- UEUren Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten eta edizio berezia izango da. Udako Euskal Unibertsitateak 22 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Iruñean bi jardunaldi eta lau ikastaro eskainiko ditu. Horretaz gain, ekainean Euskal Herriko ia hiriburu guztietan UEUfestak prestatu dituzte. Ekainaren 7an egingo dute Iruñean, Laban.

Iruñean eskainiko diren jardunaldiak ekainaren 27an eta 28an izango dira, Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak atzo erakundeak Iruñean eskainitako aurkezpenean azaldu moduan. Ekainaren 27an Elhuyarrekin #ElkarEkin zientziaren balioak egi-ostearen garaietan aztertuko dira. Ekainaren 28an, berriz, lurralde eko-euskaldun eta euskal-feministarik ba ote dagoen aztertuko da UEMA eta Kontseiluarekin antolatu den jardunaldian. “Bertan, etorkizunerako hirigintza eta lurralde antolaketa euskaldun, ekologiko, feminista eta sozialago batera trantsitatzeko bidea elkarrekin egiteko lehen pausuak eman nahi ditugu”. Bi jardunaldiak Katakraken egingo dira. Ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan, jardunaldi hauen matrikula 10 eurokoa izango da, Kochek argitu bezala.

Jardunaldiekin batera, UEU-k Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean prestatu dituen ikastaroak ere emango dira, azkeneko urteetako lan hildoari jarraituz, udako UEUren egoi-tza iraunkorra izendatua izan zen Ezpeleta jauregian. Lehentasuna izango dute hezkuntza graduko ikasle nafarrek eta doan dira. “Oso pozik gaude UEUk azken urte hauetan Nafarroan egiten ari den lanarekin eta batez ere Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko departamenduarekin egiten ari garen elkarlan emankorrarekin”, borobildu zuen erakundearen Nafarroako arduradunak.

Ikastaro zein jardunaldietan izena emateko epea jadanik irekita dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago arte egin ahal izango da matrikula. Ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan, jardunaldi guztiek 10 euroko prezioa izango dute.

Hain zuzen duela mende erdi eman zituen bere lehenengo urratsak Udako Euskal Unibertsitateak, atzokoan UEUko zuzendari Kepa Sarasolak gogoratu zuen moduan. “Ordutik, Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin udako beraien hitzordura. Euskara badabil unibertsitateko gaietan, eta hori da gure garaipena”.

Aurten, beraz, badauka zer ospatu UEUk. Ekainean zehar prestatu dituzten UEUfestak aurkeztu zituen atzokoan UEUko bazkide Xabi Lozanok. “Unibertsitate munduan askotan ekitaldiak oso seriotik egiten dira gauzak, eta nahiz eta horrelakoak ere egin behar diren, UEUren izaera gertukoa eta herrikoia islatzen duen zerbait egin nahi genuen. Elkartu, ospatu eta UEUko komunitatea omentzeko ekitaldi bat”. Hala, ikertzaile gazteen mikro-hitzaldiak, bertsoak, musika, zizka-mizkak eta “sorpresaren bat gehiago” ere izango dira. Iruñean, ekainaren 7an izango da UEUfestsa, Laban, arratsaldeko 18:00etan. Lozanok eta Kochek aurkeztuko dute ekitaldia, eta Irati Majuelo, Nerea Blanco, Imanol Picallo, Aroia Burguete eta Ilazki Anaut ikergazteek parte hartuko dute, Natxo Irigoien arituko da ikertzaile beterano bezala, eta Abereh musikariak jarriko dio erritmoa ekitaldiari.

Euskal Herria zehar ere UEUfesta gehiago eskainiko dira: ekainaren 1ean Eibarren, ekainaren 2an Donostian, ekainaren 9an Bilbon, ekainaren 15ean Gasteizen eta ekainaren 16an Baionan. Ekitaldi hauetan parte hartu nahi duenak komunikazioa@ueu.eus helbidera bidali dezake. l

l Sei ikastaro Iruñean. Horietako bi Katakraken izanen dira, eta gainontzeko laurak, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean antolatutakoak, Ezpeleta Jauregian. Ikastaro guztiak ekainaren 27tik 29ra bitartean izanen dira.

l Izen-ematea, dagoeneko zabalik. www.ueu.eus.