san gabe doa gerrak ez duela ezer onik ekartzen, baina hala ere beti dago batenbat kontrakoan egoskortuta. Penitentziaren kontzeptuarekin lotu genezake hau. Mundu guztiak daki baten bizkarrean odola atera arte larrua kolpatzeak ez diola bekatuez garbitzea ekarriko, baina hala ere badira urtero horretan aritzen direnak. Bada gerrekin berdin, kaltea besterik ez du ekartzen, eta hala ere segi eta segi. Ahal bada parekoaren bizkarra izan dadila odoleztatua, hori bai.

Gerrak miseria ekartzen du, eta bide berdinetik miserableak loratzen dira. Polo batean leudeke miseria pairatzen dutenak, eta justu bestean miserableak. Miseriak betiko gajoek pairatuko dituzte. Etxetik alde egin behar, ahaideren bat atzean utzi, besteren bat betirako agurtu, urteetan zehar eraikitako bizitza proiektuak zabortegira bota, edo okerrago, hilobira. Miserableak aldiz, hortik kreditua ateratzen saiatuko direnak dira. Ez naiz ari eskaintza-eskari legeari interes pertsonal pixka bat gehitu eta lau pezta aterako dituen horretaz. Gustatu ala ez, gosea denean ogi barra eskutan duenak irabazteko abantaila du. Hor konpon bizilaguna estutzen duena bere patrika betetzeko. Kontzientzia garbitu dezala ahal duen moduan, bizkarra larrutuz, adibidez.

Miserable handienak gerra sortzen dutenak dira, piramidearen puntaren punta. Eztabaidarik ez horretan. Hauen azpian egongo dira egoeraz baliatuko direnak jendea engainatzeko. Bi aste ez dira pasa Ukrainiarrak euren etxebizitzak uzten hasi zirela heriotzetik ihesi eta dagoeneko inguruko herrialdeetako mugetan hasi dira emakumeak ehizatzen giza salerosketarako. Lan duin bat emango dietela agindu, daukaten guztia kendu eta Europako beste edozein herrialdetan jarriko dituzte prostituzioan. Inoiz ordaintzez bukatuko ez duten zor bat pagatzen. Horrela jokatzen duenak ez du absoluziorik topatuko bizitza honetan, eta sinestuna bada, penitentzia nahikorik sekula ez du egingo.

Maila apalagoan gure kaleetan ere hasiak omen dira Ukrainia diruz laguntzeko aitzakian iruzur egiten. Jendearen fede ona baliatuz lapurtzen, alegia. Hauek izango dira euren kontu korronteak betetzeko minbizia duten haurren argazkiak erabiltzen dituzten horiek berak. Karma eta horrelakoetan sinisten duten horietakoa banintz, hauentzat ere ez legoke zigor handiegirik.

Miseria eta miserableen artetik urrunegi joan gabe, maltzurkeria onartuago bat ere bizi dugu egunerokoan. Gerraren aitzakian beldurra, eta beldurraren aitzakian prezioak gora. Eta azkenean, gizontxo batek har litzakeen erabakien baitan, mundu osoko ekonomia dantzan. Eta honekin batera, gure poltsikoak dantzan ere, baina gero eta alaitasun gutxiagorekin. Egidazue kasu, aberastu nahiko bazenute ahaztu bitcoina eta sartu dirua petroleoan. Berdin du munduak zein norabide hartzen duen, autoko depositua betetzea beti dela aurrekoan baina garestiagoa. Miseria guretzat eta miserableak aberats.