Aurreko edizioetan bezala, 22. KORRIKArako AEK-k ikus-entzunezko bat ekoitzi egin du. Oraingo honetan Txakur Gorria sormen kolektiboak egindako lana izan da, eta Uhinak du izenburu. Dokumentala atzo aurkeztu zen Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, 22. KORRIKA hasiko den eskualdean.

Ikus-entzunezkoa emititu aurretik, Ane Labaka sormen kolektiboko kideak dokumentalak zertan datzan azaldu zuen. “KORRIKAren leloak bi zati dituen moduan (Hitz eta Ekin), geuk bi zati horietan bereizi dugu dokumentala”, aipatu zuen. “Hasteko, bederatzi lagunen hitzei esker beste hainbeste errealitate linguistiko eta emozional ezagutzeko aukera izango du ikusleak”, jarraitu zuen. “Ekiteari dagokion zatian, berriz, hitzek mundua eraikitzeko duten gaitasunaz hausnartzeko gonbita egingo zaio”, amaitu zuen.

Asier Amondo KORRIKA-ren arduradunak, bere aldetik, azpimarratu nahi izan zuen ikus-entzunezkoa Laudioko udalerrian aurkeztu zela, hau da, «Aiaraldean, 22. edizioari hasiera emango dion eskualdean». Izan ere, 22. KORRIKA Amurrion bertan hasiko da, martxoaren 31n.

Aurkezpenera hurbildu ziren, besteak beste, AEK-ko eledunak, Lorea Agirre kazetaria eta dokumentalean parte hartu duten hainbat lagun, Laboral Kutxako ordezkariak, eta Aiaraldeko euskaltegietako ikasle eta irakasleak.