Patxi Larrainzar Arrotxapea auzoan kokatua dagoen Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa da eta hiru bereizgarri nagusi ditu. Auzune hau hiriko ai-tzinetakoa da eta berriki arte nagusi izan dira baratzak, fabrika eta tailerrak, etxebizitzekin batera. 1992. urtean martxan hasi zen Arrotxapeako Plan Partziala, Iruñeko HAPOren barrenean (Hirigintzaren Antolamendurako Plan Orokorra), eta haren ondorioz ingurune fisikoak aldaketa nabarmenak jaso ditu: lehen etxebizitza gehienak Marcelo Celayeta etorbidearen ertzetan biltzen ziren eta gainerakoa, bizitza multzo batzuk izan ezik, baratzeak, tailerrak eta fabrikak ziren. Egun berriz, dena urbanizatuta dago. Karrika eta etorbide berriak sortu dituzte eta ehundaka eraiki dira.

Alde batetik, eskola publikoa da, plurala eta guztientzako irekia. Bestetik, hasiera-hasieratik saiatu izan da auzoko izaera eta giro sozialarekin bat egiten; alegia, auzoko zerbitzu bat izaten eta bertako biztanleriarekin lotura, elkarlana eta konpromisoa bultzatzen. Azkenik, D ereduko eskola denez gero, auzoan euskaraz murgiltzeko aukera ematen duen ikastetxe bakarra da eta euskaraz bizitzeko apustu sendoa egiten duena.

Orain dela 25 urte sortutakoa da, guraso talde batek izandako ilusio eta kemenari esker, eta oztopoz betetako bidea gainditu ondoren, abian jarri zen eskola proiektua.

Mende laurden hau betetzean, bizitutako joan-etorri asko datozkigu burura, horien artean zenbait atsekabe, baina guztien gainetik poza eta ilusioa. Ikasle talde txiki hark gure eskolari hasiera eman zionetik gauzak asko aldatu dira. Urteak pasatu ahala, ikastetxea handitzen eta egonkortzen joan da. Gaur egun ongi errotua, sendoa eta duina dela esan dezakegu, eta modu esanguratsuan lagundu du auzoa euskaldunagoa egiten. Gure eskola, 25 urte hauetan, ikasleekin ezagutzak euskaraz partekatzeaz gain, beste alderdi garrantzitsu batzuk lantzen ere saiatu da; hala nola, elkarrekin jolasten, amets egiten, barre egiten, ilusioa izaten ...

Gaur egungo egoera ulertzeko atzera begiratzea ezinbestekoa da. Oso harro gaude bide luze honetan pertsona aunitzek hasierako ilusio hura gauzatzeko egin duten lan handiagatik, eta hori aipatzekoa eta eskertzekoa da benetan! Eskerrik asko ikasle izan zinetenei eta orain zaretenei, hots, eskolaren biziaren lekuko zaretenei, zuen konfiantza eta laguntzagatik. Arrotxapear guztientzako eskola eraikitzeko lanean hasi ziren haiei esker mila bihotzez, eta mila-mila esker ere gaur egun tinko lan horretan jarraitzen duzuen guztiei! Zalantzarik gabe, mende laurden bat betetzea berri ona dela uste dugu, ospatzea merezi duena! Urte berezi honetan ikastetxearekin lotura izan duten pertsonak eta auzoko biztanleak ospakizunetara hurbiltzea nahiko genuke. Ateak guztientzako daude irekiak! Patxi Larrainzar aurrera! ZORIONAK GUZTIEI!