Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) hainbat iker-tzailek elkarlanean antolatuta, Gatazkaren irakurketa feministak: fikzioak, diskurtsoak, errealitateak jardunaldia egingo da datorren maiatzaren 15ean, Iruñeko Katakrak gunean. Egun osoko jardunaldia izango da, goizeko 10.30ean hasi eta arratsaldeko 19.30ean amaituko dena.

“Azken urteetan mugimendu feministatik eta hainbat gizarte-diziplinatatik (antropologiatik, soziologiatik...) Euskal Herriko gatazka politiko eta armatuaren irakurketa feministak proposatu dira. Hainbat jardunaldi, topaketa eta ekitaldi izan dira horren lekuko”. Hala azaldu dute UEUko arduradunek. “Era berean, euskal literaturan ugaldu egin dira gatazka politikoaren irudikapenak, eta baita haien inguruko analisiak ere. Horrekin batera, irudikapen artistiko horien genero-irakurketak zein interpretazio feministak ere bidea egiten ari dira. Testuinguru horretan, gatazkaz diharduen euskal literaturaren irakurketa feministak eta gizarte zientzietatik egindako proposamenak eta irakurketak elkarrekin harremanetan jarri nahi ditu jardunaldi honek, gatazka politiko-armatuaren berrirakurketa feministan sakon-tzeko eta galdera berriak proposa-tzeko asmoz”.

Jardunaldia UEUren eta EHUren arteko lankidetzaz antolatu da, “Genero-identitateak eta diskurtso sozio-politikoen transmisioa euskal literaturan” ikerketa proiektuaren barruan.

Jardunaldian literatur ikerketetan, soziologian edo antropologian gatazka ikuspegi feministatik pentsa-tzen diharduten kritikari, ikerlari eta idazleek hartuko dute parte. Lau saio izango ditu jardunaldiak, goizean bi eta arratsaldean beste bi.

Gaian kokatzeko sarrera egingo du Ibon Egañak, eta ondoren, Eraldatzeak izenburuko lehen mahaian hizlari arituko dira Nerea Arruti, Mari Luz Esteban eta Iratxe Retolaza. Estebanek bere hitzartzean euskal kulturan nagusi izan den irakurketa epikoaren ordez bestelako ikuspegiak lantzearen alde egingo du, disidentziarako eskubidea aldarrikatuz, besteak beste. Retolazak euskal nobelagintzan gatazka politiko-armatuaz jardun duten lanen irakurketa proposatuko du, obra horietan dauden maskara-jolasei erreparatuta. Arrutik, berriz, irudimenaren urak hartuko ditu hizpide, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua-ko itsasoak eta Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberriko eraldatzea elkarrekin irakurriz.

Goizeko bigarren mahaian, Erregimenak eta erresistentziak izango dira hizpide, eta bertan literaturatik, antropologiatik eta soziologiatik irakurketa bana proposatuko dute Ibai Atutxak, Olatz Dañobeitiak, eta Onintza Odriozolak. Lehen urteetako ETAko emakumeen esperientziez jardungo du Odriozolak, 1958-1968 artean erakundean bertan eta bere inguruko mugimenduan edo harreman sarean militatu zuten emakumeen bizipenetatik abiatuta. Atutxak, berriz, Elsa Scheelen eta Egunero hasten delako eleberriak izango ditu aztergai, proposatuz eleberri horietan modernitate europarra kritikatu arren ez zaiola genero-zapalkun-tzari ihesbide literariorik ematen. Dañobeitiak, bestalde, 90eko hamarkadako ezker abertzaleko emakumeen esperientziak izango ditu hizpide antropologiatik, beren bizipenetan dauden genero erregimen ezberdinen arteko dantzak aztertuko ditu.

Arratsaldeko bi saioak literaturari eskainiak izango dira. Haietako lehenak Zeharkatzeak izenburua darama, eta Lorea Azpeitia, Amaia Serrano eta Ane Villagran ikerlariek hartuko dute parte. Euskal literaturako genero, obra eta egile zehatzei begira jarriko dira hiru kritikariak mahai honetan. Villagranek poesiari jarriko dio arreta, eta emakumeek idatzitako euskal olerkigintza garaikidean nolako gatazka-guneak dauden izango du aztergai. Serranok, bere aldetik, gatazka politikoaz erruz idatzi duen Jokin Muñoz idazlearen obra ikuspegi feministatik irakurtzeko proposamena egingo du. Azpeitiak, azkenik, Uxue Alberdiren Jenisjoplin nobelaren interpretazio bat proposatuko du, Nagore Vargas pertsonaia gatazka politikoek nola zeharkatzen duten eta harengan nolako nortasun-eraldaketa gauzatzen den aztertuz.

Jardunaldiaren azken saioa idazleen arteko mahai-ingurua izango da. Ibon Egañak moderatutako solasaldian gatazka politikoa eta indarkeria literaturara eraman duten hiru idazle ariko dira: Uxue Apaolaza, Itxaro Borda eta Eider Rodriguez. Gatazka politikoaren inguruan idazteaz, beren obrek izandako irakurketez, edo gatazkarekin lotutako imajinarioez jardungo dute, besteak beste.

10:30-10:45. Sarrera. Ibon Egaña Etxeberria, (UPV/EHUko irakaslea eta UEUko kidea

10:45-12:15. 1go mahaia: Eraldatzeak. Mari Luz Esteban Galarza (UPV/EHUko irakaslea) “Epikaren kontra, nekea desira bihurtu”; Iratxe Retolaza Gutierrez (Emagin elkarteko eta UEUko kidea) “Maskara-jolasak euskal nobelagintzan: gatazkei saiheska begira-tzeko kokapen literarioak”; eta Nerea Arruti Etxeberria (UPV/EHUko irakaslea) “Irudimenaren urak: Sarrionandiarengandik Alberdirengana”.

12:45-14:15. 2. mahaia: Erregimenak eta erresistentziak. Onintza Odriozola Irizar (EHUko irakaslea) “ETAko emakumeen testigantzak: erresistentziaren barruko erresistentzia (1958-1968)”; Ibai Atutxa (EHUko irakaslea eta UEUko kidea) “Gizon terribleak. Genero-fikzioak eta desira-lurraldeak 78ko erregimenaren atarian”; eta Olatz Dañobeitia Ceballos (EHUko ikerlaria), “90.hamarkadako ezker abertzaleko emakumeak, genero erregimen ezberdinen arteko dantzan”.

16:00-17:30. 3. mahaia: Zeharkatzeak. Ane Villagran Arrastoa (UPV/EHUko eta UBMko ikerlaria) “Gatazkaren (h)egiak. Gatazka-guneak emakumeek idatzitako olerkigintza garaikidean”; Amaia Serrano Mariezkurrena (UPV/EHUko irakaslea eta UEUko kidea) “Nafarroa, gatazka eta generoa bidegurutzean. Jokin Muñozen narratiba begirada feminista batetik”; eta Lorea Azpeitia Anta (UPV/EHUko ikerlaria) “Jenisjoplin, gatazka politikoek zeharkaturiko nortasun-eraldaketa bat”.

17:45-19:15. Mahai-ingurua: Idazleen ahotsak. Eider Rodriguez Martin, Uxue Apaolaza Larrea eta Itxaro Borda idazleak. Moderatzailea: Ibon Egaña Etxeberria.