guberrietako jaiek badituzte berezkoak diren zenbait elementu. Batzuk gustatuko zaizkigu, eta beste batzuk ez hainbeste, baina ia ezinezkoa da denei eskapu egitea. Saiatu zaitezkete, baina idazten duen honek amore eman zuen aspaldi mazapan baten aurrean.

Turroia ere oso tipikoa da urte garai honetan. Egia esan aurten ez ditut hainbeste iragarki ikusi honen inguruan, perfumeak tarte guztiak eramango zituen nonbait. Lehen izaten ziren sarriago gozoa jatera gonbida-tzen gintuzten segundo gutxitako gonbidapenak. Munduko turroi garestiena, edo gabonetan soilik etxera bueltatzen zenarena. Aurten bi iragarkiak batu zitzaketen, errege emerituaren irudiren bat atxikiz. Etxera bueltatu nahi omen du, eta garesti, garestiegi atera zaigu dagoeneko. Errege Demeritu deitzea otu zait, baina sekula ez da izan postu horretarako meriturik egin duenik, ez eta bozkarik jaso duenik ere. Hortxe erregeetako erroskoi borobila. Poltsikoa bete, oporraldi bat emirerrietan ekaitza baretu arte eta buelta. Eta gu, betiko sentsazioarekin. Tonto del haba.

Gabonetako gauza tipikoen artean, nire herrian behintzat gabon gauean garai bateko baserritarrez jantzita edo Urtezaharrean Xilbextre Deuna izerditu osteko poteoa nahiko berezkoak izaten dira. Aurreko eta ondorengo otorduetan nahikoa jan eta edana sartzen ez dugunez, badaezpada ere, errodaje pixka bat egiteko edo, sar ditzagun bi, hiru edo lau ardo, eta atera pikatzeko zerbait, aspaldi ez ginela hainbeste elkartzen eta. Aurten batzuk ezingo dira taberna barrura sartu, pasaporterik ezean. Aurrekoetan beste batzuk ez ginen sartu, lekurik ez zegoelako. Asko harritzen nau taberna zuloan ezin sartzeak sortu duen mugimenduak. Hobe esanda, harritzen nauena zera da, jendea sumintzeko arrazoia horixe bera izatea, tabernan ezin sartzea. Artaldeko ardi zintzo eta inozoak lasai egon gaitezen, txertoen aurkako borrokalari fin eta zentzudunak hotza pasa behar. Beste galdera bat ere badatorkit burura honen harira. Txertatu gabekoak arriskutsuak dira tabernan baina ez osasun zentroan edo lantokian?

Familian elkartzea ere ez da gauza erraza izango urte honetan. Iaz debekatua genuen, aurten oraindik ez, gomendio hutsean geratuko da ziur aski, baina kutsatu kopurua gora nola doan ikusita, zaila izango da mahai inguruan denak biltzea. Izan daitezela baja horiek behin behinekoak behintzat. Opariak elkar banatzea gauza polita da, baina birusa elkarbanatzea ez hainbeste. Familian ere debekatuko zaie sarrera ez txertatuei? Zenbait sendietan zisma ekarriko du honek? Baten batek hau jakinda ez zuen txertorik hartuko orduan, eta gerraren izenean, bakea.

Gogoratuko duzue, Olentzerok hasieran ez zuen inor behar begia gorritzeko, ez familia eta ez tabernarik ere. Kapoitxo bat eta ardo botilarekin aisa moldatzen zen. Maridomingiren konpainiak ona ekarri zion ordea. Konpainia eta parekidetasuna kolpe berean. Ez zegok gaizki, ikazkin! Aurtengo konfinatu eta baztertuek ere biziraungo dute, pena pixka batekin bada ere. Eta Maridomingiren behar handia sumatuz gero, gaur egun baditugu nahikoa baliabide elkar ikusi eta hitz egiteko, tartean distantzia badago ere.