feministan euskara erdigunean jartzeko eta euskalduntzeko bulkada berri bat ekar-tzea ere dugu helburu. Sare feminista anitzak dira gureak, zorionez, eta hor elkar topatzen gara emakume migratu askorekin, estatutik etorri diren emakume askorekin... Iruditzen zaigu interesgarria dela espazio horietan irakurtzea hizkuntza eta euskara emakumeok bizi ditugun zapalkuntzen ardatz moduan. Horretarako ere kolektiboki eta gure komunitatean ere bitartekoak jartzea eta kontzien-tzia hori zabaltzea da Euskaraldiak ematen digun aukera.

Zeintzuk edo zer nolakoak izango dira Bilgune Feministak abiaraziko dituen Ariguneak?

-Arigune nagusiak gu geu garela uste dut, Bilguneko militante eta sarekideak. Gure funtzioa izango da gure sare sozialetan eta gure sare fisikoetan Euskaraldiaren berri ematea eta jendea aktibatzen laguntzea. Baina bestela ere, gure jarduera guztiak euskaraz egin ohi ditugu gure egoitzan, sareetan eta komunikazio euskarri guztietan. Hala, konpromiso hori berrestea izango da gure helburua.