raganeko oratoria, betiko ahozko hizkuntza… orain joku, pasadizo eta ariketa berezien bitartez lantzen dute Alaitz ikastetxean. Beti bezain inportantea delako, egun are gehiago, jendeaurrean ongi hitz egitea eta sentitzen edo pentsatzen duzuna askatasunez azaltzea. Horretarako, Haur-Hezkuntzako jolas bideratuekin hasten dira, hitzaldi landuak egiteraino Lehen Hezkuntzako mailarik altuenetan.

Hortaz, ez da harritzekoa Alaitzeko pasabideetan geletatik datozen txalo-hotsak entzutea, sari gisa, hizlariak bere diskurtsoa bukatu duen seinale. Edo ikaslea aulki baten gainean ikustea, adoretsu, lagunei bere “disdira minutua” eskainiz: norberak nahi duen bizitza-pasartea, mezua, istorioa konta dezake, baina minutu bakarrean!

Halaber, Alaitzen ohitura bihurtu da haur txikienak ere bere jostailurik preziatuenaren argazkia klasera eramatea, bere bertuteak zeintzuk diren besteei erakusteko. Koxkortu ahala, hitz landuagoekin egiten dute Ikusi-makusi-arena. Eta klasearen aurrean aurkezten dute bere familiako izenen jatorria. Zenbat kultura, herri eta hizkuntza ezberdin ezagutu ditugun bakoi-tzaren izen-abizenetatik abiatuta!

Horregatik, Alaitzen egunerokoak izaten dira ahozkotasuna lantzeko antzerki txikiak. Tonua, ahoskera, intonazioa hobetzeko, eta lotsa gainditzeko. Txikienek berriz, ginkana modura mandatuak egiten dituzte: Eskatu ieazaiozu hau atezainari, azaldu beste hauxe ondoko gelako lagunari… Maila ertainetan ere, ez da nahikoa asteburuan egindakoa kontatzearekin, “zer “ eta “nola” kontatuko dugun aintzat hartzen ez badute: buruan ideiak pilatzen zaizkigunean, hauek nola ordenatu eta aukeratu behar diren jakitea inportantea baita, eta kontakizuna ozen, argi, mantso eta labur egiten ikastea, guztiok uler dezagun.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan berriz, ahozko hizkuntzarako ariketak konplexuagoak bilakatzen dira, adituen bideo, gomendio, eredu eta guzti. Pizzaren diskurtsoaren teknika esaterako: borobil bat marraztu, eta lau zatitan banatu. Borobil osoa minutu batean kontatu beharreko gai nagusia bada, laurden bakoitzean banatu behar dute informazioa, 15 segundutan azaldu beharreko lau ideiatan egituratu. Horrela ikasten dute informazioa antolatzen eta narrazioa orekatzen. Bestetik ere, sandwich-aren feed-back teknika lantzen dute: oso ongi egindakoa, ongi dagoena eta hobetu beharrekoa bereizten duena.

Era berean, Alaitzen ez da batere arraroa ikaslea pantailaren beste aldean ikustea, etxean ingelesez landu duen speech-a aurkezten. Eta bada egunerokoa, ikasleen kanturik gogokoenez gozatzea, abestiaren edukiaz azalpenik “hunkigarriena” oparitu diezaguten. Eta inguruneko ikasgaian adibidez, lan-sektoreen berezitasunak hobeto ikasi ditugu ikasleek beren gurasoen ofizioak ahoz aurkeztu dituztenean!

Plangintza transbertsal eta orokor honen bitartez, urtez-urte, zaila dirudiena erraz barneratzen dute Alaitzeko ikasleek, pasadizo irrigarriak kontatuz, haien esperientziak partekatuz. Betiere, hiztegia, lokailuak, hitz-makuluak bereganatuz. Euskaraz aberastuz, finean. Eskolako ezagutzaz janztea ezinbestekoa baita, plazara ateratzeko.