iruñea - Dantza, tradizionala zein garaikidea, eta antzerkia eskutik joango dira bihar arratsaldean Iruñeko Gayarre antzokiko eszenatokian, Itsasoaren Emazteak ikuskizunaren eskutik. Oinkari Dantza Taldeak eta Hika Teatroak elkarlanean sortutako bigarren lan hau 19.00etan eskainiko da eta, izenburuak dioen bezala, itsasoari lotuta, portuetan sareak josten aritzen ziren emakumeak ditu hizpide eta inspirazio iturri. Atzo Gayarre Antzokian Oinkari Dantza Taldeko Yolanda Bustillo eta Alazne Etxeberria ekoizleek azaldu moduan, ikuskizunak “%30 antzerkitik eta %70 dan-tzatik du”. 50 pertsonako dantza taldeak eskainiko dituen eskenak Miren Gojenola eta antzezlanaren zuzendari ere baden Agurtzane Intxaurragak gorpuztutako bi pertsonaien kontakizunekin josten joango da.

Aipatu beharra dago biharko ikuskizunean, eta euskaraz ez dakiten ikusleak erakartze aldera, ikuskizuna goitituluen bitartez gaztelerara itzulita egongo dela. “Gayarre Antzokitik proposatu ziguten an-tzerkia den ikuskizunaren eduki hori gaztelerara ere itzultzea, eta ideia oso ona iruditu zitzaigun”, azaldu zuen atzo Etxeberriak. “Musika eta dantzaren bitartez istorioa bera jarraitu eta ulertu daitekeen arren, testuaren alderdia gehigarri bat da, baliagarria dudarik gabe”, zehaztu zuen Bustillok.

Euskal dantza tradizionala oinarri-tzat hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzalen emazteen bizipenak izango dira ikuskizunaren funtsa. Aipatu dantzari eta aktoreez aparte, taula gainean lau musikari ere arituko dira zuzenean. Etxeberriak atzokoan aipatzen zuen bezala, “zuzeneko musikak, bestelako soinuekin batera, itsasoraino garraiatzen du ikuslea”. Gojenola eta Intxaurragaren pertsonaiak izango dira kontakizunaren gidari eta protagonista, beraien bizipenak izango dira emakume guzti horien istorioa, berezia eta berdina, aldi berean, kontatzeko bidea.

Dantza, tradiziotik aro garaikidera Koreografiaren sorkuntzan Jon Maiak zuzentzen duen Kukai Dantza Taldeak pisu handia izan du. Izan ere, bertako kideek sortutakoa izan da bai dantzaren alderdi tradizionala bai koreografia garaikideagoak, Maider Oiartzabal dantzariaren eskutik joan direnak. Denetara, 14 urtetatik 35 urteetara bitartean mugitzen diren 50 dantzari baino gehiagok parte hartzen dute, gehiengoak emakumeak.

Hitzordua. Gayarre Antzokian, bihar, 19.00etan.

Sarrerak. 17, 13 eta 8 eurotan. Gazteleraz itzulitako saioa. Ikuskizuna euskaraz den arren, testu guztia gaztelerazko goi-tituluekin ikusiko da.